Herritarren doinuak

Bost kantu kutunak: Rikardo Uzkudun Eizmendi

Karkara 2023ko api. 12a, 09:55

Rikardo Uzkudun Eizmendi bizikletan. (Mikel Iribar)

Aste Santuekin batera, bueltan da herritarren doinu kutunen atala. Oraingoan bazterrak bizikletaz deskubritzea gustatzen zaion Rikardo Uzkudun Eizmendi irakasle eta Karkara kultur elkarteko kideari gogoko dituen bost kantuen inguruan galdetu diogu.

1.- Anari: Epilogoa

Pilota bigarren botean jotzen denean bezala hasi nintzen ni Anariren musikarekin zaletzen, lehen entzunaldian atzera egin nuen. Baina bigarrengotik, begirale nintzela pasa zidaten kasete batetik, barren-barreneraino sartzen zait Anari, disko guztiak erosi eta arretaz aditzeraino. Droga gogorra da Anariren letren eta soinuaren arteko nahasketa hori. Tarteka, zuzeneko kontzertuetara joatea eskatzen dit gorputzak, begiak itxi eta sentitzera, belarritik sartzen den hura gorputzean sentitzera bere osotasunean. Beste alde batetik, ordea, dosifikatu beharra izaten dut Anariren musika. Mikel Laboarekin ere gauza bera gertatzen zitzaidan, momentu eta leku jakinetan bakarrik entzuten nuen, une berezietan.

Eta Epilogoa kantua aukeratu dut, esaten denaren kontrara, Anarik izugarrizko indarra transmititzen didalako. Ez dut ukatuko gordina ez denik, baina gordintasun hori liseritzeak, negar eginez adibidez, sekulako txutea ematen du, eta du diot uste dudalako ez zaidala niri bakarrik gertatzen. Azken urteetan Anariren musikara hurbildu diren fanak ikusi besterik ez daude, ezinbesteko erreferente da askorentzat, atrebituko nintzateke esatera, maila politiko-poetiko-etiko batean.

Kantu honetan esateko baterako, pandemia aurretikoa baldin bada ere, ezin hobeto azaltzen ditu gu garen izaki “ustez” arrazional honek bere baitatik ihes egiteko erabiltzen dituen trikimailuak, pandemian nabarmenago bistaratu zirenak. Txute ederra da Anari eta Lisaboko Txap, bere ahots urratzaile horrekin, “dena duzu galtzeko… beldurra” errepikatzen entzutea, katartikoa kasik.

 

2.- Verde Prato: Lagunen kanta

Anarik ez bezala, hasiera-hasieratik harrapatu ninduen Ana Arsuaga Verde Pratok. Akordatzen naiz Euskadi Irratian jarri zutela, eta jo eta ma geratu nintzen. Sekula aditu gabeko zerbait zen: Aparteko soinu bat, ahots lirain bat, zolitasun berezi bat. Elektronikaz jantzitako lirismo hura zoragarria iruditu zitzaidan.

Geroztik euri asko egin du, Verde Pratok hiru disko atera ditu, plaza handietan jotzen hasi da eta bere proposamena sendotu du. Kantu honen bideoklipa ikustekoa da, niri iradokitzailea egiten zait, bere proposamenaren nolabaiteko zantzuak sumatzeraino.

Azken urteetan euskal emakumezko abeslari sorta ederra ari da oholtza hartzen, horien artean, lore berezi bat da Verde Prato, niretzako.

 

3.- Joseba Tapia: Len amar lagun ginan etxean

Ez nuen aparte laga nahi pieza hau, edo hobe esanda, disko hau. Orokorrean dezente gustatu izan zait Tapia, Juergasmoan disko mitiko hartatik gaur egungo diskoetaraino, salbuespenak salbuespen. 

Dena den, “Agur Intxorta Maite” apartekoa dela esango nuke. Espainiako Gerra Zibilean euskaldunek idatzitako hainbat bertso sorta bildu, eta ezinhobeto jarri zien musika Tapiak. Soinua eta ahotsa bat, agarrauan, zentzu betea ematen die gertakari latz haiei, zer esanik ez goian aipatutako kantu horretan.

Mertxe Oliden ortzaikarrak jarri zion ahotsa bertso sorta honi, eta gerrako familia baten desgrazia kontatzen du. Gerra bat barruan sartzen zaizu kantu honekin.

 

4.- Leonard Cohen: The Partisan

Leonard Cohenen kasik beste edozein kantu aukeratu nezakeen zerrenda honetarako, baita bere kantuen beste abeslariren baten bertsioren bat ere: Pettirena, esate baterako, kantu hau bera euskaratuta, edo Jeff Bucleyren Hallelujah, edo REM-en First we take Manhattan, edo Enrique Morenteren bat… buff, izugarria da kanadiarrak eman eta laga duena.

Kantu honek, zehazki, Bigarren Mundu Gerran alemaniarrengandik ihesi doan frantziar partisano baten herioa kontatzen du, ihes bete baten xerkan. Kantuan, ingelesa eta frantsesa bikainki uztartzen ditu, eta hitzak irakurri ahala pelikula barruan sartzen zara, partisanoa ihesean edo ezkutuan ikusteraino. Ezinbesteko bat da Leonard Cohen nire diskotekan.

5.- Jose Gonzalez: Line of Fire

Junip taldean ezagutu genuen, guraso argenitarrak dituen suediar abeslari hau. Bakarlari dabil aspaldian, eta Donostian ikusteko aukera izan genuen lehengo urtean.

Bere sentsibilitateak harrapatzen nau, limurtzailea iruditzen zait gitarra jotzeko modu hori eta duen ahots tinbrea.

Antzekoa gertatzen zait Sigur Ros talde islandiarrarekin ere, ahots altu batzuekin zeharo engantxatzen naiz, orokorrean ahots baxu edo grabeak nahiago ditudan arren.

Massie Attacken Teardrop kantuaren bertsioa ere gomendatzen dizuet, Gonzalezek berak bikainki bertsionatua.

 

Bonus track
Radiohead:
Karma Police

Nola ez, Radiohead, hitzak soberan daude.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide