Ostargiko kideak kalera aterako dira puntua eta kakorratz lana egitera

Aiora Larrañaga Solaberrieta 2023ko eka. 7a, 13:33

Puntuan eta kakorratzarekin egindako eskulanekin postua jarri zuten Artisau Azokan. (Aiora Larrañaga Solaberrieta)

Astelehenean, Orioko herriko plazan bilduko dira Ostargiko kideak. Goizez eta arratsaldez egingo dituzte saioak, eta herritarrek puntua eta kakorratz lana egiten ikasteko aukera izango dute bertan

Ekainaren 12an, datorren astelehenean, puntua eta kakorratza kalean egiteko nazioarteko eguna izango da, eta aurten kalera aterako dira Orioko Ostargi joskintza elkarteko kideak. Iaz komunikabideetan izan zuten egunaren berri, egun horren harira Donostian hainbat ekintza egin zituztela irakurri zutenean. Hala, aurtengoan beraiek ere eguna ospatzea erabaki dute, eta astelehenean herriko plazan izango dira, 10:00etatik 12:30era eta 16:00etatik 18:30era. Hitzorduan Ostargiko kideak puntua eta kakorratz lana egiten jardungo dira, eta Orioko adineko emakume batek, garai batean bezala, lau orratzetara galtzerdiak nola egiten diren erakutsiko die bertaratzen direnei, goiz partean. Marian Lazkano Ostargiko presidenteak azaldu duenez, berak "aspalditik" izan du galtzerdiak lau orratzetara egiten ikasteko gogoa, eta egun berezi hori aprobetxatuko dute jakintza belaunaldiz belaunaldi pasatzeko.

Joskintza eskolez gain, puntua eta kakorratz lana egiten ikasteko saioak ere antolatzen ditu Ostargik, eta azken urtean jende asko animatu dela adierazi dute. "Lehen, sei-zortzi laguneko taldea genuen, baina ikasturte honetan, hiru talde osatu ditugu. Oso interesgarria da, gauza berri asko sortzen ari direlako puntuaren eta kakorratzaren munduan". Lazkanoren esanetan, azken urteetan "asko aldatu" da kakorratz lana egiteko modua. "Ohituraz, mahai tapizak, gortinentzako puntillak eta horrelakoak egin izan dira kakorratzarekin, altzairuzko orratz mehea erabilita, baina gaur egun, oso gutxi erabiltzen dira horrelakoak. Orain hari mota pila bat daude, eta orratz lodiagoekin modan dauden gauza asko egin daitezke: poltsak, alfonbrak eta beste hainbat gauza", azaldu du. Rosaura Bravo joskintza irakasleak, esaterako, Ameriketako indigenen Wayuu teknikarekin poltsa bat egin du aurten.

Hala, puntua eta kakorratza ezagutzeko, asteleheneko topaketan parte hartzera animatu dituzte herritarrak Ostargiko kideek. Hari mota asko eta orratzak eramango dituzte, eta nahi duenak ikasteko aukera izango du. 

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide