Karmengo Ama Birjinaren prozesiorako prest

Aiora Larrañaga Solaberrieta 2023ko uzt. 14a, 11:06

Karmengo Ama Birjina prozesioan ateratzeko prestatzen jardun ziren asteazkenean herriko marinel familietako hainbat kide. (Aiora Larrañaga Solaberrieta)

Karmengo Ama Birjinaren eguna igandean bada ere, larunbatean 18:00etan izango da elizkizuna Orioko elizan, eta 18:30ak inguruan abiatu dute prozesioa moilara.

Marinel familien artean usadioa dira Karmengo Ama Birjinaren egunaren bueltan egiten diren elizkizuna eta prozesioa. Aurtengoan igandean izango da eguna, baina Bisiguaren Festa eta estropadak direla eta, prozesioa larunbat arratsaldean egitea erabaki dute: 18:00etan izango da elizkizuna eta 18:30ak inguruan abiatuko da prozesioa elizatik moilara. Hain zuzen ere, bihar arratsalderako dena prest egon dadin, Karmengo Ama Birjina lorez apaintzen ari ziren hainbat emakume asteazkenean. Elizan topatu zituen KARKARAK iluntzean, eta marinel familientzat berezia den ohituraz kazetariari azalpenak emateko atsedena hartu zuten hasiera-hasieratik taldean dabiltzan hiru emakumek: Maria Pilar Uranga, Lourdes Ibarguren eta Maria Rosario Etxeberria.

Duela 30 urte inguru hasi ziren Karmengo Ama Birjina arrantzale karroan eramanez prozesioa egiten Orion. "Ordura arte herri mailan ez zen horrelakorik egiten. Elizan egiten zen elizkizun berezia, eta prozesioa ere egiten zen, baina ez zen kalera ateratzen amabirjina eta ez zitzaion eskaintzarik egiten", azaldu du Ibargurenek. "Gu marinel familiakoak gara eta Karmengo Ama Birjina berezia da guretzat, marinelen zaindaria delako. Horregatik, sentitzen genuen nolabait indartu behar genuela eguna, eta erabaki genuen amabirjina prozesioan ateratzeko arrantzale karroarekin karroza egitea eta elizkizunean ofrendak egitea", gehitu du Etxeberriak.

Hiru hamarkadatan zehar, mimo handiz egin dute karroza marinel familietako hainbat emakumek, eta alboan izan dituzte jendaurrean azaldu nahi ez duten hainbat laguntzaile fin ere. "Karroza lorez beteta egoteaz gain, jartzen genizkion trainerilla bat, arrantzarako sareak eta antxoa kaxak, baita itsas giroko beste zenbait elementu. Polita geratzen zen benetan, baina koronabirusaren izurriteak karrozaren ohitura eten egin zuen, eta orain amabirjina ateratzen dugu lorez apainduta", azaldu du Urangak.

Gainera, elizkizunean zehar eskaintzak ere egiten dizkiote Karmengo Ama Birjinari: "Arrantzale zaharrek ekartzen dituzte sarea, kakoa eta kainabera, eta saregileek, berriz, josteko erabiltzen duten aulkitxoa, sarea, guraizeak eta orratzak; atunak ere eskaintzen zaizkio. Elizkizunaren erdi aldean aldarera ekartzen ditugu horiek, ofrenda eginez. Horrez gain, herriko bapore bakoitzarentzat kandela bana pizten da elizkizunean; motor txiki guztientzat kandela bat eta beste bat traineruentzat. Zazpi kandela guztira, Karmengo Ama Birjinak marinelak eta arraunlariak babestu ditzan", azaldu dute hiru emakumeek. Elizkizuna bukatzen denean, marinelek lepoan hartzen dute amabirjina eta moilara jaisten dute prozesioan.

Ibargurenek, Etxeberriak eta Urangak hiru hamarkada daramatzate Karmengo Ama Birjinaren prozesioa eta eskaintza antolatzen, eta laguntzaile finak badituzte ere, nahi dute gazteek lekukoa hartzea. Maria Pilar Urangak, esaterako, erabaki du aurten izango duela azken urtea. "Gu marinel familia izan gara beti; aita eta senarra marinelak ziren eta ni neu ere saregile izandakoa naiz. Karmengo Ama Birjina berezia da niretzat eta pena ematen dit uztea, baina adinean aurrera noa eta erretiratzeko garaia dela uste dut. Laguntzera etorriko naiz, asko gustatzen zaidalako eguna, baina nahi nuke gazteek erreleboa hartzea", egin du gonbita.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide