Guztientzat egindako herria

Aiora LarraƱaga Solaberrieta 2023ko ots. 25a, 15:00

Otsaileko KARKARAN, Orio Denontzat egitasmoaren inguruko erreportajea egin du Aiora Larrañaga Solaberrieta kazetariak. Orain, ikusgai dago webgunean:

Zaila izaten da desgaitasunen bat duten herritarrek egunero gainditu behar dituzten oztopoez jabetzea, egoera horiek gertutik bizitzea tokatu ez bada behintzat. Ederki ezagutzen du gaia Gipuzkoako Kirol Egokituko Federazioko zuzendari Alicia Figueroa oriotarrak, eta horregatik, Orio Denontzat izeneko proiektua lantzen jardun dira Orioko Udala eta Gipuzkoako Kirol Egokituko Federazioa, herritarren parte hartzearekin. "Gure helburua da erakundeak eta herritarrak pertsona guztientzat diseinatutako eremu publikoen beharraz sentsibilizatzea". Irisgarritasun unibertsala kontzeptua ezezaguna da oraindik gizartean, eta bere xedea da egiten den guztia pertsona guztien beharrak kontuan hartuta diseinatzea. "Desgaitasunen bat duten pertsonek gainontzekoen eskubide berak dituzte, eta erakundeetatik saiatu behar dute horiei bizimodua errazten", argi adierazi du.

Hala, Orio Denontzat izenburupean, pasa den urtean parte hartze prozesua abiatu zuten Gipuzkoako Kirol Egokituko Federazioak eta Orioko Udalak, herrian desgaitasunaren eta aniztasunaren inguruan zer errealitate dagoen ezagutzeko eta herriko irisgarritasuna nola hobetu daitekeen hausnartzeko. Hamasei laguneko taldea hasi zen biltzen baina, pixkanaka, herritar gehiago batu zaie. Hainbat hitzaldi eta tailer antolatu dituzte gaiaren inguruan, herritarrek beren esperientzia kontuan hartuta, gaiaz hausnartu eta ekarpenak egiteko aukera izan dezaten, eta emaitza, 40 ekintzaz osatutako txostena izan da. Figueroaren iritziz, "eredugarria" izan da Orion egin den parte hartze prozesua. "Ezinbestekoa izan beharko luke irisgarritasun planak diseinatzerako orduan desgaitasunen bat bizi duten herritarrek ere prozesuan parte hartzea. Herritarrei galdetu egin behar zaie, eta iritzia emateko baliabideak eskaini, egunero oztopo horiek gainditu behar dituztenek ezagutzen dutelako beren errealitatea ondoen". 

Helduena ez ezik, haur eta gazteen iritzia eta "gizartea eraldatzeko duten gaitasuna" kontuan hartzea ere garrantzitsua dela uste du kirol egokituko federazioko zuzendariak. Horregatik, irailean sentsibilizazio saioak egin zituzten herriko bi eskoletan, Orio Denontzat egitasmoaren barruan, ikasleei aniztasunaren inguruan begirada zabaltzeko asmoz. "Federazioko talde teknikoa Zaragueta Herri Eskolan eta Orioko Herri Ikastolan izan zen sentsibilizazio jardunaldiak egiten, LH 6. mailako eta DBH 1. mailako gaztetxoekin, eta oso aberasgarria izan zen esperientzia. Astebetez hainbat dinamika landu genituen beraiekin, eta elkarrengandik asko ikasi genuen", aitortu du. 

Urtarrilaren amaieran, berriz, Orio Denontzat egitasmoa borobiltzeko, Kirolaz Haratago argazki erakusketa jarri dute ikusgai Kultur Etxean. Fernando Zamarbide argazkilariak federazioak azken urteetan antolatu dituen txapelketetan eta jardueretan ateratako argazkiak biltzen ditu bildumak, eta "herritarrak gaiarekin sentsibilizatzea" du helburu. Egitasmoari amaiera emateko, berriz, Ibon Oregi kirolariak hitzaldia eskainiko du, otsailaren 8an, 17:30ean hasita, Kultur Etxean.

Prozesu "eredugarria"  

Gipuzkoako Kirol Egokituko Federazioko presidente Blanca Arangurenen ustez, Orioko Udalaren "parte hartzea eta prestutasuna oso garrantzitsuak" izan dira Orio Denontzat proiektua garatzerakoan, eta eskerrak eman dizkio udalari prozesu horretan bidelagun izan delako. "Horrelako prozesu parte hartzaile bat egin dugun lehen aldia izan da. Federazioak 20 urte bete ditu, eta hasieratik gure helburua izan da edozein desgaitasun duten pertsonek kirola egiteko eskubidea bermatua izatea, baina jakin badakigu jendeak ezin badu etxetik atera, ezin badu kalean ibili edo gizarte harremanak normaltasunez garatu, ez dela arduratuko kirola egiteaz". Horregatik, argi dute lehenik eta behin desgaitasuna duten herritarren oinarrizko beharrak asetu behar direla, eta bizimodua errazten dieten espazio publikoak izaten saiatu. "Orioko esperientzia bikaina izan da, eta hemen abiatu dugun prozesua adibidetzat jarriko dugu aurrerantzean; espero dugu beste herri askotan ere zuen eredua jarraitzea".    

Orioko alkatea ere "oso gustura" agertu da esperientziarekin, eta "aberasgarria" izan dela azpimarratu du. "Udalean irisgarritasun planak baditugu, eta agintaldi honetan hainbat esku hartze egin ditugu herria egokitzeko: zebrabideak igo eta ate automatikoak jarri, esaterako. Hala ere, orain arteko plan horiek teknikariek eta politikariek erabakitakoak izan dira, eta herritarren ahotsa falta zen, bereziki, egunero zailtasun horiek gainditu behar dituzten pertsonena". Horregatik erabaki zuen udalak parte hartze prozesua abiatzea federazioarekin elkarlanean, "garrantzitsua iruditzen zaigulako herritarren bizipenetan oinarritutako ekarpena oinarri izatea datozen irisgarritasun planak garatzeko". 

Gainera, egitasmoarekin hiru ildotan eragitea lortu dela nabarmendu du Esnalek: "Batetik, udalean. Parte hartze prozesu horretan egindako ekarpenak jaso ditugu hirigintza batzordean, eta orain exekutatzea izango da hurrengo urratsa. Bestetik, hezkuntzan, buruan dauzkagun barrera horiek askotan ez direlako fisikoak, mentalak baizik. Eta, azkenik, herritarrengan, erakusketara etorriko diren herritarrek kirola beste begirada betetik ikustea herria eraldatzeko modu bat dela uste dugulako".

Gizarte osoarentzat onuragarri

Herritarrak gaiarekin sentsibilizatzea "gizartearen begirada aldatzeko giltza" dela uste du Alicia Figueroak. Izan ere, badaki horrelako egoeraren bat gertutik bizitzea tokatzen ez zaionak ez duela arretarik jartzen xehetasun txikietan, baina, era berean, argi du edonori toka dakiokeela. "Horregatik, jakin behar dugu Orio Denontzat txostenean jasotako ekintzak gizarte osoarentzat onuragarriak direla, ez dibertsitate funtzionala edo desgaitasuna dutenentzat bakarrik. Irisgarritasun unibertsala lortzeko urratsak egiten ditugunean, pertsona guztien bizi kalitatea hobetzen ari gara". Horretarako jasotako neurrien artean, badira batzuk oinarrizkoak, hirigintza arloan edo eraikin publiko edo establezimenduetako irisgarritasuna bermatzen dutenak, eta beste batzuk, berriz, etorkizuneko proiektu konplexuagoak dira. Azken horiek "hirigintzaz harago doazenak dira. Zerbitzuen kudeaketan ere asko dago egiteke, desgaitasuna duten herritarrek gainontzekoen zerbitzu bera jasotzeko eta modu berean artatuak izateko eskubidea dutelako. Hori oraindik ez da betetzen, gizarteak ez baitu ikuspuntu hori garatuta".

Orio Denontzat egitasmoak, esaterako, Antilla hondartzan izan zuen abiapuntua. Izan ere, Orio, orokorrean, herri irisgarria dela uste badu ere, Alicia Figueroa ohartu zen Orioko hondartza ez zela pertsona guztientzat irisgarria, ez zuela irisgarritasun-katea betetzen, eta desgaitasunen bat zuten herritarrek oztopo ugari gainditu behar zituztela hondarretara iristeko. "Hasiera batean, hondartzak izan behar luke irisgarria pertsona guztientzat, baita mugikortasun arazoak dituenarentzat edo gurpildun aulkian, muletekin edo seme-alaba bikien haur-kotxearekin doanarentzat ere". Horretarako, faktore asko hartu behar dira kontuan: gune irisgarria non dagoen, non aparkatu daitekeen, non dauden aldagelak, non dagoen hondarretara jaisteko pasabidea, non aurkitzen den dutxa irisgarria, non kendu daitekeen protesia edo non utzi daitekeen gurpildun aulkia bainatu nahi bada, baita nork laguntzen duen bainua hartzen ere. 

Gipuzkoako Foru Aldundiak eskatuta, Gipuzkoako hondartzen irisgarritasunaren inguruko azterketa egina du Figueroak, eta konturatu zen ez zela Orioko arazoa soilik, Mutrikutik Hondarribiara bitarteko hondartza gehienak ez zeudelako egokituta desgaitasunen bat zuten pertsonen beharretara, eta ez zegoelako hori arautzen zuen plan bat diseinatuta. Horregatik, lanketa egiten hasi ziren ahal den neurrian hondartzak pertsona guztiak iristeko moduan egokitzeko. "Badakigu neurriak ezingo direla hondartza guztietan ezarri, hondartzaren ezaugarriek baldintzatzen dutelako akzio plana, baina saiatuko gara irisgarriagoak bihurtzen. Hori da gure helburua, politiketan eragitea, herritarren bizi kalitatea hobetzeko". 

Orain arte, esaterako,  ez da inor kexatu Antilla hondartzako sorosleen egoitzaren ondoan hondartzara jaisteko dagoen aldapaz. "Oso aldapa pikoa da eta ez du betetzen irisgarritasun legea. Batzuetan gauzak beti horrela izan direlako bere horretan uzten ditugu, baina garrantzitsua da herritarrek horrelako oztoporen bat ikusten badute udaletxean parte ematea". Gisa horretako 40 oztopo identifikatu dituzte Orio Denontzat egitasmoaren barruan, eta orain, udalari dagokio horiek kontuan hartuta irisgarritasun plana garatzea. "Txostenean jasotako neurriak baloratu egin beharko dituzte, eta ahal den neurrian egin, beti ez baita egoten horretarako aukera edo horiek egin ahal izateko nahikoa baliabiderik. Dena dela, borondatea badago, eta hori da garrantzitsuena".

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide