Josefina Loiola zarauztarrak 40 urte "edo gehiago" igaro ditu Orion jubilatu elkartearentzat eskulan tailerrak ematen. "Uste dut lau lokal pasatu ditugula urte hauetan guztietan", azaldu du gaur egun elkartzen diren lokalean, Gizarte Zerbutzuen ondoko eskaratzeko laugarren solairuko gunean. Ostirala da, ekainaren 2a, eta azken lan eguna du, 67 urterekin jubilatzeko garaia iritsi baitzaio.
Eskulan tailerreko kideek lore sortak oparitu dizkiote esker ona erakusteko, eta pozik atera dute azken talde argazkia beren irakaslearekin. Berez hamabi dira; gutxi batzuk falta dira gaurkoan.
Orion ez ezik, toki askotan eman ditu eskulan eskolak Loiolak: Getarian, Aizarnazabalen, Usurbilen, Donostian, Oreretan, Hernanin, Deban, Zarautzen... "Ez ditut herri guztiak gogoan", esan du izenak zerrendatzea amaitutakoan. Zarautzen bertan estudioa ere eduki du hogei urtez, eta han ere eman izan ditu eskulanak tarte batean. "Neure lokalean eskolak emateari utzi behar izan nion, 22:00etan amaitzen bainuen lan eguna. Gehiegizkoa zen", kontatu du.
Orion erretiratuei eman izan dizkie eskolak beti, baina beste herri batzuetan umeei erakutsi die, baita helduei eta "hainbat arazo duen jendeari ere". Era askotako ikasleak izan ditu, baina azpimarratu du "denekin oso gustura" aritu izan dela. "Orion, esaterako, familia bat bezala gara. Aske sentitzen gara pentsatzen duguna esateko elkarri, konfiantza hori badugu", azpimarratu du irakasleak. "Elkarrekin zahartu gara", gaineratu du, umoretsu. Izan ere, ikasle batzuek 15-20 urte daramatzate berarekin tailerrean.
Loiolak azaldu du ez duela arlo bakarra jorratzen ikasleekin. "Bakoitzak erabaki behar du zer nahi duen, eta horren arabera, erabakitzen da zer arlo landu".
Artezaleak elkartean hastapenak
23 urterekin hasi zen Loiola Zarauzko Artezaleak taldean. "Irakasle batekin aritu nintzen dekorazio-artea lantzen Artezaleak taldean. Irakasleak kanpora alde egin zuen, eta bere tokirako aproposa ikusi ninduenez, halaxe hasi nuen ibilbidea pixkanaka-pixkanaka, gustukoa nuen eta".
Eskolak emateaz gain, erakusketak ere egin zituen aurreneko urteetan. Gero, ordea, albo batera utzi zituen horiek, "asko exijitzen duelako erakusketa bat antolatzeak". Hori bai, beti jarraitu du ikasten eta joera berrietara egokitzen.
Erretiroa hartutakoan, zer? "Tarte bat hartuko dut orain ezer sortu gabe, eta ikusiko dugu bizitzak zer ekartzen didan eta nora eramaten nauen", azaldu du. "Konpromisorik ez dut nahi, bidaiatzeko gogoa ere badudalako". Ikasleei agindu die, dena den, bisitan joango zaiela noizbehinka.