Erdi mailako kultura eta festetako teknikaria ordezkatzeko hautaketa-prozesua jarri du martxan Orioko Udalak. Maiatzean Lanbiden kaleratu zen deialdia, eta interesdunek ekainaren 1era arte izan dute aukera izena emateko. Behin egun hori igarota, udalak behin-behinekoen zerrenda eman du jakitera. Hemen dago ikusgai.
Udaletik azaldu dutenez, 98 curriculum jaso dituzte guztira. Horietatik 35ek lortu dute gutxieneko puntuazioa, eta 14 hautagaik baino ez dute egiaztatu euskarazko nahitaezko profila (C2). Horregatik, horiek dira zerrendan lehenak. Nolanahi ere, oinarrietan jasotakoaren arabera, hautagai horiek uko egiten badiote lanpostua betetzeari, gainerako hautagaien hurrenkera hartuko da kontuan.
Interesatuek hiru eguneko epea dute behin-behineko zerrendari alegazioak aurkezteko; hau da, ekainaren 7ra arte aurkeztu ditzakete.