Warda Mallal: "Bizitza osoa daramat dantzaren munduan murgilduta"

Aiora LarraƱaga Solabarrieta eta Andrea Zipitria 2023ko api. 29a, 15:30

Warda Mallal. (Andrea Zipitria)

Orion izaten den Dance Contest txapelketaren antolatzaileetako bat da Warda Mallal, eta Karkarak apirileko alean elkarrizketatu egin du dantzaria.

Mila dantzari inguru bildu zituen martxoaren 19an Dance Contest txapelketak. Warda Mallal dantzaria da antolatzailea, eta dantza urbanoaren mundua izan du hizpide. 

Zer moduz joan zen txapelketa?

Egia esan, oso ondo. Urtero bezala, urduri hasi genuen eguna, baina bukatu zenean, egunaren errepasoa egin eta primeran atera zela konturatu ginen.

Lan handia eskatuko du tamaina horretako txapelketa antolatzeak, ezta?

Bai, handia. Askotan iruditzen zait jendea ez dela konturatzen txapelketak dakarren prestaketa lanaz. Hilabeteak pasatzen ditugu antolaketa lanetan, baina azken astean estres handia izaten dugu. 

Zer nabarmenduko zenuke aurtengo edizioaz?

Oso maila altuko txapelketa izan da. Lehia estua egon da taldeen artean, dantza eskola oso onek parte hartu dutelako. Epaimahaiarentzat ere zaila izan da irabazleak aukeratzea.

Zuk ere parte hartu al duzu?

Ez, uste dut txapelketetan parte hartzeko nire momentua pasatu dela. Nire adineko dantzariek txapelketetan parte hartzen zutenean, ni seme-alabak hezten ari nintzen, eta orain ez dut neure burua ikusten lehiatzen. Dena dela, asko gozatzen dut dantza eskolak ematen eta txapelketa antolatzen. Gaztetan, artean Marokon bizi nintzenean hasi nintzen irakasle. Handik gutxira Euskal Herrira etorri nintzen, eta hemen sabel-dantzako irakaslea izatea proposatu zidaten; hori izan zen nire lehen lana hemen. Hasieran Orion hasi nintzen eskolak ematen, baina pixkanaka ekialdeko dantzen irakaslea nintzela zabaldu zen, eta dantza eskola askotatik deika hasi zitzaizkidan.  

Zuretzat zer da dantza?

Bizitza osoa daramat dantzaren munduan murgilduta, haurra nintzenetik. Urte hauetan guztietan hainbat estilo jorratu ditut: sabel-dantza, dantza urbanoa, tribal fusion, popping dance, comercial dance, burlesque... Horretarako, etengabe ikasten dihardut nazioarte mailako irakasleekin; izan ere, masterrak antolatzen dira dantzarientzat, estiloak perfekzionatzeko. Dantza estilo desberdinak fusionatzea dut gustuko.

Denbora asko eskaintzen al diozu dantzari?

Orain lehen baino gutxiago entseatzen dut, seme-alabekin uztartu behar dudalako dantza, eta ez delako beti erraza izaten. Lehen Zarautzen nuen nire dantza eskola, baina lokala saldu egin dute, eta hamar urteren ondoren, itxi egin behar izan nuen. Orain, Zarautzen eta Azpeitian ematen ditut dantza eskolak, eta bitartean, etxeko salan entseatzen dut, alabarekin batera.

Zure alaba ere dantzaria al da?

Bai, Salmak urteak daramatza erakustaldiak ematen. Dance Contest txapelketan, esaterako, epaimahaiak irabazlea zein den erabakitzeko atsedena hartzen duenean, Salma igotzen da agertokira. Dantza munduan dabilen jendeak ezagutzen du, eta 8 urte dituen arren, askok jarraitzen dute bere ibilbidea. Aurtengo erakustaldian, esaterako, oso maila ona erakutsi zuen, arrakasta handia lortuz.

Gustatzen al zaizu alabak zure urratsak jarraitzea?

Bai, noski. Ez dut sekula behartu dantza egitera, baina barruan darama. Orioko bere lagun batekin binakako saioa egiten du, eta benetan ikusgarria da. Hain zuzen ere, apirilean, Zarauzko Munoan egingo den dantza galan K-Pop dantza erakustaldia emango dute. Pop korearra oso modan jarri da gazteen artean, eta funkya, hip hopa eta jazza uztartuz dantza egiten da. Bi seme ere baditut, baina haiek nahiago dute futbola.

Ez zara geldik egotekoa. Proiektu berririk ba al duzu buruan?

Orioko kiroldegian dantza latinoen txapelketa antolatzea gustatuko litzaidake. Espainian toki askotan antolatzen dituzte, baina hemen ez dago txapelketa garrantzitsurik.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide