Kultur jardueretarako dirulaguntzak eskatzeko epea aste honetan bukatuko da

Erredakzioa 2023ko api. 11a, 10:28

Igandera arte izango da aukera dokumentuak aurkezteko. Deialdiak irabazi asmorik gabeko Orioko kultura, gazteria, ingurumen eta aisialdiko talde zein elkarteei dirulaguntzak emateko oinarriak arautzen ditu.

Kultur jardueretarako dirulaguntzak eskatzeko epea aste honetan amaituko da. Hain zuzen, igandera arte izango da aukera deialdira aurkezteko. Aurkeztu beharreko dokumentuak eskuragarri daude orrialde honetan.

Udaletik gogorazi dutenez, deialdiak irabazi asmorik gabeko Orioko kultura, gazteria, ingurumen eta aisialdiko talde zein elkarteei dirulaguntzak emateko oinarriak arautzen ditu, 2023an sektore horietan egitasmo eta jarduerak burutzeko.

Dirulaguntzak honetarako eskatu ahal izango dira:

  • Orioko kultur, natura eta gazteria erakunde eta taldeen ohiko jarduerak.
  • Gazteria, ingurumen edo eta kultur jarduera puntualak: berezko ezaugarriengatik aurreikusi ezin izan diren jarduerak dira, edota aldian behinekoak direlako oinarriotan zehaztutako epean burutuko direnak. Kultura eta Gazteria batzordeari dagokio ekimenaren izaera puntuala zehaztea.
  • Kultura, gazte, natura eta aisialdi egitasmo eta jarduerak, honako gaietan: musika, antzerkia, dantza, folklorea, literatura, aisialdia, artisautza, arte plastikoak, bertsolaritza, ikus-entzunezkoak, ingurumenaren defentsa-zaintza, ondare historiko-arkeologikoa eta kultur aniztasuna.
  • Auzoetako festak.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide