Ahalduntze eskolak udaberriko programa aurkeztu du

Andrea Zipitria 2023ko api. 2a, 11:00

Ahalduntze Eskolako bulegoa kultur etxeko bigarren solairuan dago.

Zazpi ekimen antolatu ditu Ahalduntze Eskolak apiriletik ekainera artean. Berrikuntza gisa, zerbitzu berri bat eskaintzen hasiko da; bidelaguntza psikologikoa, hain justu ere. Halaber, aholkularitza juridikoa indartzea aurreikusten da. 

Orioko Ahalduntze Eskolak apiriletik ekainera arteko programa "zabala" aurkeztu du. Izan ere, inoiz baino jarduera gehiago antolatu ditu udaberri honetarako. Gainera, berrikuntza gisa, zerbitzu iraunkor berri bat eskaintzen hasiko dira; bidelaguntza psikologia zerbitzua izango da hemendik aurrera, Leire B. Murgialdairekin. Indarkeria matxista egoeran dauden emakumeentzat* aholkularitzak martxan jarraituko du, eta aholkularitza juridikoa, indartzea aurreikusten da. 

Lau multzotan sailkatu dute egitaraua:

Egun bateko tailerrak

  • Lodifobia gorpuztua osatzen. Maiatzaren 4an, ostegunarekin, Leire B. Murgialdairen eskutik.
  • Emakumeak, klimaterioa, plazera eta desira. Maiatzaren 12an, ostiralarekin, Maite Higuero Barandallaren eskutik (gaztelaniaz).
  • BakQ ziurtagiri digitalaren inguruko ikastaroa. Maiatzaren 24an, asteazkenarekin, KZ Gunearekin elkarlanean.
  • Emakumeon* elikadura klimaterio garaian. Ekainaren 1ean, ostegunarekin, Libe Garmendiaren eskutik.

Ikastaroak

  • Biodantza-ikastaroa. Apirilaren 18tik aurrera, astearteetan. Eider Zuriarrainen gidaritzapean.
  • Irakurketa-taldea. Hileko azken asteazkenetan izango da, Nerea Loiola Pikazarekin.

Emanaldia

  • Zinegoak jaialdiko film laburren emanaldia. Maiatzaren 18an, ostegunarekin.

 

Saioen inguruko informazio osagarria, besteak beste, non eta zein ordutan izango diren, bere sareen bidez zehaztuko du Ahalduntze Eskolak datozen egunetan. Zentzu honetan, programako ekitaldi, tailer eta emanaldietan parte hartzeko, aurretik izena eman behar da, eta baita zerbitzuetan hitzordua hartzeko ere. Hiru bide daude horretarako: Ahalduntze Eskolan bertan eman daiteke izena, telefonoz (623 17 85 53) edo helbide elektroniko (ahalduntzeeskola@orio.eus) bidez.

 

 

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide