Orioko Udalak desaktibatu egin du oroimen gunea, Aranzadik hala eskatuta

Ihintza Elustondo 2023ko api. 22a, 11:32

Itxi egin dute 'oriooroimena.eus' ataria.

Hainbat udalerrik martxan dituzten oroimenaren webguneetan "ETAren biktimen eta kideen arteko parekatzea" kentzeko eskatu zion duela aste batzuk Espainiako Gobernuak hainbat udali, tartean, Oriokoari. Polemikaren erdian, oriooroimena.eus webgunea itxi du Orioko Udalak, Aranzadik hala eskatuta.

Aranzadi zientzia elkarteak biktimen inguruan osatutako webguneak polemika iturri dira aspaldian. Izan ere, hainbat udalerrik martxan dituzten oroimenaren webguneetan "ETAren biktimen eta kideen arteko parekatzea" kentzeko eskatu zion duela aste batzuk Espainiako Gobernuak hainbat udali, tartean, Oriokoari. Sei udalerriri egin zien eskakizun bera Gobernuaren ordezkaritzak, hilabeteko epean eskatutako aldaketak egin ezean, udal horien kontra Estatuaren Abokatutzak "dagozkion ekintzak" abiaraziko zituela gaineratuta. Gertaerak iritzi kontrajarriak eragiteaz gain, izan ditu bestelako eraginak ere: oriooroimena.eus webgunea itxi du Orioko Udalak, Aranzadik hala eskatuta. Gaur-gaurkoz, zera dio webgunean atarian eskegita ageri den mezuak: "Aranzadik egindako lan zientifikoa behin behinean ez da eskuragarri izango, zientzia elkarteak hala eskatuta".

Tolosako eta Erandioko udalek –EAJk gobernatzen du udalerri horietan– duela egun batzuk itxi zituzten oroimenaren webguneak. Izan ere, joan den astean, EAJk Erandioko eta Tolosako bilatzaileak desaktibatzea eskatu zion Aranzadiri, ETAko kideak biktima gisa agertzea ahalbidetzen zuten irizpideak zuzendu arte, "ez delako gauza bera giza eskubideetako urraketen biktima edo espetxe politika bidegabeena izatea". Orain, EH Bilduren esku dauden udalek ere itxi egin dituzte oroimenaren webguneak; Azpeitikoak eta Oriokoak, besteak beste.

Polemikaren hasiera, Galdakaon

Galdakaoko (Bizkaia) PSE-EEren salaketarekin abiatu zen ekaitza. Galdakaoko Udalaren memoria historikoaren webgunean ETAren biktimak eta etakideak giza eskubideen urraketak pairatu dituztenen artean maila berean agertzen zirela iritzita, PSE-EEko zinegotzi batek ETAko kideak webgunetik kentzeko eskatu zuen. Gaiak oihartzun handia izan zuen, eta Galdakaokoaren antzeko webguneak dituzten hainbat udal zipriztindu zituen, webguneen eta horietan jasotako azterketez arduratu den Aranzadi zientzia elkartearen lana ere jopuntuan jarrita.

Besteak beste, webgune horiek zuzentzeko edota ixteko eskatu zuten, sozialistek ez ezik, EAJk, Podemosek edo PPk. Era berean, Espainiako Gobernuak Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan duen ordezkaritzak eskakizuna egin zien sei udali, bakoitzak bere oroimenaren webgunetik "ETAren biktimen eta kideen arteko parekatzea" ken zezan, Orio da sei udal horietako bat; Galdakao, Azpeitia, Oiartzun, Hernani eta Villabona-Amasa beste bostak. EH Bildu dago Udal Gobernuan seietan.

Espainiako Gobernuaren ordezkaritzaren esanetan, oroimenaren webguneotan "ETAko kideak talde terroristak hildakoekin homologatzen dira, eskubideen urraketak jasan zituztela iritzita eta gatibutza gisa definitzen delako estatu demokratiko eta zuzenbidekoaren auzitegiek ezarritako zigorren ondorioz espetxean egotea". Erakunde horrentzat, ez da onargarria "terrorismoaren aurkako borrokan botere publikoen bidezko jarduketen xede" izan direnak biktimatzat hartzea, eta Terrorismoaren Biktimak Aitortu eta Osorik Babesteari buruzko Legea urratzen du horrek. Ondorioz, "ETA talde terroristako kideak, justiziatik ihes egin dutenak edo terrorismo delituagatik zigortutakoak" webguneetatik kentzeko eskatu zien Espainiako Gobernuaren ordezkaritzak aipatutako sei udalei, "baldin eta haien izenak biktima izenekoen artean sartu bazituzten".

Auzitarako mehatxuarekin osatu zuen eskaera Denis Itxaso buru duen ordezkaritzak. Hilabeteko epea eman zien Azpeitiko Udalari eta beste bostei eskatutakoa betetzeko; epe horretan horrela egin ezean, Estatuaren Abokatutzak "dagozkion ekintzak" abiaraziko zituela aurreratu zuen Espainiako Gobernuaren ordezkaritzak.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide