Zorione Mendez: "Arte klasista atzean utzi nahi dugu, herritar guztien eskura jartzeko"

Aiora LarraƱaga Solaberrieta 2023ko abu. 2a, 12:54

(Arnaitz Rubio Aprea)

Haurrei eta gazteei zuzendutako arte eta sormen tailerrak eskainiko ditu Zorione Mendezek (Orio, 1988) ikasturte berrian Orion, eta proiektuaren xehetasunak azaldu ditu.

Proiektu berria abiatuko duzu Orion. Zein izango da helburua?

Herriko 6 eta 16 urte bitarteko haur eta gazteei sormena landuz ondo pasatzeko aukera eskaini nahi diet. Sormena landuko dugu teknika berriak ikasiz eta hausnarketak eginez, bakarkako nahiz taldeko lanen bidez. Hala ere, niretzat proiektuaren indargunea aniztasuna da. Askotan artea ez dago herritar guztien eskura, garestiak izaten direlako antzerkirako edo museoetarako sarrerak edo eskolaz kanpoko arte tailerrak. Hala, arte klasista hori atzean utzi nahi dugu, arte herritarragoa sortzeko eta oriotar guztien eskura jartzeko. Tailerretan askotan sentitu izan dut familiaren gaitasun ekonomikoak sortzen duela bereizketa bat; haur batzuk eskolaz kanpoko jarduera mordoa izaten dituzte eta besteek gutxi. Ikasturte berrian martxan jarriko duguna, ordea, udalak diruz lagundutako proiektua izanik, behar handiena duten familietako haurrek ere parte hartzeko aukera izango dute, eta benetan pozik nago. 

Nola sortu zitzaizun egitasmoa martxan jartzeko aukera?

Artisau azoka egin zen maiatzean Orion, eta postua jarri nuen nire lanak erakusteko. Anuska Esnal alkatea gerturatu zitzaidan, eta esku artean nituen proiektuen inguruan berriketan aritu ginen. Aurrerago hitz egitekotan geratu ginen; bildu ginenean udalak proposatu zidan artea eta sormena lantzeko tailerrak abiatzea, udalak diruz lagunduta eta Orioko Herri Ikastolarekin eta Zaragueta Herri Eskolarekin elkarlanean.  

Sormenaren arloa oso zabala da. Zer egingo duzue, zehazki, tailerrean?

Saioak urritik ekainera bitartean izango dira, astelehenetik ostegunera; ordu eta erdiko saio bana egingo dugu arratsaldeetan. Eskaintzari dagokionez, bi aukera izango dira. Alde batetik, arte plastikoak lantzeko tailerrak emango ditut, eta horietan  marrazketa, pintura, eskultura, serigrafia eta grabatua jorratuko ditugu. Saio horiek adin tarteka banatuko ditugu. Bestetik, gorputz adierazpena lantzeko tailerrak ere eskainiko ditut. Antzerkia eta dantza landuko ditugu batez ere, eta gorputz adierazpenaz gain, antzezlan bat egiteko eman behar diren pauso guztietan trebatuko gara: hasierako ideia eta gaia zehaztu, gidoia idatzi, interpretazio arloa landu eta jantziak nahiz atrezzoa sortu, bigarren eskuko arropak aprobetxatuz.

Gorputz adierazpena lantzeko saioek aukera asko eskaintzen dituzte, beraz?

Bai, gainera, ikasleak oso ohituta daude adin tarteka funtzionatzera eta adin antzekoa dutenen artean izaten dute harremana; kosta egiten zaie, ordea, inguru horretatik kanpo daudenekin hitz egitea, ez baitira eroso sentitzen. Horregatik, oso interesgarria iruditzen zait adin desberdinetako haurrak eta gazteak biltzea eta denen artean proiektu bat sortzea. Bizitzan ere polita da mota guztietako jendearekin tratua izatea eta elkar aberastea. Adibidez, herri txikietan tailerrak ematen ditudanean, konturatzen naiz haurrak eta gazteak ohituta daudela adin desberdina dutenekin harremana izatera eta elkarrekin lan egitera; elkar errespetatzen dira eta dinamika bereziak sortzen dira. Hori lortu nahi dut Orion ere.

Herriko haur eta gazte guztiei irekita al daude saioak?

Bai, herriko bi ikastetxeetan emango ditugu, baina taldeetan bi eskoletako ikasleak nahiz beste herrietan ikasten dutenak elkarrekin arituko dira. Oraindik zehazteko badago ere, nire asmoa da lehen bost hilabeteetan saioak Ikastolan eskaintzea, eta azken lau hilabeteetan Zaragueta Eskolan. Izan ere, iruditzen zait udaberri partean, martxotik aurrera, kalean lan egiteko eguraldi atseginagoa izango dela eta hondartza aldean egoteak aukera asko emango dizkigula.

Lehen ere haurrekin eta gaztetxoekin lanean jardundakoa zara. Zer moduzko harrera izaten dute sormen tailerrek?

Haur eta gazteen artean harrera ona izaten dute, baina helduen artean ez horrenbeste. Izan ere, artea eta sormena ez dira gehiegi baloratzen gizartean, haurren denbora-pasa direla pentsatzen dutelako askok. Hala ere, gaiaz hausnartuz gero, konturatuko gara sormenarekin lortutako adierazpenak kenduz gero, bizitza oso iluna izango litzatekeela, musikarik, kolorerik eta dantzarik gabeko bizitza, alegia. Gainera, uste dut balioa eman behar zaiola sormena lantzeak izan dezakeen alderdi mesedegarriari, autoestimuan eragin oso positiboa duelako. 

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide