"Ez genuen espero denboraldi hasieran lehen postuan egoterik"

Aiora Larrañaga Solaberrieta 2023ko mai. 4a, 09:18

Sara Loidi eta Amane Erkizia. (Aiora Larrañaga Solaberriera)

OBBk "ezin hobeto" abiatu du denboraldia, eta hango jokalari Sara Loidi eta Amane Erkizia gazteak sofbol taldea ematen ari den mailaren gakoez aritu dira.

Sara Loidik (Orio, 2006) eta Amane Erkiziak (Orio, 2007), gazteak izanagatik, Espainiako Ohorezko Sofbol Ligan jokatzen dute OBBrekin. Taldea egiten ari den denboraldi hasiera "bikaina" izan dute hizpide. 

Espero al zenuten halako hasierarik?

SARA LOIDI: Orain arte jokatu ditugun partida guztiak irabazi ditugu, eta ligako lehen postuan kokatuta gaude beste bi talderekin berdinduta; Bartzelonako Sant Boirekin eta Madrilgo Rivasekin, hain zuzen ere. Oso talde indartsuak dira, ligako onenak, beraz, guretzat sekulakoa da eurekin pare-parean ibiltzea. Ez genuen espero denboraldia horrela hasterik.
AMANE ERKIZIA: Lehen postuan berdinduta egoteak esan nahi du euren maila ematen ari garela eta euren aurka lehiatzeko gai garela. Oso gustura gaude.

Zer aldatu da taldean iaztik?
S. L.: Liga bi multzotan banatuta jokatzen dugu, eta iaz gure multzoan hirugarrenak izan ginen; sailkapen orokorrean, berriz, bosgarren eta seigarren postuen artean geratu ginen. Duela bi urte aldaketa garrantzitsuak gertatu ziren taldean: esperientzia handia zuten jokalari batzuk joan egin ziren, eta gazte asko igo ginen talde nagusira. Horrelako aldaketak gertatzen direnean, taldeak urte batzuk behar izaten ditu egonkortzeko, eta uste dut aurreko urteetan egindako lanaren emaitza ikusten ari garela.
A. E.: Entrenamenduetatik kanpo ere oso ondo moldatzen gara; konfiantza handia dugu, eta plan asko egiten ditugu elkarrekin. Horrek taldea indartzen laguntzen duela iruditzen zait.

15 eta 16 urte dituzue, eta sofboleko gorengo mailan jokatzeko aukera duzue. Ez da zuen adineko jokalari asko jardungo gorengo mailan, ezta?

S. L.: Sofbola ez da futbola edo saskibaloia bezain ezaguna, eta jokalari gutxiago garenez, goi mailara iristeko aukera gehiago izaten dugu. Dena dela, horrek exijentzia handia ere eskatzen du. Partidak guk baino indar eta esperientzia handiagoa duten aurkarien kontra jokatzen ditugu, eta %100 eman behar izaten dugu. 
A. E.: Norberaren izaeraren araberakoa ere bada. Entrenatzaileak goi mailako partida jokatzeko aukera ematen duenean, aprobetxatzen jakin behar da. Aurkariak gu baino hobeak izan arren, beti izaten ditugu taldearen laguntza eta babesa, eta eskertzekoa da, kirolari bezala hazten laguntzen baitu horrek.

OBBren filosofiaren giltzarria al da talde kohesioa?

S. L.: Beti sustatu izan dugu taldean giro ona izatea. Ni Espainiako Selekzioarekin bilduta egon naiz duela gutxi, eta beste taldeetako kideek komentatu zidaten OBBn dugun harreman ona begi bistakoa dela. Gurea talde txikia da, herri mailakoa, eta horrek giro ona izatea erraztu egiten du. Talde handiagoetan jokalarien arteko lehiakortasuna handiagoa izaten denez, horrek giro txarra sor dezake.
A. E.: Hain zuzen ere, taldeko kideen artean dugun adin desberdintasuna gure arteko konfiantzak eta laguntasunak orekatzen du. Esperientzia transmisioa etengabea da OBBn, eta zelaira ateratzen garenean badakigu taldearen babesa dugula. Akatsen bat eginez gero, inork ez digu aurpegiratzen, badakitelako gazteok esperientzia hartzeko partidak jokatu behar ditugula; prestakuntzaren parte da.

Denboraldi honetarako ezarri zenituzten helburuak aldatu al dituzue?

S. L.: Liga hasi baino lehen, Erreginaren Kopa zen gure helburua, baina lehen jardunaldietan egindako lana ikusita, gustatuko litzaiguke ligako lehen bi postuetan sailkatzeko borrokan aritzea. 

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide