Duela aste batzuk osatu zuten Orioko udalbatza berria , eta bihar, asteazkena, egingo dute udal ordezkariek 2023-2027 agintaldiko bigarren ezohiko bilkura. Udalaren antolaketa izango dute hizpide 19:30ean hasita udaletxeko areto nagusian egingo duten bilkuran.
EH Bilduk osatuko du Udal Gobernua hurrengo agintaldian ere, baina udalaren antolaketako erabakiak bihar hartuko dituzte. Hain zuzen ere, besteak beste, udalbatzarren maiztasuna, batzordeen eraketa, ordainsarien eta liberazioen zehaztapena eta udala ordezkatuta egongo den erakundeetarako ordezkariak izendatzea izango dituzte hizpide.
Honako hau da biharko udalbatzarreko gai zerrenda:
1.- Onartzea, egoki bada, 2023ko ekainaren 17ko udalbatza eratzeko bilkuraren akta.
2.- Onartzea, egoki bada, udalbatzarraren ohiko bilkuren maiztasuna.
3.- Onartzea, egoki bada, alkatearen eta zinegotzien liberazioak eta dagozkien ordainsariak.
4.- Onartzea, egoki bada, alkatearen proposamena batzorde informatzaile iraunkorrak eratzeari buruz eta horien osaketari buruz.
5.- Onartzea, egoki bada, alkatearen proposamena udalbatzarreko kideen erregimen ekonomikoari buruz.
6.- Onartzea, egoki bada, udalbatzarreko ordezkarien izendapena udalak ordezkatuta egon behar duen organo kolegiatu guztietan.
7.- Alkateak hainbat izendapeni buruz hartutako erabakien berri ematea: alkateordeak, gobernu batzarkideak, batzorde informatzaile iraunkorren buruak eta dagozkion delegazioak.
8.- Onartzea, egoki bada, kontratazio espedienteen kontratazio mahaiaren osaketa, kontratazio organoa udalbatzarra denean.
9.- Onartzea, egoki bada, herriko jaia 2024. urterako.
10.- Eskariak eta galderak.