Katu Alai. Horrelaxe izena du Orion sortu berria den elkarteak. Kaleko katuen koloniak zaintzea da elkartearen helburu nagusia; zaintzea eta animalia horiei "bizitza samurrago bat ematea". Duela urte asko hasi ziren horretan Idoia Uranga eta Sarai Idigoras ama-alabak. Elkartea, ordea, duela hilabete gutxi batzuk sortu dute.
Hasiera batean, katuak elikatzen hasi ziren beren kabuz, "herriko kaleetan ikusitako katuen egoerak kezkatuta". Hortik abiatuta, udalera jo zuten, eta katuak antzutzen hasi ziren erakundearen laguntzarekin. Hala, koloniak kontrolatuta dituzte.
Galtza bete lanekin dabiltza egunero-egunero Uranga eta Idigoras; 50 katu kontrolatzen eta elikatzen dituzte. 18:30ean, autoa katuen janariz bete eta ekiten diote ibilbideari. Katuak haiek iritsi zain egoten dira, noski. "Ondo ezagutzen gaituzte. Badakite gu iristearekin batera janaria izango dutela, eta segituan hasten dira guri segika", adierazi dute. Egun tristeak ere izaten dira tartean. "Katu guztiak ezagutzen ditugu, eta pare bat egunez jarraian baten bat azaltzen ez bada, kezkatu egiten gara. Horrek esan nahi du zerbait pasatu zaiola animaliari".
Halaber, katuak gaixotzen direnean edo istripuren baten ondorioak jasan dituztenean, "asko sufritzen" dute. Kasu horietan, Mikel albaitariarengana eramaten dute katua; "eskerrak hari", diote ama-alabek. "Askotan orduz kanpo deitzen diogu, baina beti egoten da laguntzeko prest", aitortu dute. Egunerokoan gertatzen diren gauza horiek dira katuak zaintzearen erantzukizunak duen "alderik gogorrena".
Txabolak sei tokitan
Orain, beste aurrerapauso bat eman du elkarteak. Herriko sei gunetan txabolak jarri berri dituzte, katuek lo egiteko eta jateko lekua izan dezaten. Zehazki, kanpinean, Antxiolan, Kofradian, Abaromendin, Oa kalean eta herriko baratzeak dauden lekuan kokatu dituzte etxolak. "Udalarekin elkarlanean egin ditugu", adierazi dute.
Bertan, janaria izaten dute katuek eta "lo egin ahal izateko leku seguru bat". Kasu batzuetan, gainera, eremua hesitu dute. Lorpen handia izan da hori katu zaintzaileentzat. Orain arte, eta negu gorrian batez ere, "auto azpietan eta bestelako leku arriskutsuetan egiten zuten lo, eta orain, behintzat, gaua pasatzeko egokitutako leku finko bat dute". Zentzu horretan, eremu horiek errespetatzeko eskatu dute.