Oribarzarko hondartzaren berreskuratze proiektuak eztabaida eta haserrea sortu ditu herritarren artean

Aiora LarraƱaga Solaberrieta 2023ko api. 4a, 16:50

Eztabaida sortu zen atzo Oribarzar hondartza berreskuratzeko proiektuaren gaineko aurkezpenean, eta argi geratu zen Kosta Zuzendaritzak hondartza berreskuratzeko aurkeztu duen proiektuarekin ez daudela ados herriko eragileak, elkarteak eta alderdi politikoak. Guztiek aukera beraren aldeko alegazioak sartuko dituzte.

Atzo arratsaldean, Orioko Kultur Etxeko aretoa jendez bete zen Oribarzarko hondartza berreskuratzeko proiektuaren nondik norakoak ezagutzeko. Anuska Esnal alkateak eta Ainara Munduate hirigintza batzordeburuak eman zituzten azalpenak, baina bertan izan ziren EAJ, PSE-EE eta Orain udal taldeetako bozeramaileak ere. Horrez gain, publikoaren artean zeuden herriko eragile, elkarte eta alderdi politikoetako kideak.

Komunikabideetan zalaparta sortu duen gaiaz gehiago jakin nahian joan ziren herritar asko bilera informatibora, eta udaleko ordezkariek argi azaldu zuten egoera. "Bere garaian EAJk Oribarzarko hondartza berreskuratzeko partida bat lortu zuen Espainiako Kosta Zuzendaritzako aurrekontuetan, eta erakunde horrek eskatuta Kantabrian eta Galizian kokatuta dagoen Acadar ingeniaritza enpresak idatzi du Oribarzarko hondartza berreskuratzeko proiektua". Txostenaren lehen zatian hondartzaren azterketa egiten du, eta azaltzen du bere garaian hondartza gaur egungo aterpetxearen atzeko alderaino iristen zela eta duna natural batzuk ere bazituela, ezer eraiki aurretik. Hala, proiekturen helburua da hondartza berreskuratzea aterpetxea egin aurretik zuen azalera berreskuratu arte. Horretarako, ordea, gaur egun inguru horretan daude aterpetxea, errepidea eta zerbitzuen eraikina eraitsi behar direla dio proiektuak. "Txurruka aterpetxea eta haren aurreko errepide zatia kontsezioz kanpo daude gaur egun, eta Kosta Zuzendaritzaren eremuaren barruan daudenez, hondartza berreskuratzeko bota egin behar direla uste du erakundeak".

 

Proiektuaren arabera gorriz markatuta agertzen den errepide zatia eta aterpetxea desagertu egingo dira. Eta gris kolorez eta zuri-gorriz markatuta dauden errepideak geratuko lirateke.
 

Hurrengoa proposatzen du: Gaur egun aterpetxea dagoen eremuan duna sortzea; hortik aurrera hondartza lehorra izango litzateke, eta ondoren marearen arabera urak hartzen duen hondartza bustia; horrez gain, udako denboraldirako, zerbitzuen eraikin bat eraikitzea aurreikusten dute. Gainera, Zarauzko Kanpinetik barrena datorren errepidea kanpoko arrantza portuarekin lotuko litzateke norabide bakarreko errepide baten bidez. Ibaiaren eremuan, berriz, hondartzaren bi aldeetan dike bana eraikitzea da asmoa, ibaian sortzen den zurrunbiloa desagertarazteko, ingeniarien iritziz korronte hori delako hondartza hondarrik gabe uzten ari dena.

Aukera desberdinak

Proposamen nagusiaz gain, proiektuak jasota ditu hondartza berreskuratzeko lehorreko eta uretako eremurako aztertu dituzten  aukerak, eta aurkezpenean azaldu egin zituzten herritarrek proiektua sakonago ezagutu zezaten.

Lur eremurako aztertu dituzten aukerak: 

1. Ezer ez egin eta dagoen bezala utzi, baina horrek ez du proiektuaren helburua betetzen.

2.- Aitzondotik datorren errepideari jarraipena eman gaur egun aterpetxea dagoen eremuaren atzeko aldetik, kanpoko kaiara iristeko. Hala ere, gaur egun aterpetxearen aurreko errepideak lagapenik ez duenez, erabilpenik gabekoa dela ulertzen du Kosta Zuzendaritzak, eta ez du beharrezkoa ikusten errepidea egitea. Gainera, inguru horretatik Txurruka izeneko erreka pasatzen da eta hori errespetatzeko zubi bat egin beharko litzatekeela dio proiektuak. Bestalde, errepidea egingo den lur eremua Kosta Zuzendaritzarena ez denez, desjabetzeak ere egingo beharko lirateke, eta horrek kostua igoko luke. Hortaz, aukera hori ere baztertu egin du.

3.- Autobide azpia pasata biribilgune bat egin eta aparkatzeko gunerik ez izatea hondartzan. Eta kasu horretan arrantza portura joateko Zarauzko Kanpinetik datorren errepidea jarraituz norabide bakarreko errepidea eraikiko litzateke kanpoko kaiara iristeko. Aukera hau onesten dute.

4.- Hirugarrenaren atzekoa da, baina biribilgunea aurrerago egingo lukete eta kanpoko kaiara doan errepidea bi norabidetakoa izango litzateke. Hori ere baztertu egin dute esanez, zerbitzuetarako eremua txikiagoa geratzen dela, eta esku-hartzea egin beharko litzatekenez hondartza berreskuratzeko izaera galdu egiten duela.

Ibaiko eremurako aukerak:

1.-  Dagoen bezala uztea. Baztertu egin dute, proiektuaren helburua betetzen ez duelako

2.- Hondartzaren iparraldean dike bat sortzea 68 metro luze eta 12 metroko zabalera dituena, itsas gainean. Aukera hori baztertu egin dute, hondarra L forman pilatuko litzatekeelako, eta lehengo hondartzaren forma ez delako hori.

3.-Bi dike eraiki: Bata iparraldean 18 metroko luzera eta 4 metroko zabalerarekin, eta hegoaldean beste bat 60 metroko luzerarekin eta 4 metroko zabalerarekin. Aukera hori onetsi dute, txostenak dioelako azterketen arabera, hondarrak ez duela alde egingo.

Herritarrak haserre

Kosta Zuzendaritzak ontzat eman duen proposamenarekin Torrotxo eta Oribarzar baserriak eta kanpoaldeko arrantza portua Oriotik barrena iristeko errepiderik gabe geratuko lirateke. Hasiera batean, eremuan eskuduntza zuten erakundeek martxoaren 23a arte zuten aukera alegazioak egiteko, baina Orioko Udalak luzapena eskatu zuen eta apirilaren 18ra arteko epea du orain alegazioak aurkezteko. "Nahi dugu gaia seriotasunez eta arduraz landu eta herri bezala ahal dugun ekarpenik sendoena egin. Horregatik, hasieratik gaian interesa duten elkarte eta eragileekin bildu gara, eta herritarren iritzia ere jakin nahi izan dugu, hirigintza batzordean alegazioak egiteko gaia lantzen dugunean, ahal den ahotsik bateratuena izateko. Dagoeneko gaian interesa duten hainbat eragilek egin dituzte ekarpenak, eta orain herri bezala erantzun behar diogu", azaldu zuen alkateak bilera informatiboan. Herritarren batek gaiaren inguruko ekarpenen bat egin nahiko balu, horretarako helbide elektroniko bat sortu du Udalak: ekarpenak@orio.eus.

Hala ere, Esnal alkateak argi azaldu zuen egoera. "Acadar enpresako ordezkariekin bilduta egon gara eta esan digute hau ez dela jatetxeko bateko menua, nahi dena aukeratu ahal izateko. Adierazi digute, beraiek teknikoki eta ekonomikoki egokiena den aukera proposatu dutela, eta ondorioztatu dute Zarauzko Kanpinetik barrena datorren errepidea nahikoa dela".

Proiektuaren aurkezpena bukatu zenean, herritar asko haserre agertu ziren egoerarekin, eta herria puntu horretara nola iritsi den galdegin zuten. Oribarzar inguruko bizilagunek, esaterako, "ezinezkoa" ikusten dute Aitzondoko errepidetik bideratzen den zirkulazio guztia Zarauzko Kanpinetik barrena bideratzea, eta proiektu berriak beren egunerokoan ere "kalte handia" eragingo duela azpimarratu zuten. Arrantzaleek, ibaian egin nahi diren bi kai-muturrek itsasadarren sarreran eta ibaiaren nabigagarritasunean izango duten eraginarekin kezka agertu zuten. Aterpetxearekin zer gertatuko den ere galdetu zuen publikoan zegoen herritar batek. "EAJk jakinarazi du diru partida bat lortu duela aterpetxe berri bat egiteko, eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Gazteria Saila Udalarekin harremanetan jarri da udalerriak aterpetxe berria egiteko zer lur dituen galdetzeko. Une honetan Orioko Udalak Zaragueta Herri Eskolaren ondoan dagoen 6.000 metro koadroko partzela bat bakarrik du jabetzan. Herriak erabaki beharko du udalak duen baliabide bakarra aterpetxe bat egitera bideratu nahi den, baditugulako beste hainbat behar herritarrentzat garrantzitsuagoak direnak", erantzun zion alkateak.

Errepidearen lagapenaz ere galdegin zuen herritar batek. "Gaizki ulertu ez badut, bere garaian, errepidea berritzeko lagapen bat eskatzeko aukera egon zen. Zergatik ez zen ezer egin? Hori ondo egin izan balitz, ez ginen honaino iritsiko". Esnalek azaldu zuen 2020ko otsailaren 18an bilera deitu zuela eremu horretan eskuduntza zuten erakundeekin, udala "oso kezkatuta" zegoelako errepidearen egoera zela eta. "Bilera horretan Kosta Zuzendaritzak oso argi esan zuen herriak bi aukera zituela: batetik, hondartza berreskuratzea, eta bestetik, arrantza portura iristeko berezko bidea konpondu eta probisionala kentzea, eta eskuduntza duen erakundeak hondartza atzeko errepidea indartzea. Une horretan inork ez zuen errepidearen ardura hartu nahi izan eta Portu Zuzendaritzak eta Aiako Udalak esan zuten beraiek ez zutela errepide hori behar, kanpinetik barrena zetorrena erabili zezaketeelako. Beste bilera bat egitekotan geratu ginen, baina COVID-19a etorri zen, eta nik gai horri buruz izan nuen hurrengo albistea azaroan izan zen, EAJk jakinarazi zuenean, Kosta Zuzendaritzaren partidan 1,9 milioi euro lortu zituela Oribarzarko hondartza errekuperatzeko, horretarako proiekturik ez zegoenean".

EAJko bozeramaile Lourdes Salsamendik ere hartu zuen hitza bilera informatiboan. "2011n bagenekin Oribarzar hondartza egoera txarrean zegoela. Guk bere garaian hondartza berreskuratzeko diru partida lortu genuenean, pentsatzen genuen aterpetxea bertan geratuko zela, eta batzordeetan hasieratik hori defendatu izan dut. Proiektua garantzen hasi zirenean, ordea, esan ziguten aterpetxea legez kanpo zegoela eta orduan Gipuzkoako Foru Aldundiak eskaera bat egin zion Kosta Zuzendaritzari 10 urteko luzapen bat eskatzeko; bitarte horretan Madrileko EAJko ordezkariek lortu zuten diru-partida bat aterpetxe berria egiteko denok adostutako eremu apropos batean. Errepideari dagokionez, guri astakeria iruditzen zaigu proiektuak proposatzen duena. Horregatik, guztiok bat etorrita, elkarrekin lan eginda, alegazioak egin eta gaia bideratu dezakegula iruditzen zait. Oribarzarko hondartza berreskuratzeko aukera paregabea dugu, beti ere bertako bizilagunen, arrantzaleen eta kofradiaren egunerokoan kalterik eragin gabe".

Herritar batzuk egoera horretara iristea "onargarria ez" dela argi azaldu zuten bileran. "Gai horrek izan duen ibilbidea txapuza bat da, ezin da onartu. Denon arten artean konpondu beha dugula diozue, baina ardurak ere hartu beharko dira, ezta? Dirua lortu da, baina dirua lortu da Kosta Zuzendaritzaren proiektua egiteko, ez hondartza nahi dugun bezala berreskuratzeko".

Publikoan zegoen EAJko kide Mirari Arruabarrenak ere hartu zuen hitza, eta azaldu zuen dirua lortu zela "borondate onenarekin" ikusi zelako "hondartza desegiten" eta "bidea erortzen" ari zirela. "Proiektuaren barruan alternatiba desberdinak aztertu dituzte, eta alegazioak aurkezteko epearen barruan gaudenez, egindako ekarpenak kontuan hartuta, behin betiko proiektua zehaztuko dute. Nik uste dut denok elkar hartuta eta aukera berdinaren alde eginda entzungo gaituztela, eta zailtasunak-zailtasun gaia bideratzea lortuko dugula. Orain arte, nik dakidanez, erakunde guztiok aukera beraren aldeko alegazioak sartuko ditugu".

Alegazioak aukera beraren alde

Alkateak bere aldetik argi utzi nahi izan zuen, egoera honetara iritsi izanaren eztabaida bat dela, baina aurrerantzean "erantzukizun handiz" jokatu behar duela herriak, "etorri zaigunari ahalik eta egokien erantzun behar diogu. Orain arte Eusko Jaurlaritzako Portu Zuzendaritzak eta Arrantza Sailak errepidearen gainean sartu dituzte alegazioak, eta Orioko Surf Elkarteak, Errio Natur Taldeek eta Orioko arrantzaleen kofradiak alegazio bana sartu dute bidearen beharra nabarmenduz, baina bi barra-muturren aurka agertuz", azpimarratu zuen. Bilera informatiboan ziren surf taldeko eta natur taldeko kideak eta beren iritzia ere eman zuten.

Surf taldeko Iñigo Gaitonek, esaterako, hormigoiak herriko hondartzetara ekarri duen "kaltea" nabarmendu zuen. "Hondartza berreskuratzeaz hitz egitean, bi kai-mutur aipatze hutsak atentzioa ematen dit. Nik eskatzen diet erakundeei zentzuz jokatzeko, behin harri-koskorrak botatzen direnean oso zaila izango delako hortik kentzea. Kanpoko barra egin zenean aurreikusi zuten ezertxo ere ez da bete, zeinek ziurtatzen digu bi barra horiek hondartza ez galtzea ahalbidetuko dutenik. Horregatik, guk eskatu dugu oraingoz bi barra muturrak ez eraikitzeko, eta hemendik urte batzuetara hondartzak duen eboluzioa ikusita, gaia berriz aztertzeko". Ildo beretik mintzatu zen Herrio natur taldeko Garbiñe Manterola ere. "Berreskuratzearen alde gaude, ingurumen aldetik balioa izango duen eremu bat errekuperatuko duelako herriak. Ingurumen argudioak erabilita ez zaigu egokia iruditzen Zarauztik datorren errepideari zirkulazioa areagotzea, ingurune horrek inpaktu handi bat jasango duelako. Bestetik, ez zaigu iruditu txostenean barra muturrak egiteko zentzuzko arrazoiketarik egiten denik, eta eskatu dugu oraingoz ez egitea. Bukatzeko esan nahi nuke, proiektu honen gainean gure iritzia eskatzea azpimarratzekoa iruditzen zaidala, aukera eman digulako surf taldearekin batera gaia jorratzeko elkarlanean. Ez da kasualitatea, arrazoi desberdinak plazaratuta ere, eragile guztiok aukera beraren aldeko hautua egitea".

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide