Bizitza gurpil gainean, Amerikan barrena

Aiora LarraƱaga Solaberrieta 2023ko api. 22a, 11:30

2022ko maiatzaren 2an atera ziren Karen Larrañaga eta Unai Illarramendi Oriotik Montevideo aldera, Alai eta Oihan semeekin batera, helburu argiarekin: autokarabana hartuta Amerikan barrena bidaiatzea. Hamar hilabete daramate atzerrian, eta orain, apirileko Karkarak, erreportajea landu du beraiekin.

Duela hamar hilabete abiatu zuten Karen Larrañagak eta Unai Illarramendik askoren ametsetako bidaia Alai eta Oihan semeekin batera: autokarabanan Hego Amerika zeharkatzen ari dira, eta aste gutxi barru Ertamerikara pasatzea da haien asmoa. Izan ere, ibilgailua matxuratu zaielako atseden hartzen ari dira Kolonbian, apartamentu batean. "Polita bezain gogorra da autokarabanan horrenbeste herrialde ezagutzea", azpimarratu dute. 28.000 kilometro inguru egin dituzte, eta zortzi herrialde zeharkatu. "Ordu asko pasatu ditugu errepidean, eta, sentitzen genuen espazio pixka bat behar genuela, eremu txiki batean bizi izan garelako hamar hilabetez. Horregatik, autokarabana konpontzen dugun bitartean, apartamendu batean gaude", azaldu du Larrañagak.

2022ko maiatzaren 2an atera zen familia Oriotik, itzulera eguna zehaztu gabe. Familiari eta lagunei bidaia abiatzeko hilabete gutxi falta zirenean abisatu bazieten ere, zazpi urte pasatu zituzten bidaiarako dirua aurrezten. "Lagun min batzuek bazuten gure asmoaren berri, baina ezustean harrapatu genituen lagun gehienak eta familia". Izan ere, Larrañagak aspaldidanik zuen egunerokoan parentesi bat ireki, eta denboraldi batez bidaiatzeko gogoa. Lehenengo semeaz haurdun zegoenean komentatu zion bere nahia bikotekideari, eta hark pixka bat pentsatu ondoren, bera ere prest zegoela erantzun zion. "Orduan hasi ginen dirua aurrezten, baina ideia argirik gabe. Hasieran, ez genekien nora joan, ezta nola bidaiatuko genuen ere. Aukera desberdinak genituen: motxila hartuta, autokarabanarekin….", gogoratu du Illarramendik.

Urte horietan guztietan buruan zebilkiten ideia, baina izurriteak bultzatu zituen erabakia hartzera. "Lehen urteetan haurrak oraindik txikiegiak zirela iruditzen zitzaigun, baina izurriteak mundua geratu egin zuen, eta guri zer pentsatua eman zigun. Etxean horrenbeste egun pasatu ondoren, jende guztiari sortu zitzaion gauzak egiteko grina, eta guk erabaki genuen mugak irekitzen zituztenean bidaia abiatuko genuela". Autokarabanarekin bidaiatzea erabaki zuten, "haurrak txikiak zirenez, gauero ostatua bilatzen jardun behar ez izateko". Eta horretarako egokiena Hego Amerika izango zela pentsatu zuten.

Behin helmuga eta garraiobidea aukeratuta, Hego Amerikarako bideari ekin aurretik hainbat gai itxita utzi zituzten etxean, lan kontuak argituta, eta beren etxebizitza alokairuan jarrita. "Hasiera batean, ez ginen ibilbide jakin bat zehaztuta etorri. Autokarabanak Ameriketara ekartzeko portu jakin batzuk daude Mexikon, Kanadan eta Uruguain, esaterako. Beste bidaiariek izan zuten esperientzian oinarrituta, eta hasieran behintzat hizkuntza oztopo izan ez zedin, Montevideoko portua aukeratu genuen horretarako".

Ezagutu nahi zituzten lekuak pentsatuta bazituzten ere, ibilbidea bidean zehar erabakitzen joan direla aitortu dute. "Hasieran gure asmoa zen Montevideotik Argentinara jaistea, baina une horretan negua zetorren hego hemisferiora, eta Patagonia ezagutzeko garairik aproposena ez zela ohartu ginen". Hotza eta elurra izaten dira neguan Patagonian, eta egun osoa karabana barruan pasatzeko, Argentina iparraldean kokatuta dauden Iguazuko ur-jauzietara joatea eta handik Brasilera igarotzea erabaki zuten. "Herrialde horretan ere negua zen, baina 25 gradu inguruko tenperatura egiten du egunez, eta 18ra jaisten da gauean, karabanan bidaiatzeko eta bizitzeko aproposa". Bi hilabete eta erdi pasa zituzten bertan, Perito Moreno glaziarra ikustera Patagonia aldera abiatu ziren arte. "Ideia jakin bat izan arren, bidaian zehar planak aldatzen joaten dira. Hasiera batean, esaterako, Brasil ez zen gure asmoetan sartzen, baina oso gustura egon ginen bertan. Esan dezakegu udako oporraldi moduko bat pasatu genuela Brasilen, herrialdeak eskaintzen dituen hondartzez gozatuz".

Esperientzia biziz

Illarramendiren eta Larrañagaren helburua beti izan da "esperientzia bizitzea", eta bideak berak "ezustekoak" ematen dituela ohartu dira, "natur ingurune ikusgarriak ikusteko eta jendearekin hartu-emana" izateko aukera eskaintzen baitu etengabe. "Gure ustez, horrek ematen dio zentzua bidaiari. Jende berria ezagutzeak eta haiekin uneak partekatzeak. Batzuetan bidaiariak izaten dira eta, beste batzuetan, berriz, bertako jendea. Naturaltasunez sortzen diren harremanak dira. Atzerritar gutxi ibiltzen den eremuetan, Perun, Bolivian edo Kolonbiako inguru batzuetan, atentzioa ematen du autokarabanan bidaiatzen ari den familia batek, eta jende asko gerturatzen zaigu galderak egitera. Bidean ezagutzen diren pertsona horiekin bizitako uneak geratzen dira grabatuta, oso aberasgarria da". 

Eremu turistikoetan, berriz, autokarabanan bidaiatzen ari denari "zailtasun gehiago" jartzen diotela ere sentitu dute, "aparkatzeko zailtasunak-eta jarriz". "Saiatzen gara horietara ez joaten autokarabanarekin, guretzat ere ez baita erosoa", azaldu du Larrañagak. 

Argi dute leku bakoitzak bere xarma izaten duela. "Argentinan paisaia ikusgarriak eta bertako fauna ezagutzeko aukera izan genuen, eta Brasilen, berriz, hondartzez eta giroaz gozatu genuen. Dena dela, konturatu gara unerik berezienak naturarekin konexio zuzenean egon garenetan bizi izan ditugula: nonbaiten bakar-bakarrik egon garenean; goizean jaiki, autokarabana ireki, eta aurrean itsaso zabala topatu dugunean, edo basoan erreka baten ondoan egon garenean. Uyuniko gatzezko desertuan gaua pasatzea ere izugarria izan zen; ez da ezer entzuten, inguru guztian zehar ez baitago ezer", deskribatu du Illarramendik.

Ezustekoak bidean

Hainbat anekdota eta pasarte bizitzen ari da familia Hego Amerikan, eta batzuk "betirako" gogoan izango dituztela aitortu dute. Abenduaren 24a, esaterako, Copacabanan (Bolivian) pasatu zuten, 3.800 metroko altueran dagoen Titicaca lakuan. "Inguru horretan denbora asko pasatu genuen. Izan ere, Perura igaro nahi genuen, baina gatazka politikoa dela-eta erreboltak zeuden, eta errepideetan piketeak jartzen zituztenez, Bolivian egon ginen giroa lasaitu bitartean. Gabonetan, ordea, su-etena izango zela iragarri zuten urtarrilaren 4ra bitartean, eta erabaki genuen abenduaren 25ean Perura igarotzea. Bagenekien astebete izango genuela herrialdea zeharkatzeko; Machupichu ezagutu nahi genuen, baina, azkenean, ezinezkoa izan zen. Muga pasatu genuen, baina lehenengo herria zeharkatutakoan, errepidea moztuta aurkitu genuen. Buelta eman eta jatetxe batetik ateratzen ari zen bertako familia bat ezagutu genuen. Hizketan hasi ginen, eta autokarabana ikusi nahi zuten galdetu genien; barrura sartu ziren eta ardo bat eskaini nien", azaldu du Illarramendik. Azkenean, Eguberri Eguna beraiekin bukatu zuten; "bere etxe azpira eraman genuen karabana eta han egin genuen lo. Euskal Herrian pentsaezinak diren gauzak galdetu zizkiguten naturaltasunez. Hurrengo egunean beren ama ezagutzera eraman gintuzten, oso emakume berezia, benetan, eta zopa bat prestatu zigun. Une horiek gogoratzen dira; bidaian gauzak ez dira ateratzen uste bezala, baina beste ezusteko batzuk hartzen dira. Polita da". 

Helduentzat ez ezik, etxeko txikientzat ere "oso esperientzia aberasgarria" izaten ari dela uste dute Larrañagak eta Illarramendik. "Hala ere, uste dugu adinak eragina duela bidaia bizitzeko moduan. Alaik 8 urte ditu, eta norabait iristen garenean gehiago baloratzen du ikusten duena; Oihanek, berriz, azaroan 5 urte egin zituen, eta askotan zerbait ikusi eta segituan joan egin nahi izaten du; gainera, antzematen dugu herrimin gehiago duela eta etxera bueltatzeko gogoa ere izaten du, batez ere, denbora luzez beste haurrekin egon ez denean". Gainera, bikoteak uste du bidaiak haurrei balio izan diela askatzeko eta beste umeekin erlazionatzeko. "Hasieran, ume talde bat ikusten zutenean, ez ziren gerturatzen lotsa ematen zielako, baina orain zuzenean joaten dira haurrak dauden tokira, eta segituan egiten dituzte lagunak. Badakite jolastu nahi badute beraiek gerturatu behar dutela".

Hausnartuz

Hamar hilabetez autokarabanan oso gauza gutxirekin bidaiatzen aritu ondoren, etxeko bizimoduaz hausnartzeko tartea ere izan dute. Illarramendik uste du bi alderdi daudela. "Alde batetik, konturatzen gara Orion egunerokoan zeinen azkar bizi garen, lanean eta errutinan murgilduta. Bestetik, ordea, ohartu gara Euskal Herrian bizi kalitate oso ona dugula. Hego Amerikan Euskal Herrian baino 40 urte atzerago daude aspektu askotan, eta gabezia handiak dituzte". Horrez gain, gutxirekin bizitzen ere ikasi dutela aitortu dute. Larrañaga barrez mintzatu da: "Unairi esaten diot Oriora bueltatzen garenean gauza erdiak ez ditudala berriz etxean jarriko. Etxea alokairuan jarri genuen etorri ginenean, eta gure gauzak ganbaran jasota utzi genituen, baina uste dut hantxe geratuko direla. Arropa piloa, sukaldeko traste guztiak... Hemen zartagin eta ontzi banarekin moldatzen gara".

Orain Kolonbian dago familia, eta Panama eta Costa Rica ezagutzea da euren asmoa, baina bidaiatzeko modua aldatu egin nahi dutela erabaki dute. "Sare sozialetan bidaia liluragarria dela dirudi, baina une gogorrak ere baditu. Kontuan hartu behar da etxean nork bere egunerokoa dugula, gure espazioa, eta hemen, berriz, egunean 24 orduz elkarrekin bizi garela laurok oso espazio txikian. Horrek nekatu egiten du. Gainera, autokarabana ere arazoak ematen ari zaigu, eta diru asko ari gara gastatzen konponketetan. Horregatik, erabaki dugu aurrerantzean leku gutxiago bisitatzea, baina horietako bakoitzean denbora gehiago pasatzea; horietan bizimodua egitea, alegia".

Ez dute itzulera datarik jarrita, faktore zehatz batzuek erabakiko dute hori: "Gure animoak, haurrek eta alderdi ekonomikoak esango du noiz itzuli. Zazpi urte pasatu genituen bidaiarako aurrezten, baina orain lanean ari ez garenez, zakua husten ari da, eta faktore ekonomikoak baldintzatzen du bidaia". Dena dela, badakite oso pertsona gutxik bizitzen duten abenturan murgilduta daudela, eta "momentua aprobetxatu" nahi dute. "Familia eta lagunak faltan sumatzen ditugu, ea noiz etortzen zaizkigun bisitan. Baita herrian lagun artean poteo eder bat egitea ere, hemen ez baitago etxean bezalako tabernarik. Hala ere, bidaiaz gozatzen jarraituko dugu oraingoz, etxera bueltatzean ez baitugu izango atzera bueltarik".

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide