Lehendik ere udal politikan jardundakoa zara. Zer dela eta erabaki duzu alkategai aurkeztea?
Zaila egiten zait herri proiektu bati eta horrelako erronka bati ezezkoa esatea. Herriarekin konprometituta zaudenean eta besteei laguntzea maite duzunean, zaila da uko egitea. Agian familiak nahiago luke ezezkoa eman izan banu, baina niri ez zitzaidan atera. Asko pentsatu eta familiaren oniritzia jaso ondoren, pausua ematea erabaki nuen.
Zer uste duzu eskainiko diola EAJren taldeak herriari?
Orio maite duen jendea bildu gara eta hori oso oinarri ona da. Bestalde, konpromiso handia duten herritarrak dira, ez bakarrik udaleko gaiekin, baita beren sektoreetan ere. Bakoitzak bere arloan jakintza handia du eta udaleko esperientzia ere badugu.
Udalbatza ez du alderdi bakarrak osatzen. Alkatetza lortzen baduzu, saiatuko al zara beste alderdiekin elkarlanean aritzen?
Bai, hori da nire lan egiteko modua, baita gure taldearena ere. Aurreko agintaldia ez da erraza izan, baina gure udal taldeak elkarlanerako borondatea izan du, nahiz eta oposizioan egon. Guk ez dakigu oposizioan egoten, kudeaketarako alderdia gara, baina argi izan dugu arduraz jokatu eta elkarlana bultzatu behar genuela: Aurrekontuak osatzerakoan gure ekarpenak egin ditugu, eta izurrite garaian erabaki gogorrak hartu behar izan zirenean, ez genuen udal gobernua bakarrik utzi nahi izan eta babes guztia eskaini genion. Elkarlana eginez eraiki egiten da, eta gu eraikitzera etorri gara, ez liskarrera.
Aipatu bezala, zure udal taldea oposizioan egon da azken agintaldian. Zer balorazio egiten duzu zuen lanaz eta udal gobernuaren jardunaz?
Gure taldeak agintaldi honetan egin duen lana txalotzekoa da. Erantzukizunez eta arduraz jokatu du, hartu behar ziren erabakiak hartu ditu eta babestu beharreko proiektuak babestu ditu. Gure taldearen lanaren ebaluazio ona egiten dut. Aldiz, lan hori ondo egiteko zailtasun asko izan dituztela iruditzen zait, informazioa ez zitzaielako iristen. Adibide bat jarriko dut: Kultur Etxean Oribarzar hondartzaren berreskuratze proiektuaren inguruko saio bat egin zen, eta gure taldeko zinegotziei ez zitzaien abisatu; Karkara-ren bidez jakin ganuen bilera informatiboa izango zela; gauza asko jakin ditugu modu horretan. Iruditzen zaigu kudeaketa arazo larri bat dela eta guri lan egiteko zailtasunak ematen dizkigu.
Agintaldi honetan hainbat parte-hartze prozesu egin dira. Herritarrekin hartu-eman zuzena izatea garrantzitsua iruditzen al zaizu?
Bai, indartu behar dela iruditzen zait, gainera. Horrelako partaidetza prozesuek herritarrei herrigintzan parte hartzeko aukera eskaintzen diete eta proiektuak eurenak sentitzen dituzte. Ez dakidana da partaidetza prozesu horiek behar den sektore guztietara iristen ote diren edo erakargarriak diren; zalantzak ditut, baina iruditzen zait herritarrek lau urtetik botoa emateaz gain, agintaldian zehar beren iritzia emateko aukera izan behar dutela. Hain zuzen ere, gure programa osatzeko horixe egin dugu. Karpa batzuk eta mahaia hartu ditugu, kafea eta bizkotxoak prestatu eta herritarrei entzutera atera gara kalera. Nik ardura hartu dut lau urtetarako programa osatzekoa, eta ez dut herritarren iritzia jaso gabe egin nahi. Noski, alderdiak badu programa propioa Oriorako, baina nahi genuen oriotarren programa izatea. Horretarako, herriko eragileekin eta elkarteekin bildu gara eta auzoz auzo bilerak egin ditugu.
Zein da EAJk sustatu nahi duen herri eredua?
Nahi dugu Oriok herri txiki bat izaten jarraitzea. Txikia izan arren, zerbitzu asko dituen herria da, eta hori bermatu nahi dugu etorkizunean ere. Horretarako, hirigintza arloan hartzen diren erabakiei garrantzi handia ematen diegu, eta azken proiektuetan gure iritzi kritikoa azaldu dugu. 20 urtetan Orio 1.500 biztanle baino gehiago hazi da, urteko ehun pertsona inguru. Iruditzen zaitu dinamika hori egokia izan daitekeela, ematen digulako denbora gure zerbitzuak errealitate berrira egokitzeko: osasun zentroa, liburutegia, ikastetxeak....Golpetik auzo handiak egiten baditugu, berriz, herriaren izaera eta nortasuna galtzeko arriskua dagoela iruditzen zaigu. Gainera, nahi dugu Oriok euskararen arnasgune izaten jarraitzea, Zaintzen herri bat izatea; ondarea eta tradizioa jasoko dituen herria, gure ondorengo belaunaldiei nondik gatozen erakusteko, zer izan garen eta etorkziunean zer izan behar dugun. Nahi dugu baita ere herri jasangarria eta berdinzalea izatea, aniztasuna balioan jarriz eta gizon eta emakumeen arteko berdintasuna errespetatzen duena.
Zure lan ildoak aipatu dituzu. Uste duzu erronka zehatzak badituela herriak?
Bai, arreta jarri nahi dugu hiru eremutan nagusiki: zaintza, etxebizitza eta lana. Alde batetik, gero eta gizarte zaharkituagoa dugu; gure adinekoek gero eta zaintza behar handiagoak dituzte, eta horri erantzuna ematea bermatu behar dugu. Aldi berean, baby boom garaian jaio zirenak hemendik hamar urtera zaintza behar gehiago izango dituzte, eta behar horiei aurre egiteko prest egon behar dugu, zainduak izateko aukera izan dezaten. Horregatik, ezinbestean, lanketa egin behar dugu arlo horretan gizarte langileek, osasun zentroek eta gaiaren ingurua lanean diharduten eragileek. Guztion artean zaintza ekosistema bat sortu nahi dugu, aldundiarekin batera elkarlanean eta sarean lan egiteko. Ekosistema horren erdigunean pertsonak egongo dira, baina nahi dugu zaintza ekosistema hori bilduko duen eraikin bat egotea ere, erresidentzia plaza batzuekin. Orion 25 pertsona inguru daude herritik kanpo adinekoen egoitzetan bizitzen, etxean zainduak izateko aukerarik ez dutelako. Iruditzen zaigu Orion hazi, bizi eta hiltzeko aukera eskaini behar diegula herritarrei, eta ahalegin berezia egingo dugu eraikin hori martxan jartzeko.
Zaintzen ekosistema horretan zaintza modu integralean landu nahi dugu, eta iruditzen zaigu nahigabeko bakardadea ere arlo horretan landu behar dugula; adinekoen artean ematen da eta gazteek ere gero eta gehiago sufritzen dute. Beraz, arazoari aurre egin behar diogu, osasun mentala eta osasun aktiboa jorratuz. Helburua da bakoitzak bere etxean modu autonomoan ahalik eta denbora gehien bizitzeko aukera izatea eta horretarako zaintza instituzionalak indartu beharko lirateke. Eta hori posible ez denean, etxean bezala, herrian bertan, egoitza batean zaindua izatea bermatu nahi genuke.
Etxebizitzaren gaiak ere kezkatzen gaitu. Ez da berria, baina kostaldean gazteek emantzipatzeko arazo handiak dituzte etxebizitzen prezioa dela eta. Gure asmoa da alokairuko etxebizitzak egitea, baina herriko lurrak mugatuak direnez, hutsik dauden etxebizitzak merkaturatu behar direla iruditzen zaigu. Orioko etxebizitzen azken errolda 2o11koa da, eta horren arabera 395 etxebizitza huts zeuden. Laster aterako da errolda berria 2021eko datuekin, eta hortxe ibiliko garela iruditzen zait. Nolabait lortu behar dugu etxebizitza horiek alokairura bideratzea, gazteek gurasoen etxetik ateratzek aukera izan dezaten.
Hirugarren ardatza lana da. Gaur egun lan egiten duten herritarren %20k bakarrik egiten du lan Orion bertan, eta uste dut horri buelta bat eman behar diogula, imajinazioa erabili eta garapeneko agentziekin lan eginda: co-working espazioak sortu eta errioarekin eta itsasoarekin lotutako enpresa berritzaileak erakarri behar ditugu, lanpostuak Orion bertan sortzeko. Ezin dugu etsi eta ezin dugu mugatu lotarako herria izatera. Ildo horretan, badakigu herrian sortzen diren lanpostu gehienak zerbitzuetatik sortzen direla, eta ahalegina egin behar dugu bertako merkataritza sustatu eta lanpostuak mantentzeko eta aukera berriak esploratzeko.
Lan ildoez gain, zuen programan proiektu zehatzik aipatu al duzue?
Herritarrengandik jaso ditugu eskaera guzti horiek sartu ditugu programan, eta azken lau urtetan aurrekontuetarako proposatu ditugun hainbat proiektu ere bai. Batzuk egin dira, Mutiozabal eta hondartzarako bidegorria, esaterako, baina beste hainbat ez dira gauzatu: parke estalia, Antxiola kaleko irisgarritasuna, enplegu berriak sortzeko plana, kiroldegiko kontratazio berria. Uste dugu badaudela gai batzuk lehenbailehen martxan jarri behar direnak urteetako eskaerak direlako.
Horrez gain, lau urtetarako kudeaketa plana egin behar dela ere uste dugu, eta hori izango da alkatetza lortuz gero martxan jarriko dugun lehen ekimena. Udal taldeok batzen gaituzten gauza gehiago ditugu, aldentzen gaituztenak baino. Horietan oinarrituz kudeaketa plan bat egin behar dugu, lehentasunak markatuta. Horrez gain, gobernu onaren irizpideak ere txertatu behar ditugu bertan: gardentasuna, efikazia, ebaluazio irizpideak... Horrela lortuko dugu liskarretik ateratzea herritarren onurarako diren proiektuak.
Azken hilabeteetan herritarren artean zalaparta sortu du Oribarzar hondartzaren berreskuratze proiektuak. EAJn ere kezkatuta al zaudete gaiarekin?
Guri kezkatzen gaitu sortu den zalapartak. Guztiok bat gatoz, eta uste dugu Oribarzar ingurua egoera txarrean eta degradatuta zegoela. Udalak egin zuen lehen aurreproiektua 2004an, eta Madrilera bidali zuen esanez eremu hori ez zegoela ondo. 2020an Udalak deitu zuen bilera bat errepidea erortzen ari zelako, baina besterik ez da egin udalean gaiaren inguruan. 2018an, proiektua kaxoitik atera genuen eta Madrilera eraman genuen, martxan jartzeko. Lortu zen diru partida bat hondartza berreskuratzeko.
Orain dela hiru urte ez zegoen dirurik, ezta proiekturik ere, eta errepidea erortzen ari zen, baina ez zegoen arazorik. Orain, aldiz, dirua dago, proiektua dago eta Madriletik etorri den proiektuan aukera desberdinak aurkezten dira. Egia da hobesten duten alternatiba ez dela inoren gustukoa, baina alegazioak sartu ditugu eremuan eskumena dugun erakundeek eta eragileek, guztiok ildo berean. Ez dakigu oraindik zein izango den Madrilen erabakia, baina presioa egin beharko genuke. Orain badago dirua, eta errepide on bat egin liteke portura eta baserrietara iristeko. Iruditzen zaigu artifizialki sortu den zalaparta izan dela; hauteskunde garaian gaude eta zarata edozer gauzarekin egin daitekeenez, iruditzen zaigu hori izan daitekeela zalaparta horren atzean dagoen motibazioa.
Beraz, itxaropentsu zaudete. Iruditzen zaizue proiektuarekin berreskuratu daitekeela gune hori?
Bai, altxor bat dugu. Familiek eta oriotarrek disfrutatzeko ingurune natural bat eduki dezakegu, eta hori berreskuratzeko saiakera guztia egin behar dugu; baita ere ahalegina egin behar dugu Madrilek guk egindako alegazioak onartu ditzan. Zarata egiten bakarrik ez, lana egiteko ere ahalegin bera egin behar da.