Gipuzkoako kostaldeko herrietan bezala, Orion ere ekainaren 15ean irekiko da aurten hondartza-denboraldia, eta irailaren 15era arte iraungo du. Herritarrengandik jasotako eskaerari erantzunez, sorospen-zerbitzua luzatzea erabaki du aurten Udalak eta hala jaso du zerbitzua adjudikatzeko lizitazio berrian.
Hori dela eta, sorospen-zerbitzua ekaineko lehen bi asteburuetan ere eskainiko da (ekainak 3-4 eta 10-11), eta denboraldiaren amaieran ere bai, iraileko azken hiru asteburuetan (16-17, 23-24 eta 30-urriak 1).
Antillako kabinak
Antillako kabinak, aldiz, ohi bezala izango dira martxan, ekainaren 15etik irailaren 15era. Egunero egongo dira zabalik, ondorengo ordutegian: 11:00etatik 22:00etara. Zentzu horretan, komunak eta dutxa hotzak doakoak izango dira.
Aulkiak, surf-taulak eta eguzkitako aterkiak takiletan uzteko aukera ere egongo da, eta prezioak honakoak izango dira: aulkiak, paipoak eta eguzkitako aterkiak takiletan uzteko eguneko prezioa 60 zentimokoa da, asteko prezioa 2,50 euro, hilabete osokoa 7,50 euro eta denboraldi osokoa 20 euro.
Bestalde etzaulkiak eta surf-taulak takiletan uzteko eguneko prezioa 80 zentimokoa da, asteko prezioa 4,50 euro, hilabete osokoa 12,50 euro eta denboraldi osokoa 30 euro.