Zer dela-eta animatu zara hirugarren aldiz PSE-EEko alkategai aurkeztera?
Hasieratik argi izan du udalbatzarrean alderdi aniztasuna egotea herriarentzat onuragarri dela, eta ez dut sinesten gehiengo absolutuetan. Izan ere, gero eta alderdi gehiago egon ikuspuntu zabalagoa izaten da, eta hartzen diren erabakiak akordioen bidez lortzeko aukera izaten da. Bestalde, zortzi urte daramatzat udalean eta azken bi agintaldietan herriaren etorkizunarentzat oso garrantzitsuak diren gaiak jorratu ditugu. Ordu asko eskaini dizkiet, eta horietako asko agintaldi berri honetan borobilduko dira, COVID-19a dela eta atzeratu egin direlako. Horietako bat da, esaterako, Orioko Hiri Antolamenduko Plan Orokorra, Oriok datozen 20 urtetan jarraituko duen bidea markatzen baitu. Plan horretan sinesten dut, plan bikaina dela uste dut eta hori aurrera ateratzen parte hartu nahi dut, zinegotzi eta oriotar bezala.
Aipatu duzu lan askoko urteak izan direla. Nola baloratzen duzu bukatzear den agintaldia?
Oso agintaldi zaila izan da, COVI-19ak sortutako izurriteak, Ukraniako gerraren eraginak edo krisi energetikoak agintaldia oztopatu dutelako. Lan asko egin da udalean, eta nik zortzi batzordeetan parte hartzen dudanez, ahalegin eta sakrifizio handia eskatu dit; baina, era berean, proiektuak aurrera atera ditugulako harro nago, eta hori benetan pozgarria da, lanean jarraitzera motibatzen bainau. Gizarte-ongizate arloa, esaterako, asko hobetu da herrian azken agintaldian; udaleko langileen gaia ere bideratzea lortu da, langileekin bilduz eta adostasunetara iritsiz, eta hirigintza arloan plan orokorrak sakon jorratu da. Hortaz, balantze positiboa egiten dut, lan handia egin dugu, eta herriarentzat eta udalarentzat garrantzitsuak diren hainbat gairi irtenbidea eman zaie.
Bukatzear den agintaldian gai asko eta asko aho batez onartu dituzue udalbatzarretan, eta herritarren iritzia ezagutzeko parte-hartze prozesu ugari ere abiatu dira. Elkarlana eta parte-hartzea garrantzitsuak izan al dira agintaldi honetan?
Elkarlana eta parte-hartzea ezinbestekoak izan dira. Gutxiengoa duten gobernuak negoziatzera behartuta egoten dira eta agintaldi honetan udal taldeen arteko elkarlana handia izan da. Gutxi izango dira agintaldian zehar bozkatu diren puntuen %90 aho batez onartu duten udalbatzak. Agian herritarren batek pentsa dezake oposizioak udal gobernuak esandakoa onartu duela, baina guztiz kontrakoa da; etengabekoa izan da udal taldeen arteko negoziazioa, eta proiektuak eta aurrekontuak aurrera atera ahal izateko oposizioko alderdien eskaerak txertatu ditu udal gobernuak.
Herritarren parte-hartzea ere oso garrantzitsua izan da. Politikariok eta teknikariok gure ikuspuntua izaten dugu, baina herritarrei entzunda ikuspegi zabalagoa izaten da. Horrez gain, gardentasun ariketa horrek herritarrak informatzeko ere balio du. Izan ere, batzuetan irtenbideek oso errazak eta argiak diruditen arren, normalean ez da horrela izaten, gauza bat aldatzeak beste batean eragin okerra izan dezakeelako. Herritarrekin juntatu eta azalpenak emateak sor daitezkeen gaizki-ulertuak konpontzen ditu, informaziorik gabe ez baita ulertzen udalak zergatik hartzen duen erabaki bat edo bestea. Gainera, informazio guztia esku artean izanda, ados ez badaude, beren iritzia emateko aukera ere eskaintzen diete parte-hartze prozesuek herritarrei.
Uste dut datorrena agintaldian ere elkarlanaren eta parte-hartzearen bidetik jarraitu behar dugula. Espero dut datorren alkateak oposizioari eta herriari entzunez gobernatzea, nahiz eta gehiengoa lortu.
Etorkizunari begira, zein uste duzu direla Orioren erronkak? Nolako herria nahi zenuke etorkizunean?
Plan Orokorrak emango dizkigu herriak dituen hainbat arazori irtenbidea emateko tresnak. Etxebizitzaren arazoa beldurgarria da, prezioak oso garestiak direlako. Herrian egingo diren alokairu sozialeko 54 etxebizitzekin eta Anibarko Portuan egiten ari diren gazteentzako etxebizitzekin urratsak egiten ari gara, baina badakigu lan asko egin behar dugula oraindik arlo horretan. Izan ere, Orion alokairua gero eta garestiagoa da, eta eskaintza ere txikia da. Plan Orokorrari esker, batetik apartamendu turistikoen gaia arautu dugu, eta bestetik, EH Bildurekin batera, lortu dugu eraikiko diren etxebizitza eremu guztietan babes ofizialeko eta tasatutako etxebizitzak eraikitzea. Plan orokorra diseinatzerako orduan jarri dugun baldintza izan da, eta zenbait eremutan babestutako etxebizitzak eraiki ahal izateko eraikigarritasuna handitu behar izan badugu ere, egin egin dugu, etxebizitza libreak erosi ezin dituzten herritarrek etxebizitza duina izateko aukera izan dezaten.
Horrez gain, plan orokorrak gizarte ongizate arloan, etorkizunean adinekoen beharretara egokitutako ekipamenduak sortzeko aukera ere emango digu. Eguneko zentroa txikia da eta zaharkitua geratu da. Adinekoen kopurua, berriz, gero eta handiagoa denez, ez da nahikoa gaur egun herriak arlo horretan dituen beharrak asetzeko. Oriok behar du eguneko zentro berri bat, eta plan orokorrean biltzen diren eremu berri guztietan udalak izango ditu lokalak mota horretako zerbitzuak kokatzeko. Eguneko zentro berria edo adinekoen egoitza berria egitea ez da udalak bakarrik har dezaken erabakia, gaian eskumena duten gainontzeko erakundeekin elkarlanean egin behar den proiektuak baitira. Zorionez, plan orokorrari esker, horiek kokatzeko lokal egokiak izango ditu udalak, eta beti askoz errazagoa izaten da foru aldundiarekin edo Eusko Jaurlaritzarekin negoziatzea, udala zerbitzu horiek kokatzeko lokalak uzteko prest badago.
Zaharkituta geratu diren beste hainbat zerbitzu ere baditu udalak. Gaztelekua tokiz aldatzea ere behar-beharrezkoa dela iruditzen zait. Alokairu sozialeko etxebizitzen azpian udalak izango du 400 metro koadroko lokal bat, eta hori kokaleku aproposa izango litzatekeela uste dut; gainera, inguruari bizia emango lioke, zerbitzuek bizia ematen baitiete auzoei. Bestalde, Plan Orokorrak kofradia berrian ekitaldiak egiteko areto ederra izatea ahalbidetuko du, eta bertan izango da turismo bulego berria ere.
Azken batean, esan dezaket zortzi urte damaramatzadala etorkizuneko Orio nolakoa izatea nahi dudan hausnartzen eta lantzen, eta harro esan dezaket Plan Orokorra diseinatu dugula herriaren etorkizuneko erronkei aurre egiteko eta oriotarren bizi-kalitatea bermatuko duten zerbitzuak sortzeko. Herritarren beharrak asetzeko zerbitzuak eskaintzea eta irisgarritasuna bermatzea ezinbestekoa da, eta udalak kalitatezko zerbitzu jasangarriak sortu behar ditu. Arraunetxe da horren adibide garbia. Eraikin ikusgarria da, baina udalari gastu handia sortzen dio mantenuak, eta ez dago ondo aprobetxatuta. Zorionez, datorren agintaldian Orioko kirol azpiegituren ikerketa sakona egin nahi da, azpiegituren erabilera hobetu, optimizatu eta berrantolatzeko helburuarekin. Etorkizunean kirol azpiegitura berriren bat egiten bada, ekonomikoki udalarentzat zulo beltz bat izan ez dadin.
Hauteskundeetako programari dagokionez, ba al dago bereziki aipatu nahi zenukeen proiekturik?
Nire programan Plan Orokorraren garrantzia azpimarratu dut, emango dizkigulako tresnak zerbitzuak hobetzeko. Irisgarritasunari ere garrantzi berezia ematen diot, agintaldi honetan egin dudan bezala. Anbulatorio, kiroldegi, kultur etxean edo gizarte zerbitzuetan ate automatikoak jartzeak, esaterako, neurri garrantzitsuak izan dira, baita zebra-bideak altxatzea ere. Ni ez naiz inbertsio handien zale, uste dudalako ez dagoela dirutza gastatu beharrik herritarren egunerokoa errazten duten esku-hartzeak egiteko.
Gizarte-ongizate arloa ere indartu behar dela uste dut. Egia da agintaldi honetan ikaragarrizko aurrera-pausuak eman direla, baina bide horretan jarraitu behar dugu: ia hirukoiztu egin dira atal horretako partidak, baina ez da nahikoa, herri honetan oso egoera zaila bizi duen jendea dagoelako, eta COVID-19ak eta energiaren krisiak okertu egin duelako pertsona horien errealitatea. Ni udalean sartu nintzenean larrialdietarako laguntzak ez ziren bukatzen urtebetean, baina gaur egun hirukoiztu egin ditugu eta uztailera ez dira iristen. Laguntza horiek ematen dira oinarrizko gastuei aurre egiten laguntzeko: argi-indarra, ura edo gasa ordaintzeko; betaurrekoak edo hortzordeak puskatu eta berriak erosteko, edo garbigailua konpontzeko. Jende asko dago ezusteko horiei aurre egiteko laguntzak behar dituena. Zorionez gizarte zerbitzuetan eman den aldaketarekin herritarrekin gertutasuna lortu da, eta gaur egun oriotarrak eroso sentitzen dira teknikariekin hitz egitera joaten direnean; era berean, lehen beren egoera azaltzeko pausua ematen ez zuten pertsona asko, hurbildu egin dira.
Etxe Morearen proiektuarekin aurrera jarraitzea ere oso garrantzitsua da. Ahalduntze Eskolako teknikariek lortu dute emakume desberdinak bildu eta horiek guztiak seguru eta aske sentitzen diren komunitate bat sortzea. Gainera, abian jarri dituzte aholkularitza juridikoa eta psikologikoa ere, behar-beharrezkoak gaur egungo gizartean. Ahalduntze Eskolak egindako lanak ematen dio zentzua Etxe Moreari, lanketarik gabe eraikin huts soila izango litzatekeelako. Horregatik, behar-beharrezkoa iruditzen zait bide horretan jarraitzea.
Turismoa ere sartu al duzu programan?
Errioa da gure herriaren bereizgarria eta kalitatezko turismo jasangarria sustatu behar dugu. Errioak izan behar du gure turismo eskaintzaren ardatza, eta horren bueltan garatu beharko dira gainontzeko proiektuak: Mutiozabal, kofradia.... Saiatu behar dugu herriko merkataritzari eta ostalaritzari aberastasuna sortuko dion turismo eredua sortzen, baina jende andana handiak ekidinez, herriak bere herri izaera atsegina izaten jarraitu dezan. Pixkanaka lortzen ari gara: plaza oinezkoentzat egokitzeak herriari bizitza handia eman dio, eta orain lortu behar dugu herriaren eta hondartzaren arteko lotura egitea. Esku artean dugu gaiak eta eragileekin landu nahi dugu datorren agintaldian. Izan ere, ez dugu ahaztu behar merkataritzak eta ostalaritzak ematen diola bizitza herriari; azkenaldian betiko merkatari asko erretiratzen ari dira, eta ikusi egin beharko dugu nola indartu dezakegun sektorea, gazteek horien lekukoa har dezaten.
Azken hilabeteetan zalaparta sortu du Oribarzar hondartzaren berreskuratze proiektuak. Kezka sortu al dizu gaiak?
Bai, kezkatuta egon naiz. Izan ere, agintaldi hasieratik udalbatza osatzen genuen talde guztiak oso kezkatuta geunden Oribarzar hondartzaren egoerarekin, gainbeheran joan baita azken hamarkadetan. Horregatik, agintaldi hasieran bilera bat egin zen eremu horretan eskumena zuten erakunde guztiekin, eta argi ikusi zen egoera horri irtenbidea ematea oso zaila izango zela. Izurriteak erakundeen arteko elkarrizketak eten zituen, eta handik hilabete batzuetara prentsa bidez jakin ganuen EAJk diru partida lortu zuela Madrilen Oribarzar berreskuratzeko. Proiektu on bat dirurik gabe ezin da garatu, baina dirua proiekturik ez dagoenean irtenbidea izan beharrean arazo bihurtzen da. Eta horixe gertatu da Oribarzar hondartzaren berreskuratzearekin. Dirua eskatu zen, baina proiekturik ez zegoenez, Kosta Zuzendaritzak ingurumen arloko ingeniaritza enpresa bati eskatu zion hondartzaren berreskuratze proiektua, eta arazoak sortu dira. Niri, esaterako, errioan bi dike jartzea ikaragarrizko astakeria iruditzen zait, oztopoz beterik baitago dagoeneko. Oso ondo arrazoitutako alegazioak sartu dizkiogu proiektuari eta espero dut Kosta Zuzendaritzak kasu egitea; hondartza berreskuratzea, errepidea horren atzealdetik eraikitzea eta kai-muturrak oraingoz ez egitea, ibaiko korronteek nola erantzuten duten ikusi arte, beti egongo baita denbora harriak erriora botatzeko. Gainera, uste dut itsasadarraren ikerketa sakona ere egin behar dela datorren agintaldian.