ERREPORTAJEA

Lau hamarkada borrokan Orio feminista baten alde

Aiora LarraƱaga Solaberrieta 2023ko mar. 21a, 09:22

Dokumentalean parte hartu zuten emakumeek solasaldia egin zuten proiekzioaren ondoren. (Pertzetik elkartea)

Ostiral arratsaldean Etxeluze gaztetxea jendez bete zen Orioko genealogia feministak dokumentalaren aurkezpenean, eta ondoren, solasaldia izan zen herriko mugimendu feministako kideekin.

Orioko Genealogia Feministak dokumentalak aurkezpenera bertaratu zirenen emozioak pil-pilean jarri zituen ostiral arratsaldean Etxeluze gaztetxean. Azken 40 urteetan herriko mugimendu feministako kide izan diren hainbat emakumek parte hartu dute lanean, eta proiekzioaren ondoren, horiek zuzenean entzuteko aukera izan zuten ikusleek. Une hunkigarriak bizi izan ziren, azken 40 urteetan "emakumeen eskubideen alde eta gizarte parekideagoa sortzeko asmoz" egindako lana aitortu baitzieten elkarri dokumentaleko protagonistek. Leire Zinkunegik, esaterako, haurra zeneko oroitzapena ekarri zuen gogora: "Haurra nintzenean, San Nikolas karkaran bizi nintzen, eta amarekin plazatik pasatzen nintzenean, behin baino gehiagotan ikusi nuen Koro Sarasola bertan. Banekien han egoteak seinalatua izatea zekarrela, baina, era berean, sentitzen nuen garrantzitsua zela. Horregatik, nire amari eta beren eredua publikoki agertu duten emakume guztiei eskerrak eman nahi dizkiet. Nahiz eta seinalatuak izan, erakutsi dugu gurea ere badela herria".

Ildo beretik, belaunaldi berriek uste dute "ausarta" izan zela 1980ko hamarkadan "herri txiki tradizional" batean gizartearen begirada aldaketa mahai gainean jartzea. "Testuinguru guztiz desberdina izan arren, bidea egiten hasi ziren, eta hori balio handikoa da, guk jarraitu ahal izan dugulako euren bidea", aitortu zuen Oihane Korresek. "Guri zaila egin bazitzaigun, ez dut pentsatu ere egin nahi orduan zer-nolako erresistentzia jasango zuten. Anekdota oso gogorrak dituzte, gainera", gehitu zuen Eider Salegik.

Aizpea Esnaola, Miriam Garcia eta Eider Goiburu dokumentalaren egileek herrian hiru olatu feminista identifikatu dituzte. Lehen olatuko kide Koro Sarasolaren eta Maribel Bruñoren esanetan, garai hartan "dena zegoen egiteko", eta "ilusio handiarekin" ekin zioten bideari. "Orioko Emakume Taldeak emakumeei zer nahi zuten galdetuz abiatu zuen ibilbidea. Esan behar da, 80ko hamarkadan, mugimendu feministak indar handia hartu zuela, eta Donostiako emakume asanbladaren babesarekin ekin geniola jardunari". Dena dela, Bruñoren ustez "oso desberdina" zen feminista gisa azaltzea hiri handi batean edo herri txiki batean; "askotan sentitu ginen herrian ez ulertuak, deskalifikatuak eta seinalatuak".

Feminista izatea

Publikoki nork bere burua feministatzat definitzearen inguruan ere jardun zuten solasaldian. Lehen olatuko kideek, esaterako, azaldu zuten emakumeek gizonarekiko zuten "mendekotasunari erantzuteko" hasi zirela lanean: "Taldean sartutakoan hasi ginen kontzientzia feministan sakontzen. Bidean egindako lanketa izan zen, eta mundu berri bat ireki zitzaigun. Belaunaldi berriek, berriz, kontzientzia feminista batetik abiatu dute militantzia". Hirugarren olatuko Miriam Garcia bat dator Bruñorekin, baina hark azaldu zuen, azken urteetan gizarteak feminismoarekiko duen jarrera publikoa "aldatu" bada ere, "erresistentziak jarraitu" egiten duela. "Hitzordu honetako kartelak, esaterako, paneletatik desagertu egin dira", zehaztu zuen Esnaolak.

Bilakaera

Goiburuk uste du 40 urte hauetan feminista hitzak bilakaera izan duela. "Lehenengo olatukoak Emakume Taldea ziren; bigarren olatuan Xaltxerak izena jarri zitzaion, baina emakume taldea izaten jarraitzen zuen, eta hirugarren olatuak Xaltxerak Talde Feminista izena hartu zuen. Nire ustez, bilakaera hori pertsonala izateaz gain, soziala ere bada, eta testuinguruak markatu zuen". Hain zuzen ere, Salegik aitortu zuen bigarren olatuan lanketa garrantzitsua egin zutela feminismoa zer den helarazteko. "Hitzaldia ere antolatu genuen. Asko nekatzen eta amorrarazten gintuen gaia zen, sentitzen genuelako inork ez zigula entzuten eta kasurik egiten".

40 urtetan zehar egindako borrokari erreparatuz, "gauzak aldatu direla dirudien arren, erroan aldatu beharreko asko" dagoela sentitzen dute. "Dokumentalean ere aipatzen da, eta uste dut azpimarragarria dela: egun asko hitz egiten eta hausnartzen bada ere, asko kostatzen zaigu teoria praktikan jartzea. Lan asko dugu oraindik egiteko".

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide