Euskadiko Angulero Elkarte eta Eusko Jaurlaritza akordio batera iritsi dira. Hala, angulen harrapatzea kirol-arrantza izatetik, jarduera profesional izatera pasako da akordioaren bidez.
Antzinako euskal tradizioa bada ere, azken urteetan bera egin du aingira europarraren kopuruak nonbait. Hori dela eta, Europar Batasunak angularen kirol arrantza debekatu egin du, eta erabaki hori “bidegabekeria” izan da Euskadiko Angulero Elkartearentzat: “Europako angula-arrantza osoaren % 1a baita, profesionalen % 99aren aurrean”. Egoera horren aurrean, Eusko Jaurlaritzako Arrantza eta Akuikultura Zuzendaritzarekin eta beste hainbat sailekin jarri dira harremanetan, eta “lau hilabetez, bilera ugari eta etengabeak egin” ondoren, lortu dute akordioa. Hala, jarduera horretan jarraitzeko aukera izango dute Euskadiko anguleroek.
Adostutakoaren arabera, angula arrantzatzeko lizentzien kopurua 150era jaitsiko da —gaur egun 700 bat dira, hau da, %80 ingurura murriztuko dira lizentziak—.Baimenen bi heren aldez aurretik adostutako baremoen arabera banatuko dituzte, eta beste herena, zozketa bidez.
AZTI zentro teknologikoa arduratuko da arrapatu ahalko diren angula kopuruak ezartzeaz. Era berean, batzorde bat eratuko dute. Hain zuzen ere, angula denboraldia aztertuko du batzordeak, eta egoeraren arabera, neurriak hartzeko eskumena izango du. Horren parte izango dira Eusko Jaurlaritza, AZTI, talde ekologista eta Euskadiko Angulero Elkartea.
Gainera, bi salmenta puntu bakarrik ezarriko dituzte Euskadin: bata Gipuzkoan egongo da, eta bestea, Bizkaian. Dena den, lekua zehazteke daude gaur-gaurkoz. Baimendutako puntu horietan, angulak enkante bidez salduko dira, Eusko Jaurlaritzak horretarako ezarritako arauen arabera.