Eider Arruti: "Datozen ikasturteetan jarraipena eman nahi diogu proiektuari"

Mireia Galarza Bastida 2023ko uzt. 16a, 12:00

Eider Arruti 'Mutiozabal Txo' hezkuntza proiektuaren koordinatzailea. (Aiora LarraƱaga Solaberrieta)

Mutiozabal ontziolak garrantzia ikaragarria izan du Orioko historian. Azken urteetan, ordea, gainbeheran zegoen ontziola. Orain, berriro, bizia eman diete errioaz bestaldeko gune bereziari, eta ez edonork, herriko umeek baizik. Mutiozabal Txo hezkuntza proiektua sakonago ezagutzeko Eider Arruti hezkuntza proiektuaren koordinatzailea elkarrizketatu zuen Karkarak ekaineko aldizkarian.

Maiatzaren hasieran eta dozenaka herritarren begiradapean izan zen herriko ikasleek egindako alaren botadura Mutiozabal ontziolan, eta hitzordua aprobetxatu zuten bertaratu zirenek ontziolak bizi-bizirik iraun zezan lan egin zuen familiari aitortza egiteko: Carrera familiari, Txankatarrei, hain zuzen. Ez zebilen urruti egun hartan Eider Arruti (Orio, 1995). Gizarte antropologoa da ikasketaz, eta Albaola Itsas Kultur Faktoriako langilea orain dela ia urtebetetik. Hain zuzen, egun Mutiozabal Txoren ontziola hezkuntza proiektuko koordinatzailea da bera. 

Zein helbururekin jarri zenuten martxan Mutiozabal Txoren ontziola proiektua?

Abiapuntua 2019an koka dezakegu. Urte horretan, Orioko Udalak Mutiozabal ontziola erosi zuen, eta zaharberritu egin zuen gero. Ondoren hasi ziren pentsatzen zer egin zitekeen halako balio historikoa daukan eraikin batean, eta ondorioztatu zuten museo arrunt bat izan beharrean, barruan zerbait egingo zuten espazio bat behar zuela izan ontziolak. Helburu hori lortzeko herriko haurrekin hezkuntza proiektu bat martxan jartzea erabaki zen, Orioko ondarea zabaldu eta belaunaldi gazteenek herria gehiago eta hobeto ezagutu zezaten. Izan ere, hondartzari begira bizi gara, baina errioari bizkarra emanez, eta askok deskonexioa sentitzen dute herriaren historiarekin. 2022an egin genituen lehen proba pilotuak hainbat ikaslerekin, eta artisau lanak egiteko haurrek dituzten gaitasunak eta trebetasunak ikusi ondoren, ikasturte osoko proiektu bihurtu zen.

Azaldu duzuenez, proiektu honek hezkuntza eta didaktika aldetik "sekulako potentziala" du. Zergatik?

Nik beti esan izan dut hezkuntza ez formalak aukera asko ematen dituela proiektu berriak landu eta beste dimentsio batean lan egiteko. Egunerokotasunetik ateratzen zara, eta horrek gauza asko egiteko aukera ematen du. Izan ere, hemen ere lantzen dira matematika, historia eta fisika, baina beste modu batera. Pantailetara bideratuta dagoen gizarte bat gara, eta umeek 24 ordu dituzte egunero horien aurrean egoteko, ez, ordea, artisau lanak egiteko. Gainera, guk ikusi dugu umeak gai direla erremintak hartu eta lan egiteko, aurretik pauta egokiak emanda. Izan ere, badago gehiegizko babes moduko bat umeekiko; eskuetan hartzen dutenak beldurtu egiten gaitu. Orain justu-justu erabiltzen dituzte punta borobila duten guraizeak; nirea, berriz, puntzoiaren belaunaldia da, eta gure gurasoek beraiek egiten zituzten eskuz gauza asko. Ni naiz aurrena hasieran zalantzak zituena umeei erremintak emateko, baina beraiek dira lehenengoak kontuz ibiltzen dakitenak. 

Guztira zenbat umek parte hartu dute egitasmoan? 

Orioko bi ikastetxeetako LH5-6 eta DBH1-2 kurtsoetako gaztetxoek parte hartu dute, eta Aginagako herri ikastetxetik ere 10 lagun izan dira proiektuan. Guk aurreikusi genuen ontzia egiteko gutxieneko adina zein zen, indar jakin bat behar delako eta psikomotrizitate aldetik ondo moldatu zitezen, baina hortik aurre, ikastetxeen esku utzi genuen. Egia esateko, denak moldatu dira ondo, baina Aginagako umeei nabaritzen zitzaien ohituago zeudela erremintak erabiltzera. Orion gaur egun geratzen diren ala gutxi horietako bat duen familiako ume bat etorri zitzaigun, eta berari ere nabaritzen zitzaion besteek baino gehiago zekiela. Erremintak ibiltzen zekiten batzuk ere bazeuden, eta galdetzen ziguten ea posible izango litzatekeen ontzia amaitutakoan beraiek beste zerbait egitea ontziolan, kar-kar. 

Albaolako zenbat kide zabiltzate proiektu honetan lanean?

Egia esateko, hasieratik hona hainbat lankide igaro dira proiektutik. Gaur egun hiru pertsona gaude proiektuan, eta nik uste formula egokia bilatu dugula. Jende oso gaztea gaude, gogo askorekin, eta nabari da hori egunerokotasunean. Nitaz gain, Oibar Olano Albaolako arotz eskolako kidea ibili da, umeekin konexio berezia sortzea lortu duena. Iñigo Luzuriaga da hirugarren kidea, bera Donibaneko Donibane lanbide heziketako ikaslea izandakoa. Irakasle nagusi moduan, berriz, Saul Hoffmann italiarra ibili da.

Zergatik egin duzue ala bat?

Bi arrazoi daude. Lehenengoa da eraikitzeko errazenak direlako, alegia, beste ontzi batzuekin alderatuta zailtasun maila txikiagoa dutelako, eta bestetik, Oria eta Oriorekin oso lotuta daudelako. Badaude alaren forma antzekoa duten ontziak, txanelak edo gabarrak, esaterako, baina guk ala bat egin dugu historikoki Orian bakarrik erabiltzen ziren ontziak izan direlako. Hori, balio erantsi bat izan da guretzat. Sakonera txikia dute alek, eta oso zabalak dira. Lanerako erabiltzen ziren gehienbat. Batzuek arrantzarako erabiltzen zuten, eta beste batzuek garraiorako bakarrik. Pentsa, ni ikusita nago ala baten barruan zaldi bat, errioaren alde batetik bestera eramateko. Hondarra ontzian sartu eta errioan gora baserrietara eramateko ere erabiltzen ziren alak.  

Zein onura ditu umeentzat horrelako proiektu batek?

Alde batetik, ikasleen kontzentrazioa lantzen da. Umeak dira, eta ohikoena da energia asko edukitzea, baina ontziolan sartu ondoren estimuluen abiadura jaisten zutenez, oso lasai igarotzen zuten ontziolako tartea. Bestetik, ikusten zuten beraien lanak zerbaitetarako balio zuela, pieza txikiena ere ontzian baliotsua izan daitekeelako, eta hasieran sinestezina iruditzen bazitzaien ere, ondoren beteta sentitzen zirela nabari genezakeen. Horretaz gain, tresna asko ere lehen aldiz ikusi eta probatu dituzte, baita zuhaitz motak ezagutu ere. Izan ere, konturatu gara zuhaitz asko ez zituztela ezagutzen umeek. Badago hor pasadizo bitxi bat. Gogoratzen naiz umeei galdetzen geniela ea nondik uste zuten zetorrela erabiltzen genuen egurra, eta behin jaso genuen erantzuna izan zen: "Ikeatik!". Ondoren hasten ginen sakontzen ea inguruko basoak zeintzuk ziren, eta halako batean jasotzen genuen erantzuna: "Pagoetatik!". Polita izan da prozesu guztia umeekin egitea, guk ere asko ikasi dugu.

Zer suposatu du Albaolarentzat horrelako proiektu bat gauzatu ahal izateak?

Albaolak antolatzen ditu umeentzako tailerrak, ez ordea tamaina honetakoak, eta horretaz gain, gehiago funtzionatzen du museo moduan. Oso proiektu polita da, baina barne antolakuntza handia eskatzen du, 25 ume inguru eduki eta hori guztia nola dinamizatu erabakitzea zaila baita. Guk, lan karga handia izanda ere, oso gustura gaude.

Eta umeek, zer zioten beraiek?

Lehen aipatu bezala, hasieran ez zuten oso ondo ulertzen zer zen egingo zutena. Harriduraz begiratzen ziguten ala beraiek egingo zutela esatean, eta oraindik eta gehiago pozten ziren ontzia uretara bota eta beraiek bertan arraun egingo zutela esaten genienean. Botadura egunean ere larritu egin zen bat edo beste ontziak flotatuko zuen edo ez pentsatzen zuenean. Dena dela, lanak ondo egin zituzten galdetzean, baietz erantzuten zuten, eta beldurra desagertzen zitzaien. Nik uste berezia izan dela beraientzat horrelako proiektu batean parte hartzea, hori nabaritzen genuen guk. 

Herriaren aldetik jaso al duzue iritzirik? Nola sumatu duzue hartu dutela oriotarrek ekimena?

Uste baino jende gehiago gerturatu da, baina aurretik ontziolarekin harremana zutenak izan dira gehienak. Auzokideak jaitsi dira eta galdetu digute zertan ibili garen, eta esku bat ere eskaini digute. Normala da, ikusi dute ontziola urte luzez erortzen ari zela, eta ilusioa sentitu dute azkenean bertan zerbait egiten ari direla ikusita. Ontziola alboan bazen autoak konpontzeko lantegi bat, eta bertatik erretiratu zen langilea ere etortzen zaigu askotan bisitak egitera. Dena dela, nire susmoa da herri mailan oraindik ez dela proiektua erabat sustraitu, azken finean, zubia badelako Orion muga fisiko ikusezin bat, eta asko ez dira gerturatzen arrazoi horrengatik.

Nolakoa zen egun bat ontziolan?

Azkue kontserbak egiten zituzten eraikinean gela bat dugu, eta bertan azalpen historiko batzuk ematen dizkiegu umeei. Alferrik da, ordea, nik ordubeteko alamena ematea umeei, baldin eta gero ez badute ezer ulertu behar. Horregatik, saiatzen gara atentzioa piztuko dieten gauzak kontatzen. Adibidez, esaten badiet Oriotik atera direla munduko itsasontzi garrantzitsu asko edo Mutiozabal familiak egindako planoak erabiltzen direla gaur egun ere erreferentzia nabarmen bezala ontziak egiterako garaian, horrek atentzioa pizten die umeei. Hori esan eta gero, gainera, umeak ontzia egiten jartze badituzu, izugarria da beraientzat. Taldetan banatzen genituen, bakoitza arotz batekin, eta zeregin konkretuak zituen talde horietako bakoitzak. Arotz oso onak eduki ditugu, eta oso ondo konektatu dute umeekin.

Ikasleekin kurtsoa amaituta-edo, zer asmo dituzue aurrerantzean?

Hurrengo ikasturtean ere jarraipena eman nahi diogu proiektuari, eta aurten parte hartu duten ikastetxeei emango diegu lehentasuna. Gainera, nahi dugu ikastetxe horietan adin tartea zabaltzea, DBH3 eta 4. mailakoek parte hartuz. Ondoren, Euskal Herri mailara luzatuko dugu deialdia, nahi dutenak etor daitezen. Azken finean, herriko ikastetxeekin jarraitu nahi dugu lanean, Orioko historia eta ondarea delako, eta hori gazteenei transmititu nahi diegulako. Horretaz gain, Mutiozabal eguna ere ospatu nahi dugu, urria inguruan, balioan jartzeko Mutiozabal familiak egindako lan guztia. Asteburu bateko festa antolatu nahi dugu, eta ondo ateratzen bada, aurrerantzean ere egitea. Lan asko eskatuko digu, baina hori da gure apustua.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide