EHNEk elkarretaratzea egin du artzainak jasotako jipoia salatzeko eta "baserritarrekiko errespetua" eskatzeko

Andrea Zipitria 2023ko api. 28a, 14:17

EHNE Gipuzkoa elkarteko lehendakaria den Garikoitz Nazabalek idatzi bat irakurri du, eta egoera horien aurrean "baserritarra babestuko duen lege baten beharra" azpimarratu du.

EHNE Euskal Herriko Nekazari Elkarteak elkarretaratzea egin du Orioko Benta auzoko merenderoan Errespetua lelopean. Babesa adierazi diote orain egun batzuk jipoia jaso zuen artzainari, esanaz kasu hori "muturrekoa" izan dela, eta "errepikaezina".

Bertan izan da Gipuzkoa mailan elkarteko lehendakaria den Garikoitz Nazabal, eta idatzi bat irakurri du, azalduz, txakurrekin mendian ibilaldia egitera irtendakoan, hauek lotuta joan behar dutela: "ez da baserritarren kapritxo bat, Foru Aldundiko Mendiko Foru Arauan argi adierazten den neurria da", azaldu du. Izan ere, "txakurrak abereak izutzen ditu, hozka egiten ez badio ere, eta horrek kalte egiten dio animaliaren ongizateari. Abortuak, heriotzak, amiltzeak... hamaika adibide jar ditzakegu".

Duela egun batzuk gertatutako kasua izan da "lau haizetara" zabaldu dena, baina halako egoerak "egunero" pairatzen dituzte, baserritarrak; "herritar askok uste dute belardi bat edota abere bat ikusten dutenean, edozer egiteko aukera dutela, eta horrek ezin du izan". Horregatik, elkarretaratzea aprobetxatu dute orokorrean eskatzeko, baserritarren ogibidearekiko errespetua. "Sarri, itxiturak ez dira topatu bezala berriz ere uzten. Arrisku egoera sortzen du jarrera horrek eta baserritarra kaltetzen du, baita abereak ere. Bestetan, itxita dagoen eremu batean sartzeak, negurako prestatuko ditugun belarrak kaltetzea ekar dezake. Honetan ere baserritarra eta abereak ateratzen dira kaltetan, batek diru gehiago xahutu behar duelako eta bestea jatekorik gabe gelditzen delako. Zer esanik ez, egun pairatzen ari garen lehortearekin".

Egoera horien aurrean, "baserritarra babestuko duen lege baten beharra" azpimarratu dute.

 

 

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide