"Guztioi sortu ahal zaizkigun galderak azaltzen ditugu"

Aritz Mutiozabal 2023ko mar. 8a, 09:30

Itziar Urretabizkaia eta Andoni Agirregomezkota 'Bost minutun' antzezlanean. (Txalo Produkzioak)

Bost minutun komedia taularatuko du gaur Itziar Urretabizkaiak (Orio, 1979), 20:00etatik aurrera, Zarauzko Modelon aretoan. Gurasotasuna hizpide duen antzezlana izanik, publikoa identifikatuta sentituko da.

Haurdunaldi testaren emaitza jakiteko bost minutu itxaron beharko dute pertsonaiek, baina antzezlana askoz ere luzeagoa izango da. Hausnarketarako tartea emango du, ezta?

Hala da, bai. Hausnarketarako denbora dezente ematen du obrak. Fikzioan bost minutu pasatzen diren arren, kontakizunaren egitura konplexuagoa da: denbora horretan guztian sortzen diren dudak, beldurrak, fantasiak eta abar joango dira azaleratzen pixkanaka-pixkanaka testaren emaitza atera arte.

Bien bitartean, galdera potoloak sortuko dira gurasotasunaren inguruan.

Galdera sakonak dira, baina, betiere, umoretik landuak. Komedia bat da, eta guztia aldarte horretatik kontatuta dago. Uste dut jende asko identifikatuta sentitzen dela antzezten ditugun pasarteekin. Azken finean, guztioi sortu ahal zaizkigun galderak edo egoerak azaltzen ditu antzezlanak. Gurasotasunari buruzko obra bat da, zalantzarik gabe: aitatasuna eta amatasuna bai ala ez, ongi egiten ari garen ala ez, horrekin aurrera egingo dugun ala ez...

Zu Nekane izango zara, eta Andoni Agirregomezkorta, berriz, Koldo. Berrogei urteren bueltan dabilen bikotea zarete, eta badirudi ikuspuntu kontrajarriak dituzuela gaiarekiko.

Ikuspuntu kontrajarriak izango ditugu minutuak aurrera doazen heinean. Alde batera pasatzen da bata, eta bestera bestea, eta alderantziz. Ez daude ados une batean ere. 

Guraso izatea gauza serioa da, ez baita maskota bat etxera ekartzea bezala.

Hori da, bai [barreak]. Zer kontatuko dut ba nik! Hain justu ere,  ama izan eta hilabete batzuetara eskaini zidaten paper hau gorpuztea antzezlanean. Gidoia helarazi eta irakurri nuenean, zera pentsatu nuen: "Hau zer da, broma bat ala?". Haiek ez zekiten umea izan nuenik ere.

Ilargia eta eguzkia lerrokatu egin ziren, beraz.

Pixka bat, bai. Kasualitate handia izan zen, zentzu horretan. Zuzendariak ez zekien ume bat izan berri nuenik, eta nigan pentsatu zuen. Obran agertzen diren egoera batzuetatik igarota nengoen, eta, alde horretatik, errazagoa izan da lan honi heltzea; izan ere, obran planteatzen diren zenbait duda nik neuk ere izan ditut. Azken finean, bakoitzak bere ibilbidea izan du, eta gauza batzuekin identifikatuta sentitzen naiz eta beste batzuekin ez.

Eta beste kasualitate bat izan al da Go!azen telesaileko bi zuzendariek obra berean bat egitea?

Guztiz! Ni lau urtez aritu nintzen Go!azen-en, eta azken udako filmaketa oso gogorra egin zitzaidan haurrarekin. Beraz, aldaketa bat egin zuten, eta Andoni Agirregomezkortari deitu zioten. Ezin nuen sinetsi! Dauden aktore guztien artean bera aukeratu zuten. Gu jada antzezlan honekin lanean ari ginen, eta sekulako karanbola iruditu zitzaidan. Kasualitate galanta!

Zer moduzkoa da zuen arteko elkarlana?

Urte eta erdi daramagu elkarrekin Bost minutun obran lanean, eta primeran ari gara moldatzen. Elkar ezagutzen genuen ETBko korridoreetan gurutzatzeagatik –bera Vaya Semanita saioan zebilen, eta ni Goenkale telesailean–, baina ez genuen aurrez batera lan egin. Egia esan, oso ongi moldatu gara. Erraza izan da harekin lan egitea; oso ongi ulertu dugu elkar.

Pablo Mir antzerkigile argentinarrak idatzitako obra da, eta jatorrizko bertsioak arrakasta itzela lortu du. Euskarazko moldaketak nolako harrera eduki du orain artean?

Normalean, erantzun ona jasotzen ari da publikoaren aldetik. Obra oso dinamikoa da, eta minutuek aurrera egin ahala, egoera batetik bestera egiten dute jauzi pertsonaiek. Hala, ez dago garbi zer den errealitatea eta zer ameskeria, eta, azkenean, egoera batekin edo bestearekin identifikatu egiten da jendea. Horrek gertutasun kutsua ematen dio lanari. Orain arteko emanaldietan oso gustura agertu dira ikusleak. Komentatu digutenagatik, gertutik bizi dute antzezten duguna, eta pasarte batzuekin barre egiten dute. 

Gaur taularatuko duzue obra, Emakumeen Nazioarteko Egunean, Zarautzen. Parekidetasun departamentuak, gainera, propio Martxoaren 8ko egitarauaren barruan txertatu duen hitzordua da. Egoki datorren antzezlana dela esan al daiteke?

Aitatasuna eta amatasuna egun horri lotutako aldarriak ere badira, eta, zentzu horretan, egoki datorren obra izan daiteke. Momentu batzuetan, spoiler handirik egin gabe, Nekane pertsonaiak oso libreki esaten ditu gauzak, eta egia borobilak botatzen ditu; askotan ozen esaten ez direnak. Gainera, horiek esanda gustura geratzen da pertsonaia. Astakeriak izan daitezke, baina emakume askok horrelako gauzak pentsatzen ditugu, eta horrelako tarteak baditu obrak. Aldarri txikiak egiteko uneak ditu antzezlanak, nolabait esateko.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide