Datorren asteartean, hilak 18, ekingo dio Orioko Ahalduntze Eskolak udaberriko egitarauari. Hain zuzen, aurreko urteko edizioan izandako "arrakasta" ikusita eta "jasotako eskaerei erantzunez", Biodantzako ikastaroa antolatu dute bigarren urtez jarraian, eta horrekin hasiko da ekainera bitarte luzatuko den programa.
Ahalduntze Eskolako arduradunek azaldu dutenez, ikastaroaren helburua da "gizakia bere buruarekin, hurkoekin eta inguruarekin integratzea". Musikaren eta gorputz mugimenduen bitartez, "gure potentzialak bizitzarekin lotuta garatzen laguntzeko balioko du".
Interesa duen herritar orok eman dezake izena. Hilaren 18tik aurrera asteartero bilduko dira 18:00etatik 19:30era, Kultur Etxean. Ikastaroak 25 euroko prezioa izango du, baina langabezian dauden herritarrentzat, ikasleentzat, pentsiodunentzat eta "prekarietate egoeran" daudenentzat doan izango da.