San Pedro jaiak

Festetan eraso matxisten aurrean nola jokatu jakiteko protokoloa zehaztu dute

Aiora Larrañaga Solaberrieta 2023ko eka. 26a, 09:14

Ostiralean aurkeztu zuten San Pedro jaien egitaraua eta bertan eman zuten eraso matxistarik gabeko festak lortzeko protokoloaren berri. (Aiora Larrañaga)

Protokoloa herriko paneletan, tabernetan eta saltokietan egongo da ikusgai, eta baita Udalaren webgunean ere. Gainera, gauez zabalik egoten diren tabernetako eta txosnetako langileek gaiaren inguruko formazioa jaso dute.

Sanpedroak ate joka dira eta indarkeria matxistarik gabeko jaiak izan daitezen lanketa egin dute Orioko Udalak eta Orioko Ahalduntze Eskolak, eta gida bat prestatu dute. Lanketa hau emakumeen aurkako indarkeria-kasuetan jarduteko I. Udal Protokoloaren baitan egina dago. Ostiralean, San Pedro jaien aurkezpenean azaldu zutenez, protokoloa osatzeko udaleko sail askotako teknikariek eta herriko eragile batzuek zenbait lan-saio egin zituzten, eta emaitza datozen asteetan kaleratuko da. Horren aurretik, ordea, festei begira, protokoloaren gida moduko bat osatu dute, eraso matxisten aurrean jokatzeko jarraibideak ematen dituena, oso modu sinplean. "Protokoloa herriko paneletan, tabernetan eta saltokietan egongo da ikusgai, eta baita Udalaren webgunean ere», azaldu du Emakumeen Etxeko arduradun Miriam Garciak. "Helburua ez da soilik jarraibideak ematea; prebentzio-lana ere egin nahi dugu", zehaztu zuen.

Ildo horretan, festen aurretik bi orduko formakuntza-saioa eskaini die Orioko Udalak gauez zabalik egoten diren tabernetako eta txosnetako langileei, eta prestaketa jaso duten bost tabernak pegatina more baten bidez identifikatu ahal izango dira festetan.

Horrez gain, Emagin elkarteak eraso matxistarik gabeko gunea jarriko dugu turismo-bulegoaren parean uztailaren 28an, 29an eta 30ean, gauez. Bertan indarkeria matxistaren eta lgtbifobiaren inguruko informazioa jarriko dute eskuragai, eta erasoren bat gertatuz gero, biktima artatzeko baliabideak eskainiko dituzte".

 

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide