Itsasoaren zirrimarrak mihisean

Maria Maya Manterola 2023ko uzt. 28a, 09:35

Nerea Badiola bere tailerrean, Islandiatik itzuli ondoren egindako koadro bat eskuetan. (Utzitakoa)

Itsasoaren korronteak imitatzen ditu Nerea Badiolaren eskuak pintzelarekin. Tamaina handiko koadroak egiten ditu akrilikoz, eta lehenbizikoz ikusgai da haren bilduma, Lukas ardotegian. 

Ondarroarra (Bizkaia) izatez, Zarauzko bizilaguna eta Orion arraunean aritutakoa da Nerea Badiola. Itsasoarekiko lotura estua izan du betidanik, eta haren margo bizietan islatzen da korronteen mugimendua. Lehenbizikoz lanak jendaurrean jarri ditu ikusgai, Zarauzko Lukas ardotegian. Abuztuaren erdialdera bitarte ikusi ahal izango da Badiolak sortutako lanen bilduma.
Zeramikazko piezen erakusketa bat bisitatzen ari zela sortu zitzaion Badiolari bere lanak Lukas ardotegian erakusteko aukera. "Ez zekiten koadroak egiten nituela, eta orduan lotu nuen erakusketa". 

Txikitan margotzen ikasteko ikastaroetan parte hartu bazuen ere, bere kabuz ikasi du Badiolak mihise gainean akrilikoarekin marrazten. "Beti gustatu izan zaizkit artea, margotzea, tatuajeak...", aitortu du margolariak. Sortutako lanak berarentzako eta ingurukoentzako egiten zituen hasiera batean; Badiolaren ustez, haren lanen argitasuna eta bizitasuna zen gehien gustatzen zitzaiena. Sortzailearen erosle gehienek koadro bertsuen bildumak erosten dituzte, "dinamika berari" jarraitzen diotelako: "Apartamentuak dauzkan jendeak, esaterako, leku bakoitzean estilo bereko koadroak jartzeko erosten ditu".

Nolanahi ere, Badiolak ez zituen koadroak saltzeko sortu hasiera batean. "Neure buruarentzako eta ingurukoentzako hasi nintzen margotzen, eta hortik aurrera, gainerakoei ere gustatzen bazaizkie, bada, oso ondo". "Ingurua janzten duten koadroak" dira Badiolari gehien gustatzen zaizkionak. "Egongela eder bat bete dezake koadro handi batek", dio. 

Laborategiko langilea da, sortzaile izateaz gain. Lan orduetatik kanpo duen denbora librea baliatzen du tamaina handiko lan abstraktu horiek sortzeko. Zeramikazko piezak egiten ere aritzen da, eta "ahal duen denbora" eskaintzen dio margogintzari. "Asko lasaitzen" du trazuak, baita kolore desberdinak nahastu eta sortzeak ere. 

Larunbat, igande eta jaiegunetan margotzen du, batik bat, eta Zarautzen bizi arren, haren jaioterria den Ondarroan egiten du gehienbat: "Nire lagun batek utzitako txokoan izaten naiz margotzen Ondarroan, espazioagatik, batez ere". 

Kolore urdina da nagusi haren margo gehienetan, baina margolariak azaldutakoaren arabera, salduta ditu horiek, eta askotariko lanak dira Lukas ardotegian ikusgai daudenak. Guztira, tamaina handiko bederatzi lan dira. 

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide