Asaba zaharren baratzeko uzta

Aritz Mutiozabal 2023ko eka. 22a, 11:29

Zarauzko Kultur Merezimenduaren Domina jaso zuen asteartean Anjel Lertxundi idazle oriotarrak, erabat bete zen udalbatzar aretoan. Oroitzapen eta aitortza gogoangarriak utzi zituen ekitaldiak

Dominak atletei jartzen zaizkie normalean lepotik zintzilik, proba neketsu baten ondoren. Podiumeko kaxetara igo eta Olinpiar Jokoetako uztaien bandera airean jostari dabilela, urrea, zilarra edo brontzeak hilezkortzen du heroia Olinporaino. Kirolak eta kulturak zerikusi gutxi dute, ordea, eta astearte arratsean Zarauzko Udalak emandako dominak bestelako esanahi bat dauka. Oinarri sendoa, zalantzarik gabe. Anjel Lertxundi idazlea Zarauzko Kultur Merezimenduaren Dominarekin aitortu zuten, jendez mukuru bete zen udaletxeko batzar aretoan.

Ekitaldia hasi aurretik, idazlea bera aritu zen aretoaren atarian bertaratu zirenak agurtzen; familiako kide ugari, literatur munduko hainbat lagun –Juan Kruz Igerabide, Antton Olariaga, Pello Esnal, Juan Inazio Mujika eta Pello Unzurrunzaga–, antolakuntzako kide Alex Gurrutxaga eta Beatriz Zabalondo, Kultura sailburu Bigen Zupiria eta eguneko ekitaldietan parte hartuko zuten Uxue Alberdi, Andoni Egaña, Iratxe Retozala, Iñigo Astiz eta Danele Sarriugarte.

"Gure herriko seme bati egingo diogu gaur aitortza, eta horrek harro eta pozik sentiarazten nau. Asko eman dio Anjel Lertxundik euskal literaturari, baita Zarautzi ere. Gaur berak emandako guztia eskertzeko eguna da", nabarmenduz ekin zion Xabier Txurruka alkateak. Domina berak eman arren, "errekonozimendua zarauztar guztien eskutik" datorrela zehaztu zuen, eta aitortza egitearen erabakia aho batez erabaki zutela udalbatzarrean.

Hurbiletik ezagutzen duen norbaiten testigantza plazaratzeko, Getariako bizilagun Uxue Alberdi idazle elgoibartarrak gonbidatu zuten saiora, eta honek Lapurrarena izeneko testua irakurri zuen. Alberdik sekretutxo bat aitortuz abiatu zuen bere hitzartzea: "Nik Anduri txikitan Tito Ris deitzen nion. Liburu edo ipuin baten harira, aitak Andu Lertxundi aipatzen zuen bakoitzean, nik ‘Tiro Ris?’ galdetzen nion".  Dirudienez, Escarrillako  (Huesca, Espainia) kanpinean ezagutu zuten elkar, artean Alberdik 5 urte zituen eta Lertxundik 40 inguru. Haurrentzako hatzen eta hitzen jolasa egin ziola gogoratu zuen idazle elgoibartarrak: tito, tito, tito, ris, tito, ris! 

"Aspaldiko uda hartan atzamar puntaz ukitu zituen Anduk ordurako hitz eta kanturako sentibera zen haurra, etorkizun hurbileko irakurlea eta etorkizun urrunagoko idazlea", aditzera eman zuen.  Harrezkero, erreferente izan duela jakinarazi zuen, eta argi azaldu zuen apunteak hartu dituela bere artikuluetatik eta hitzaldietatik, hitzak lapurtu dizkiola eta "atrako lotsagabeak" egin dizkiola aurpegia estaltzeko lanik hartu gabe. "Poltsa barrukoz kanpora jarri eta ebatsitako perlak itzultzera nator orain".


Argazkiko estilografikoa

Mende erdia eman du euskal literaturaren "amodio belarrak" irakurleen kolkora sartzen, Alberdik ongi definitu zuen bezala, eta horretan jarraituko du mentura den artean "Ohore handia da Zarauzko Herriaren izenean Zarauzko Kultur Merezimenduaren Domina ematea". Xabier  Txurrukaren hitzak ozen entzun ziren, eta domina Lertxundiri janzterako txalo zaparradak oihartzun ziren udalbatzar areto osoan.

"Zarautzi buruz dudan lehen oroitzapena argazki bat da. Urtebeteko ume bat kuxina batean eserita, argazkitik kanpora begira. Zuriz jantzi naute, dotore, inoiz ikusi ez nuen zerbaiti eusten diot bi eskuekin. Zarautzen atera zidaten fotoa, argazki atzeko seiluak ere halaxe dio: Fotos Mora Zarauz. Niretzat argazki hura ere zen Zarautz". Azaldu zuenez, eskuetan zuena luma estilografiko bat zen, argazkilariak jarritako atrezzo bat, "gure etxean ez zegoen halakorik eta". Bihozkada izan ala ez, garai hartan jada idazleek idazmakinekin egiten zutela lan ekarri du gogora, eta argazki hura atera zuten urtean Bic boligrafoa sortu zutela.

Haurtzaroko oroitzapenak eta nostalgiak izan zituen hizpide Lertxundik: Oriotik Zarauzko La Salle eskolara ikastera etortzen zenekoa, lagunekin izaten zituen txantxan –berak playa erabiltzen zuelako eta lagunek kosta, hondartzaz mintzo zirenean–, familia osoa Oriotik Zarautzera lekualdatu zirenean eta abar–. Eta oroitzapen horiek nola geratzen diren islatuta norbere literaturgintzan. "Literatura begirada propioa da, kontzientea neurria batean, baita inkontzientea ere. Hurkorik hurbilena ere, Zu maiteena ere, misterio bat da beti! Ahalegin guztiak eginda ere, ezin dugu aldamenean dugunaren sentimenduen erraietara iritsi. Horretan saiatzen da artea».

Gauzak horrela, literatur zaletasuna piztu zion ama izan zuen gogoan, baina baita emaztea ere. "Ia 50 urtez ondoan izan nuen nire Zuk ekarri nau hona, nire lan bakartiko ordu luzeei zien errespetuagatik nago hemen".

Joka nagokik atea / ate gorri zurezkoa / euri zaharrek usteldua. Xabier Lizardiren Asaba zaharren baratza poemarekin biribildu nahi izan zuen hitzartzea Lertxundik, eta kontatu zuen bere aitak lurzoru bat erosi ziela Lizardiren arreba bati. "Lizardiren poemako baratzea agirretarren beste lursailetako bat izan daiteke. Baina zilegi zait amestea baratze horretan bizi naizela amestea, hura zaintzen saiatzen naizela esatea", metafora gisa eraman jendaurrera. 

Izan ere, "zilegi zaigu hemen bildu garenok ere asaba zaharren baratzean bizi garela esatea, eta denoi dagokigula hura zaintzea, guztiz hondatu eta galdu ez dadin. Gauza bat esateko eta sentitzeko estilo bat da hizkuntza, baina beti da aldakorra itsasoa bezala".

Ekitaldiaren amaieran, Jexuxmai Lopetegik Lertxundiren poema batean oinarritutako Azeituna bat eta lau baxoerdi abestia jo zuen, Mikel Lazkano gitarristarekin batera. Irune Urbieta Kultura zinegotziak lore sorta eman zion jarraian, eta txalo zaparrada ozen batekin bukatu zen udalbatzarreko saioa. Udaletxe atarira irten eta dantzatu zioten aurreskuak, aldiz, Modelo aretoan antolaturiko Idazle totala solasaldi-gorazarreari hasiera eman zion. Diziplina guztietan balekoa denari dekatleta deritzaio. Hamarrekoa.

 

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide