Borja Antia: "Txikitan euskara lapurtu zidatela sumatzen nuen"

Jabier Zabaleta 2023ko uzt. 23a, 10:15

Borja Antia Orioko AEK Euskaltegiko ikaslea. (Jabier Zabaleta)

Euskara ikasleek egiten duten ahalegina aitortzeko, euskaltegiko ikasleei egindako elkarrizketak argitaratuko ditu Karkara aldizkariak hilabetero, urtea amaitu bitartean, Orioko Udaleko Euskara sailarekin eta Orioko AEK Euskaltegiarekin elkarlanean. Honakoa maiatzeko aldizkarian Borja Antia Agirreri egindako elkarrizketa da.

Borja Antia Agirre Zumarragan jaio zen, orain dela 60 urte, baina 21 urte daramatza Orion bizitzen eta hemen antolatu du bizimodua, gustura. Txikitan ez zuen aukerarik izan euskara ikasteko eta, gaur egun, Orioko euskaltegian dabil, B1 mailako ikastaroa egiten. Azterketaren bezperatan harrapatu du KARKARAk, euskararen inguruan hitz egiteko.

Zumarragan, txikitan, ez omen zenuen euskararik ikasi…

Ez. Aitak bazekien euskaraz, baina amak ez, eta familiako hizkuntza, orduko giro hartan, gaztelania zen erabat. Eskolan eta kalean ere erdaraz egiten genuen. Nagusitutakoan hasi nintzen euskara lantzen. Santander bankuan nenbilen lanean, Hernanin, eta hango euskaltegian apuntatu nintzen. Ordu asko egiten genituen lanean, eta zaila zen euskaltegirako denbora hartzea, baina gustura ibili nintzen. Gero, laneko kontuengatik, utzi egin behar izan nion. Orain, jubilatutakoan, berriro heldu diot, eta pozik nabil: B1 mailako ahozko azterketa egingo dut hilaren bukaeran eta, titulua atera ala ez, datorren ikasturtean ere segitzeko asmoa daukat. Poliki-poliki, baina lortu nahi dut euskaldunon taldekoa izatea.

Zerk bultzatuta hasi zinen euskara ikasten?

Gaztetan, nire identitatearen zati bat mutilatu zidatela sentitzen nuen. Ni hemengoa naiz, euskaldun sentitzen naiz; aitak euskaraz bazekien eta, niri, berriz, euskara jakin gabe, zerbait falta zitzaidala sumatzen nuen. Gorputzeko zati bat faltako balitzait bezala. Euskara lapurtu zidatela sumatzen nuen, nire izaeraren parte garrantzizko bat.

Bestalde, Orion 21 urte egin ditut dagoeneko —nire alaba oriotarra da, hemen jaioa— eta, denbora horretan, garbi ikusten nuen ez nintzela iristen herriko bizimoduan guztiz sartzera, euskara falta zitzaidalako. Orion euskaraz egiten dira gauza asko eta asko, eta nik galdu egiten nituen: ekitaldiak, kartelak, bertso-saioak, kantak, herriko aldizkari hauxe bera… Urte askotan ez naiz gauza izan aldizkariaren edukiak ulertzeko; argazkiak-eta ikustearekin konformatu behar nuen. Gauza inportante asko galtzen nituela sumatzen nuen, eta horregatik erabaki nuen euskaltegian izena ematea. Iaz nire kasa ikasten hasi nintzen, autoikaskuntza-saioen bidez, eta aurten B1 mailako talde batean ibili naiz eta Mintzalagun programan ere izena eman dut.

Zaila izaten ari da ikasteko prozesua? Zer eman dizu?

Zaila da eta denbora eskatzen du, baina oso gustura nabil eta ari naiz aurreratzen. Talde polita juntatu gara eta giro onean gabiltza, bakoitza bere erritmoan. Euskara ikasteak aukera ematen dit herriko martxaren berri hobeto jakiteko. Orion jende gehienak egiten du euskaraz, eta niri oraindik kostatu egiten zait, baina joango naiz, pixkana-pixkana, giro horretan sartzen eta gero eta gehiago eta jende gehiagorekin egiten.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide