Xanti Peiro: "Garaipena lortzeko sentipen horrekin aurkeztu nintzen bisiguaren lehiaketara"

Aritz Mutiozabal eta Andrea Zipitria 2023ko uzt. 17a, 12:52

Xanti Peiro eta Lourdes Salsamendi garaikurra hartu ondoren.

Xanti Peirok eta Lourdes Salsamendik jantzi dute aurtengo Bisigu Lehiaketako txapela; Toki-Alai elkartearen izenean parte hartu zuten atzo izan zen sariketan.

Muskuilu-Harri elkartea zen urtero egiten den Bisigu Lehiaketako faboritoa, azken hiru aldietan berak irabazi baitzuen txapelketa, baina aurten garaipena Toki-Alai elkartearentzat izan da. Luis Mari Uranga eta Joxe Miguel Zendoia parrilleroek eta Patxi Larrañaga harakinak osatutako epaimahaiak itsuan probatu zituzten sariketako arrain preziatuak banan-banan, eta hirurek bat egin zuten: Xanti Peirok eta Lourdes Salsamendik aurkeztutakoa izan da aurtengo onena. Peirok bigarrenez parte hartu du lehiaketan, eta iaz bigarren geratu ostean, aurten txapela bereganatzea lortu du. Pozarren zegoen lorpenarekin.

Lehiaketan parte hartu duzun bigarren aldia izan da aurtengoa, eta txapela lortu duzu. Espero al zenuen?

Garaipena lortzeko sentipen horrekin joan nintzen, bertan ziren hainbat kidek ere hori aipatu zidaten, eta azkenean txapela lortu genuen Toki-Alai elkartekoek. Lourdes Salsamendi eta biok aritu ginen bisigua prestatzen, eta egia esanda, oso gustura nago. Joan den urtean eman genuen izena lehen aldiz, eta orduan bigarren postuan geratu ginen. Beraz, bi urtetan lortu dugu txapela janztea. 

Eta zein da errezetaren sekretua? Zerbait aldatu al duzu iaztik?

Bakoitzaren eskua da sekretua. Egunaren arabera ere izaten da, batzuetan hobeto ateratzen da eta beste batzuetan, ez hain ondo. Nire ustetan, joan den urtekoarekin alderatuta ez nuen ezer ezberdina egin, baina itxuraz, oraingoan hobeto atera zitzaidan.

Itsasoa ondo ezagutzen duzu zuk, ordea. Hori ere izango da abantaila...

Bai, hala da. Urte askotan armadorea izan naiz, baita patroia eta kofradiako presidente ere.  Ume koskorretatik ohituta gaude sukaldean aritzera, bai kozinatzen, bai platerak garbitzen, eta alde horretatik, itsasoan ibilitakoak badu abantaila, baina iaioa ez naiz bisigua prestatzen. 

Igandean izan al zenuen aukerarik zeuk egindako bisigua dastatzeko? 

Egia esanda, sariketa dela eta ez dela, argazkiak atera behar zizkidatela… mahai batean jarri zituzten bisigu guztiak, eta bueltatu nintzenerako hezurretan zegoen jada. 

Berriz kozinatu beharko duzu... Eskatu al dizute? 

Bai, esan diet lagunei nik kozinatuko dudala, baina bisigua erostea beraien kontu. 

Hurrengo urtean emango al duzu izena bisiguaren lehiaketan?

Osasuna baldin badut, bai. Bisiguaren Festa herri mailako festa polita da oso. Orio herri marinela zen garai batean, eta iraganera bidaia egiteko aukera eskaintzen du jai honek.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide