Ekain Ibarguren: "Beste zirku batzuetan ikusten ez den familia osatu dugu"

Jabi Gonzalez Toston 2023ko abu. 17a, 11:45

Ekain Ibarguren, Gure Zirkuko pailazoa. (Utzitakoa)

Gure Zirkuak Orion urtero abuztuan egiten duen egonaldiaren erdia gauzatu du jada. Hileko lehenengo asteburuarekin 700 emanaldi bete zituzten, eta Ekain Ibarguren (Azpeitia, 1996) pailazoa milagarrenera ere iritsiko direlakoan da.

700 emanalditik gora eskaini ditu Gure Zirkuak jada. Bidea hasi zenutenean pentsatzen al zenuten honaino irits zitekeenik proiektua?

Lehenengo biran ez dakit zenbat emanaldi eskainiko genituen, baina jarraitu egin genuenez, eta urtetik urtera emanaldiak gehitzen joan zirenez, 300era iritsi ginen. Orduan geure buruari zera esan genion: "Ostras, hau bada zerbait". Urtero martxa ona izan dugula ikusita, beraz, ez gaitu harritu 700. emanaldira iristeak. Era berean, honaino iritsi garela ikusita, milagarrenera iritsiko garelakoan gaude; ea hala den.

Proiektua oso sendo ikusten duzue oraindik, beraz?

Esan bezala, urteroko martxa hartu dugu, eta badakigu aurtengo bira amaitutakoan datorrenerako gauzak prestatzen hasiko garela. Horregatik, beti izaten gara beste bira baten esperoan.

Saioa birpentsatu egiten duzue eta beste forma bat ematen diozue urtetik urtera, ezta?

Egungo saioak ez dira hasierakoen modukoak. Urtero egiten dugu berritasunen bat sartzeko ahalegina, bai. Gainera, esango nuke, aurrekoekin alderatuta, gehien aldatu den ikuskizuna dela aurtengoa. Ez du iazkoarekin zer ikusirik. Dena den, egia da pailazoen esketxetan-eta txiste batzuk beti sartzen ditugula, oso ondo funtzionatzen dutelako. Niri dagokidanez, oso zaila da urtetik urtera malabarismoen ikuskizun berria sortzea. Horregatik, ariketak antzekoak izaten dira beti; horiek saltzeko modua da aldatzen duguna. Funtsean, edukia bera da, baina beste era batera eskainita, forma aldatuta.

Taldea bera ere aldatuko zen urte hauetan guztietan. Kide berriak batu, hasierako batzuek utzi...

Bai. Oraindik bagaude hasiera-hasieratik eusten diogunak, baina bide honetan izan dira beste lan konpromiso batzuengatik edo bestelako arrazoiengatik Gure Zirkua uztea erabaki dutenak. Bizi eredu hau gogorregia egiten zaielako utzi dute batzuek, adibidez. Aldi berean, jende berria ere batu zaigu taldera, noski; aurten, esaterako, Lur Aranburu bihurrikaria. Artista hasiberria da, 19 urte besterik ez ditu, eta indartsu sartu da, daukan dena ematen ari da.

Zentzu horretan, adin askotako artistak osatzen duzue Gure Zirkua: ibilbide luzea dutenak batzuk, eta hasten ari direnak, besteak. Horrek ba al du eraginik zuen arteko harremanetan?

Musikariak urte askoan jotzen ibilitakoak dira, Iker [Galartza] eta Joseba [Usabiaga] ere aski ezagunak dira telebistan eta antzerkigintzan egin duten ibilbideagatik, eta Las Vegasen urte asko pasatu dituen eta Cirque du Soleil zirku ezagunean aritutakoa den beste artista bat ere badugu taldean. Beste batzuok esperientzia gutxiago dugu horien aldean, baina familia handi bat osatu dugu guztion artean. Iritzi eta zaletasun desberdinak ditugu, baina oso ondo konpontzen gara, eta uste dut kanpotik ere antzeman egiten dela hori. Elkarrekin bizi gara, eta batera eta bestera ere elkarrekin joaten gara. Oriotarrek ondo dakite hori.

Hastapenetan oihartzun handia lortu zuen Gure Zirkuak. Orain, akaso, zertxobait apaldu bada ere, jende asko erakartzen jarraitzen duzue. Nola lortzen duzue hori?

Jende askok urteroko ohitura bezala hartu du Gure Zirkura joatea. Oriora etorri, Xixario erretegian bazkaldu adibidez, eta gero, zirkura. Publiko fidela dugu, eta badira Oriora etorri beharrean, etxetik urrun egiten ditugun saioak ikustera joaten direnak ere. Aurten, Maulen hasi genuen bira, eta Hego Euskal Herriko ikusle ugari etorri zitzaizkigun.

Uste dut publikoaren maitasuna lortu dugula, eta jendea kontziente dela zirkuari eusteko egiten dugun esfortzuaz. Hilabeteak egiten ditugu karabanetan eta zirkuan bertan bizitzen, eta elurteren bat edo beste ere tokatu zaigu, maiatzean hasi eta abendura artekoa baita denboraldia. Abuztuan Orion egiten dugu hilabeteko egonaldia, eta Gabonetan Tolosan izaten gara. Jendeak badaki zeinen gogorra den bizimodu hori, eta, hala ere, saio bakoitzean benetakoa den alaitasuna transmititzeak bete egiten dituela uste dut. Esango nuke lehen aipatutako familia hori garela ikusi egiten dutela Gure Zirkuan, beste zirku batzuetan ikusi ez dutena.

Aurtengo uda ere aurrekoak bezain arrakastatsua izaten ari al da?

Denetarik izan dugu. Ikusle gehiago edo gutxiago, baina beti agertu dira esker oneko. Euskara gutxiago hitz egiten den eremuetan, esaterako, zailagoa da zirkua betetzea. Hala ere, gerturatzen direnek berdin-berdin gozatzen dute, nahiz eta guztia ulertzeko gai ez izan.

Lehen aipatu duzun Orioko abuztuko egonaldia hitzordu finkoa bilakatu da Gure Zirkuarentzat. Zergatik?

Hainbat hilabetez herriz herri ibili ondoren, eskertu egiten dugu gelditzea, eta behar izaten dugu toki batean denbora gehiagoz egotea; izan ere, zirkuan gurekin bizi diren hamahiru edo hamalau ume ditugu, artisten seme-alabak. Gainera, urteen poderioz, Orion beste lagun kuadrilla edo familia bat ere sortu dugu bertako jendearekin, eta txikiek ere lagunak dituzte bertan. Ondorioz, lana egiteari utzi gabe, beste martxa batean aritzen gara, lasaiago eta mendiaz eta hondartzaz gozatuz.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide