IRITZIA

Mende laurdeneko muga pasatuta

Txurrumuski aisialdi taldea 2024ko abu. 12a, 09:00

Txurrumuskiko udalekuetan, urarekin jolasean haurrak eta begiraleak artxiboko irudian.

Txurrumuski aisialdi taldeko kideek idatzi dute Aia Orio Guka aldizkariaren uztaileko zenbakiko Akuilua Hartuta atalean, eta hainbat hausnarketarekin batera, laguntasunaren kontzeptua nabarmendu dute: "Ez gara soilik talde bat: parranda egiteko edo kafe bat hartzeko lagun taldea ere bagara".

Kaixo, kaixo! Jada 26 urte pasatu dira zenbait herritar ekintzailek Txurrumuski K.A.G.E sortu zutenetik eta, gaur egun, hogei gazte inguru gabiltza haiengandik jasotako balioak datozen belaunaldiei transmititu nahian.

Gure elkarteak, funtsean, modu boluntarioan funtzionatzen du. Ikasturtean zehar, irailetik ekainera, lan kargaren eta ekintzen arabera, astero edo bi astean behin elkartzen gara kideok. Gure ekintza famatuenak udan egiten ditugunak dira: alde batetik, uztaileko Udaleku Irekiak ditugu (HH2tik LH6ra); eta bestetik, abuztuko Gazte Abenturak (LH3tik LH6ra). Antolatzen ditugun udaleku horietan gero eta haur gehiago izaten ditugu, eta aurten, inoiz baino gehiago; 310 haur inguru.

25 urtez egindako lana egiten jarraitu behar dugu, eta horretarako, hurrengo belaunaldietako gazteei gonbita egiten diegu taldearen funtzionamendua ezagutzeko eta bertako kide izateko

Hala eta guztiz ere, Txurrumuskirena udako lana baino gehiago da; Txurrukako egonaldia, Gau Beltza, Gabonetako ekintzak, Euskararen Eguna, Txurrudiskoteka… Gero eta parte hartze handiagoa daukagu herrian, eta eskertzekoa da konfiantza hori. Bete-betean sartuta gaude Txalupan proiektuan, hainbat eratako arrazoiengatik zaurgarritasun egoeran dauden haurrek ere aisialdiaz gozatzeko sortutako proiektuan, eta baita hezkuntza, kultur eta hezkidetza mahaietan, festetako antolaketa lanetan eta hain beharrezkoak diren beste hainbat proiektutan ere. Ikusiko duzuen moduan, ikusten ez den lan asko dago atzean. Talde herrikoia garen heinean, gure kabuz antolatzen ditugun ekintzez gain, urte guztian zehar, udalarekin harreman estua mantentzen dugu, eta duela gutxi hitzarmena ere sinatu dugu.

Azken urteetan, aldaketa nabariak sumatu ditugu gurasoen, haurren eta udalaren partetik. Haurrei dagokienez, hizkuntzaren esparruan izan duten aldaketa nabaria da, gaztelianarako joera handiagoa baitute gaur egun haurrek eta gurasoek. Hori aldatzeko, guk gure aldetik indarra egitea ez da nahikoa, ardura guztia gure gain hartuz, erreferente nagusiak etxean baitituzte haurrek. Bestalde, lehen exijentzia gutxiago sentitzen zuen taldeak, egin beharreko gauzetarako askatasun handiagoa eta denbora gehiago edukitzen zuen. Adierazi dugun moduan, leku askotan gaude, gero eta lan karga handiagoa eta ardura gehiago ditugu, baina talde guztiz boluntarioa garenez, urte batetik bestera hogei gazte izatetik hamar izatera pasatu gintezke. Atzetik egiten dugun lana handia da, eta herriaren esker ona eta konfiantza besarkatzekoa besterik ez da.

Txurrumuski ez da soilik elkarte bat: parranda egiteko edo kafe bat hartzeko lagun taldea ere bada. Orioko herriak duen harribitxi preziatua da Txurrumuski, beste herrietan ez dago halakorik eta zaindu egin behar dugu, ez soilik osatzen dugun taldekideon artean, baita herriak eta herritarrok ere.

25 urtez egindako lana egiten jarraitu behar dugu, eta horretarako, hurrengo belaunaldietako gazteei gonbita egiten diegu taldearen funtzionamendua ezagutzeko eta bertako kide izateko. Azken finean, herritik eta herriarentzat sorturiko elkartea baita Txurrumuski.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide