Oroimenaren webgunean aldaketak egiteko eskatu dio Espainiako Gobernuak Orioko Udalari

Mailo Oiarzabal 2023ko api. 14a, 16:54

'Orio Oroimena' webgunearen azala.

"ETAren biktimen eta kideen arteko parekatzea" kentzeko eskatu die sei udali Gobernuaren Ordezkaritzak, hilabeteko epean eskatutakoa bete ezean, Estatuaren Abokatutzak "dagozkion ekintzak" abiaraziko dituela gaineratuta. Orioko Udalak ez du adierazpenik egin, baina "gaia aztertzen" ari dela aurreratu du.

Galdakaoko (Bizkaia) PSE-EEren salaketarekin abiatutako ekaitz politikoak eta mediatikoak Orioko Udala ere harrapatu du.

Galdakaoko Udalaren memoria historikoaren webgunean ETAren biktimak eta etakideak giza eskubideen urraketak pairatu dituztenen artean maila berean agertzen direla iritzita, PSE-EEko zinegotzi batek ETAko kideak webgunetik kentzeko eskatu zuen asteartean. Gaiak oihartzun handia izan du, eta Galdakaokoaren antzeko webguneak dituzten hainbat udal zipriztindu ditu, webguneen eta horietan jasotako azterketez arduratu den Aranzadi zientzia elkartearen lana ere jopuntuan jarrita.

Besteak beste, webgune horiek zuzentzeko edota ixteko eskatu dute, sozialistek ez ezik, EAJk, Podemosek edo PPk. Eta gaur, Espainiako Gobernuak Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan duen ordezkaritzak eskakizuna egin die sei udali, bakoitzak bere oroimenaren webgunetik "ETAren biktimen eta kideen arteko parekatzea" ken dezan, Oriokoa da eskaera jaso duen udaletako bat; Galdakao (Bizkaia), Azpeitia, Oiartzun, Hernani eta Villabona-Amasa (Gipuzkoa) dira beste bostak. EH Bildu dago Udal Gobernuan seietan.

Espainiako Gobernuaren Ordezkaritzaren esanetan, oroimenaren webguneotan "ETAko kideak talde terroristak hildakoekin homologatzen dira, eskubideen urraketak jasan zituztela iritzita eta gatibutza gisa definitzen delako estatu demokratiko eta zuzenbidekoaren auzitegiek ezarritako zigorren ondorioz espetxean egotea". Erakunde horrentzat, ez da onargarria "terrorismoaren aurkako borrokan botere publikoen bidezko jarduketen xede" izan direnak biktimatzat hartzea, eta Terrorismoaren Biktimak Aitortu eta Osorik Babesteari buruzko Legea urratzen du horrek. Ondorioz, "ETA talde terroristako kideak, justiziatik ihes egin dutenak edo terrorismo delituagatik zigortutakoak" webguneetatik kentzeko eskatu die Espainiako Gobernuaren Ordezkaritzak aipatutako sei udalei, "baldin eta haien izenak biktima izenekoen artean sartu badituzte".

Auzitarako mehatxuarekin osatu du eskaera Denis Itxaso buru duen ordezkaritzak. Hilabeteko epea eman die Orioko Udalari eta beste bostei eskatutako betetzeko; epe horretan horrela egin ezean, Estatuaren Abokatutzak "dagozkion ekintzak" abiaraziko dituela aurreratu du Espainiako Gobernuaren Ordezkaritzak.

Adierazpenik ez

Hain justu, gaur bete dira lau hilabete Oriooroimena.eus aurkeztu zutela. 1936tik gaur arte herrian izan diren giza eskubideen urraketak jasotzen dituen Interneteko ataria. Aranzadik eta Iñaki Iturain oriotarrak egindako ikerketetan oinarrituta, 279 herritarren izenak ageri dira bertan gaur-gaurkoz.

Gaur, Gobernuaren Ordezkaritzaren eskaera jakin berritan, "gaia aztertzen" ari direla adierazi dute Orioko Udalaren iturriek, baina momentuz adierazpenik ez egitea erabaki du erakundeak.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide