Eñaut Marti: "Musika nire bizitza da, ezingo nuke bizi hori gabe"

Mireia Galarza Bastida 2023ko api. 30a, 13:04

Eñaut Marti kontzertu batean. (Eñaut Marti)

Eñaut Marti oriotarra Txinan bizi da duela zazpi urtetik. Musikaren inguruan eraiki du bere bizimodua, afizioa ez ezik, ofizioa ere bai baita berarentzat. Egun, Shanghai Qiutian musika taldeko kidea da. Urtarrilean amaitu dute taldearen azken bira, baina berehala ekingo diote bira berriari, maiatzean.

Berriki egin duzue bira Asian eta Europan. Zer moduz joan da?

Egia esateko, nekatuta eta kilometro pila bat eginda gaude, baina oso ondo joan da. Furgonetan egin genuen bira, eta hori izan da aldaketa handiena. Gainontzean, zoragarri. Korean, Islandian, Euskal Herrian, Espainian, Frantzian, Ingalaterran, Suitzan, Austrian, Alemanian, Eslovakian eta Polonian izan gara, eta harrituta geratu ginen leku horietan gure kontzertuak ikustera etorri zen jendetzarekin. Ingalaterran, adibidez, lau kontzertu eman genituen, eta horietatik hirutan sarrera guztiak amaitu ziren. Kontuan hartu behar da horietako batzuetan 400 pertsona inguru sartzen zirela. Hori ikusita, urrian berriro bueltatuko gara. Gainera, bertan jende asko ezagutu dugu, tartean, gure hurrengo diskoko argitaletxea. 

Orioko sanikolasetan ere jo zenuten. Nolakoa izan zen berriz etxean aritzea? 

Arraroa egiten zait, baina ez Orion bakarrik, Euskal Herri osoan gertatzen zait, baita Espainiako hainbat lekutan ere. Gogoratzen dut behin Madrilen jo genuela, eta sentsazioa neukan jendea denbora osoan niri begira zegoela; ezin nuela ni izan. Txinan denbora asko daramat bizitzen, eta batzuetan sentipena daukat inguruko jendea orain dela zazpi urteko ni bat ikusten ari dela. Kostatu egiten zait etxetik hurbil ni neu izatea. 

Txinan bizi zara egun, baina nolatan erabaki zenuen bertara joatea?

Lidergo Ekintzailea eta Berrikuntza Gradua ikasten ari nintzen Mondragon Unibertsitatean, eta ikasketa planean sartzen da Txinara bidaia, baina bi hilabeterako bakarrik. Txinan geundenean konturatu ginen gure proiektuak etorkizuna izan zezakeela bertan, eta han geratzea erabaki genuen. Horretarako unibertsitateko irakasleekin hitz egin behar izan genuen, eta haiek konbentzitu, esanez guk gure enpresa Txinan eraikitzea lortu genuela eta ondo zihoala. Azken finean, guk esaten genien: "Zertarako itzuli behar dugu gure enpresa hemen ondo badoa?". Ez zeukan logikarik itzultzeak. Amari ere deitu behar izan nion, momentuz ez nintzela etxera bueltatuko esateko, kar-kar. Zer diren gauzak, txantxa bat ematen du, baina azkenean, zazpi urte daramatzat Txinan bizitzen. 

MusicLAB proiektua da aipatzen duzuna, ezta?

Hori da. Hala ere, proiektuaren hastapenak aspaldi kokatu behar dira. Izan ere, guk bere garaian Gure Bazterrak jaialdia antolatzen genuen Orion, orain ere martxan dagoena, eta horren ondoren, musika kanpamenduak etorri ziren. Txinara etorri ginenean, ideia horri tiraka sortu zen MusicLAB. Berez tailer batzuk ziren, baina gero, dimentsio handiagoa hartu zuen proiektu bilakatu zen, eta eskuetatik ihes egin zigun azkenerako. Pentsa, pandemia etorri aurretik bost eskola eta berrogei langile baino gehiago geneuzkan. 

Txinan neurri murriztaile asko hartu zituzten, eta luzaroan mantendu dira batzuk, orain dela gutxira arte. Zuei nola eragin dizue horrek?

COVID-19a iritsi aurretik nire musika taldean fokua jartzen hasi nintzen, eta pandemiak balio izan digu MusicLAB proiektua beste modu batera kudeatzeko. Beti izan naiz, gainera, oso pertsona positiboa, eta alderik onena ateratzen saiatu nintzen. Adibidez, online bidezko eskaintzan salto handia eman genuen, eta konturatu ginen negozioa berdin-berdin egin zitekeela horrela ere. Onartu behar dut ni oso pertsona erromantikoa naizela, eta gustuko nuela nire eskolak eta marka kaleetan ikustea, baina gastu handia suposatzen zuen alokairuak. Orain beste eskolentzako zerbitzuak ere eskaintzen ditugu, bertako irakasleei erakutsita. Horrela lortu duguna da eskola fisikorik ez izatea, baina proiektuak martxan jarraitzea. Egun, beste pertsona txinatar batek darama proiektua, eta ez nago eskolaren egunerokotasunean, baina hor jarraitzen dut, erabaki handiak-edo hartu behar direnerako.

Shanghai Qiutian taldean jarri dituzu indar guztiak, beraz. Zer da zuretzat musika?

Egia esan behar badizut, musika nire bizitza da, ezingo nuke bizi hori gabe. Eguneko 24 orduak musikarekin zerikusia duten gauzak egiten igarotzen ditut. Taldeari dagokionez, nitaz gain, taldean Suitzako bat eta beste bi txinatar daude, eta nahasketa hori bereizgarria ere badela iruditzen zait. Azken finean, ez daude gure mailan musika egiten duten horrelako talde gehiegi. Gure kasuan, gainera, txineraz egiten dugu musika, %80 bai, behintzat. Disko berrian bi abesti daude ingelesez, baina normalean txineraz aritzen gara. 

Bakarka ere ibiltzen zara musika sortzen. Zer bilatzen duzu proiektu horrekin?

Taldearekin gertatzen zaidana da bertako kideek gelditu egin nahi izaten dutela bira egin eta gero, eta nik jarraitu egin nahi izaten dut sortzen. Azken bira amaitu berritan taldeko bi kidek esan zidaten pixka bat bakean uzteko, eta harritu egin ninduen, baina gero ondorioztatu nuen hori pentsatzea ere normala dela. Kontuan hartu behar da jende berarekin denbora asko igarotzen dela horrelako bidaietan, eta normala da gero beraiek ez ikusi nahi izatea denbora batez. Niri, ordea, ez zait horrelakorik gertatzen, etxera iritsi eta hogei minutura hasten bainaiz hurrengo egunean nora joan gaitezkeen pentsatzen. Horren harira dator bakarkako diskoa, daukadan denbora libre gutxi hori aprobetxatzeko, baita taldekideak gehiegi ez nazkatzeko ere. Pentsatzen ari naiz bakarkako bira ere egitea, baina lehenengo taldearena dugu maiatzetik uztailera, eta ikusiko da abuztuan bakarkakoa egin dezakedan. Azken finean, bakarkako proiektua askoz ere txikiagoa da, eta presio txikiagoa dut kontzertu sorta bat eskaintzeko. Lehentasun gehiago dauka taldeak. 

Txina aipatu, eta kaosa da burura etortzen zaigun lehenengoetako hitza. Nolakoa da zure egun bat Txinan?

Ederrari galdetu diozu! Nire bizimodua asko aldatu da azken bi urteetan, batez ere, nire musika taldeari lehentasun gehiago ematen hasi nintzenetik. Azken urte eta erdian behin bakarrik igaro ditut bi aste leku berean, pentsa. Momentu honetan, maiatzeko bira prestatzen nabil, 40 kontzertu baino gehiagokoa, eta aldi berean, taldearen bueltan sortu genuen New Era Record diskografikoari ere denbora asko eskaintzen ari naiz. Gure diskoez gain, bestelako taldeenak ere ateratzen ditugu bertan, eta horrek denbora eta lana eskatzen du. Birak eta promozioak ere gure esku daude, eta horrekin lana areagotzen da. Ez naiz geldirik egoten den horietakoa, nahiz eta azkenaldian hori egiten ere ikasten ari naizen.

Diote txinera oso zaila dela ikasteko. Erraza egin al zaizu zuri?

Oraindik hor nabil, maratoi bat bezala baita txinera ikastea, bizitza osorako zerbait. Azkena hiru hilabete pasatu nituen Txina hegoaldean egunero-egunero hizkuntza hori ikasten, eta hurrengo urtean ere segur aski berriro joango naiz beste leku batera helburu berarekin. Izan ere, hitzek, tonu desberdina erabilita, guztiz esanahi desberdina hartzen dute hizkuntza asiatikoan, eta beraz, berriketako testuinguruan galtzen bazara, normalena da solasaldiaren haria galtzea. Gainera, niri gertatzen zaidana da besteek ni baino gehiago ulertzen ditudala neuk besteak. 

Zer dauka zuretzat Txinak, bertan geratu nahi izateko?

Gauza pila aurki daitezke hemen, edozein zentzutan. Orain Hong Kong alboan nago, adibidez, eta hemen ia klima tropikala dugu, baina joan zaitezke Txina iparraldera, eta oraintxe bertan dena izotza dago. Desertu batean ere arazorik gabe egon zaitezke Txinako punta batean, eta hortik bi egunera, surf egiten aritu. Hori guztia Txina barruan. Benetan diot, Txina sekulakoa da. Kanpotarrak ere oso gutxi daude hemen, eta horietatik asko Asiakoak dira; beraz, itxura aldetik desberdintzen garenok oraindik eta gutxiago gara. Sentitzea uneoro txinatarrez inguratuta zaudela gauza aparta eta berezia da, baina hala ere, batzuetan nazkatu egiten zara desberdina izateaz. 

Eta desberdina izanda, lortu duzu bertakoen artean integratzea?

Baietz esango nuke. Izan ere, nirekin lan egiten duten guztiak txinatarrak dira, baita nire musika entzuten dutenak eta nire lagunak ere. Hala eta guztiz ere, batzuetan jokoz kanpo sentitzen naizela esango nuke, beti kanpotarra izango naizen sentsazioa dudalako. Izan ere, esan bezala, Txinara immigratzen duen pertsona kopurua ez da beste leku batzuetan adinakoa. Desberdina izaten ere ikasten da, ordea.

Txinan bizimodua egin baduzu ere, zer botatzen duzu faltan Oriotik?

Geroz eta gehiago botatzen dut faltan Orio. Bertan izan nintzen azken aldian familiarekin egoteko aprobetxatu nuen, eta nire bigarren eta hirugarren ilobak ere ezagutu nituen. Lehen, adinagatik izango da agian, ez nuen hainbesteko herriminik sentitzen, baina egia esateko, geroz eta gehiago botatzen ditut faltan familiakoak. Maiatzean, gainera, segur aski aita eta ama etorriko dira ni bisitatzera, eta horrek izugarrizko ilusioa egiten dit.  

2018an egindako elkarrizketa batean esan zenuen luzerako egongo zinela Txinan. Berdin pentsatzen jarraitzen duzu?

Bai, bueltatzeko asmorik ez dut, asko disfrutatzen ari naiz hemen. Egia da, ordea, gehiagotan joatea gustatuko litzaidakeela bisitan, edo gutxi joanez gero, denbora gehiagorako. Oraingo bizitza estiloak, gainera, ahalbidetzen dit hemen denboraldi batez nire gauzak egin eta gero familia bisitatzera joatea. Hala ere, hemen ikusten dut neure burua, bai. Jende askok dioena gertatu zait niri ere: zenbat eta denbora gehiago egon leku batean, are zailagoa zait gero bertatik mugitzea.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide