Kolore asko kolore bakarrean

Onintza Lete Arrieta 2023ko ots. 25a, 13:03

Orioko Futbol Taldeko beteranoak. (Arnaitz Rubio)

Otsaileko KARKARAn, Orioko Futbol Taldeko beteranoak izan dira protagonistak. Igandero elkartzen da taldea Mendibeltzen. Aniztasun handiko ekipoa da jatorriari eta adinei dagokionez, eta horrek berak egiten du hain aberats.

Igande goiz euritsua da. 09:00 markatzen ditu erlojuak. Mendibeltz futbol zelaian ez dago partidarik iragarrita, eta harmaila hutsetatik errioko orroak entzuten dira; arraunlariak entrenatzen ari dira. Berdegunean ere bateren batzuk badabiltza, ordea, entrenatzen. Igande goizetako hitzordu horrek lotzen ditu zelaian dabiltzan Xabi, Haim, Iñaki, Dominique, Harkaitz, Abdel, Joseba, Andres eta gainerakoen bizitzak. Juntadizo horregatik ez balitz, kalean elkar agurtu ere ez lukete egingo askok. Jatorri eta ogibide anitzetakoak dira, izan ere, eta horixe da taldearen aberastasun handiena ere, haietako askok azpimarratu dutenez. Anitza da Orioko Beteranoen Taldea, eta urte askoan halaxe izaten jarraitzea nahi lukete. 

Esandako orduan, puntual, iritsi dira guztiak. Tira, den-denak ez. Gazteenak falta dira, senegaldarrak. "Uste dut ez zekitela gaur elkartuko ginenik", esan du bateren batek. Gabonen ondorengo lehenengo saioa dute, eta hortik, deskuidoa.

Zelaira sartzear da Dominique frantziarra. Donostian bizi da, baina igandero izaten da Mendibeltzen. Oriotar batekin ezkondu zen orain bi hamarkada, eta azaldu du horregatik hasi zela pixkanaka gerturatzen Orioko beteranoen taldera. "Oso giro ona egoten da. Kide onak dira, txantxa zaleak, eta gustura etortzen naiz haiekin jokatzera". Abizena esan nahi ezta joan da korrika zelaira. 

Berrogeita bost minutuz, grinatsu baina lasai aritu dira nor baino nor, euripean, sei zazpiren kontra, noizbehinka postuak trukatuta. Gol eta pase ederrak ere izan dira partidan zehar. 

Lehia amaitu eta etxerantz abiatu aurretik, harmailetan atseden pixka bat hartzen egon da Andres Almeida lagunekin. 40 urte bete berri da, eta kontatu du duela hogei urte utzi zuela atzean jaioterria, Ekuador, Euskal Herrira lanera etortzeko. Orain sei urtetik bizi da Orion, eta hiru urte daramatza beteranoen taldean. Futbola zainetan daramala nabari da, eta haren hitzek ere baieztatu dute: "Ekuadorren lehenengo mailan jokatzen nuen, Aucas taldean, atezain". Euskal Herrira etorritakoan futbolean segituko zuela pentsatu zuen, baina egunerokoak beste bide batetik eraman zuen. "Badakizu zer gertatzen den gero: bakarrik etortzen zara, lanean hasten zara, eta...". Horregatik, eskertzen du beteranoen taldean jokatu ahal izatea. "Taldea gara, harreman ona dugu elkarren artean. Oso ondo hartu naute, eta bazkariak ere egiten ditugu". Kanpora jokatzera joan izan direnean ere, asteburu pasa, taldearekin joan da Almeida. Futbolaz harago, Orio bestela ere oso gustukoa du, eta urte batzuk bertan geldituko dela esan du elkarrizketaren amaieran, barre artean.

Harkaitz Agirre Orioko Futbol Taldeko presidentea ere jo eta su ibili da berdegunean. Ez du gogoan noiz sortu zen beteranoen taldea; aurreko zuzendaritzaren garaiko kontua da, antza. Kontatu du, hori bai, klubeko talde nagusiko futbolari ohiek sortu zutela beteranoen taldea, eta aurreneko urteetan ibili zirela torneoetan eta parte hartzen. Gainera, Lleidara (Herrialde Katalanak) eta Oviñanara (Asturias, Espainia) urtero egin izan dute txangoa hango beteranoen kontra jokatzera, eta gaur egungo taldeak jarraitzen du bi irteera horiek egiten. "Hartu-eman oso estua egin dugu haiekin, antzeko taldeak garelako. Guk oso lasai hartzen dugu hau, ez dugulako lesiorik nahi, eta beraiek ere bai. Ondo pasatzea da helburua". Agirrek azaldu du taldean 50 urtetik gorako jokalariak ere badaudela, eta bakarren batek ia 60 egin arte jokatu duela beraiekin. Gazteak ere badituzte taldean, ordea, atea denentzat dagoelako zabalik. "Gure taldea oso anitza da: oriotarrez eta aiarrez gain, hemen bizi diren argentinarrak, kolonbiarrak, marokoarrak, senegaldarrak... daude taldean. Gustuko dute futbola, eta ikusi dute hemen badutela tokia", nabarmendu du. Taldera batu nahi luketen herritarrak animatu ditu igandeko hitzorduren batera agertzera. "Zelaia libre dagoen igande guztietan hantxe izaten gara, 09:00etan". Emakumeren batek beraiekin futbolean aritu nahiko balu ere beldurrik gabe bertaratzeko eskatu du Agirrek. 

Beteranoen taldea irekia da denentzat, eta doakoa. Trukean, ordea, klubari laguntzea eskatzen dute, Agirrek jakinarazi duenez. Futbol eskolako umeek partidak baldin badituzte, esaterako, beteranoak aritzen dira arbitro lanetan. Baita bestelako lanetan ere. 

Partida ostean, harmailetan dago Haim Elghailani oriotarra ere. Txikitan hasi zen Orioko Futbol Taldean jokatzen. 18 urtera arte jarraitu zuen han, eta ordutik ezagutzen ditu taldekide batzuk. Haietako batek animatuta hasi zen beteranoetan parte hartzen. "Etortzeko esaten zidan batek, eta umeak koskortu zirenean, animatu egin nintzen. Lehenago, oriotarrekin Zarauzko plaieroetan ere ibili nintzen. Baina gero ezkondu egin nintzen, aita izan nintzen, eta futbola erabat utzita egon naiz. Beteranoetan hasi arte". 35 urte zituen orduan; 47, orain.

Kirola egiteko, eta taldean duten lagun giroagatik jarraitzen du taldean: "Gorputzak aguantatzen badu, kirol pixka bat egiten duzu igandeko saioetan, eta gainera, giro ona dago gure artean". Ahal duen bitartean jarraitzeko asmoa du. "Norberak neurtzen ditu bere indarrak eta norberak jakiten du zer egin eta zer ez minik ez hartzeko". Puntu garrantzitsua da azken hori taldekoentzat, beraiek ez baitaude federatuta. 

Ezohiko helburuak ere bai 

Taldekide gehienak lehen ere ibiliak dira futbolean, eta gehienek ondo pasatzea dute xede. Bada bestelako helburuekin dabilenik ere, ordea. Xabier Lizaso oriotarra da horietako bat. 2011. urtetik dabil beteranoen taldean, eta berarentzat, igandeko tarteak badu harremana musikarekin –pianojolea da bera–. Azaldu du behin irakurri zuela ikertuta dagoela musikariek, parametro batzuetan, beste erraztasun bat zutela futbolerako. "Harritu egin nintzen, eta erabaki nuen neure gorputzarekin esperimentatzea ea hori egia zen ala ez. Igandero-igandero joaten banaiz, arrazoi horregatik da", aitortu du. "Ikerketa gehiago egin beharko lirateke, noski, baina nik ikusi dut baietz, egia dela zenbait parametrotan aldea dela musikaria izanda. Zeinetan? Bada, azken urte hauetan hain ospetsua bihurtu den erabakiak hartzeko momentu horretan eta zelaiko posizionamenduan, esaterako". Lizasorentzat, "fijatu besterik ez dago Ronaldinho, Neymar eta beste jokalari brasildar batzuetan, horiek oso-oso musikariak direlako eta ez delako kasualitatea hain onak izatea futbolean". Adibide zehatza eman du: "Aurrelari batek erabakia defentsak baino milesima bat lehenago hartzen badu, gola sartuko du, eta musikak ematen dizu hori". Horregatik, Lizasok azaldu du gaur egun talde profesional batzuek musika erabiltzen dutela entrenamenduetan. "Hemen ez, zientzia fikzioa dirudi, baina Alemanian erabiltzen dute, eta oso-oso logikoa da". 

Profesional ohi askoko taldea

Ekuadorko Aucas taldean ibilia da Andres Almeida gorago aipatu denez, baina ez da taldeko profesional ohi bakarra. Abdel El Maimouni marokoarrak, esaterako, Marokoko bigarren mailan Martil futbol klubean jokatzen zuen. Orain, bospasei urte daramatza Orioko beteranoen taldean, eta azaldu du igandero-igandero izaten dela Mendibeltzen. Gustukoa du futbola, eta baita taldean dagoen giroa ere. "Nahasketa handia dago taldean, baina ederki konpontzen gara".

Mikel Zipitria eta Joseba Agirre aiarrak ere jokalari profesionalak izanak dira, eta gaur egun, beteranoen taldeko kide estimatuak dira. "Ikaragarria da haiek taldean izatea", iritzi dio Lizasok. Zipitriak, Lizasok bezala, hamarkada bat badarama beteranoetan. Izatez tolosarra da Zipitria, eta alaben bitartez gerturatu zen Orioko Futbol Taldera, haiek bertan jokatzen hasi zirenean. Nesken delegatu izateko eskatu zioten aurrena eta, pixkanaka, elkar ezagutuz joan ahala, futbol jokalari profesionala izan zela jakin zuten klubean, eta hala eman zioten beteranoen taldearen berri. Gabonen ondorengo aurreneko hitzorduan ezin izan zuen parte hartu, baina bestela, ahal duen igande guztietan Mendibeltzen izaten da. 

Agirre, berriz, azken urteetan gutxitan joan izan da igandeetako hitzordura lan kontuengatik, baina hemendik aurrera sarriago joango dela uste du. Taldekideentzat luxua dela bera noizbehintza haiekin ibiltzea? "Beharbada errespetua izango didate futbol munduan lan egin dudalako beti, baina beste guztiak bezala, pertsona normala naiz ni, eta oso gustura ibiltzen naiz haiekin futbolean", nabarmendu du aiarrak. 45 urte ditu orain, eta 37 urtera arte izan zen jokalari profesionala. Etapa hura amaitu zenean hasi zen Orioko beteranoetan. Zortzi urtetan taldea asko aldatu dela azaldu du, jendea erretiratzen joan delako min hartuta edo adinagatik. Horrez gain, azken urteetan taldea kulturalki anitzagoa dela uste du. "Kanpotar gehiago hasi da etortzen, eta oso aberasgarria dela uste dut: norberak jende gehiago ezagutzen du, eta beraientzat ere herrian integratzeko modu bat da". Horixe azpimarratu du klubeko presidenteak ere. Aiarra gustura da taldean: "Izerdi pixka bat botatzera eta barre pixka bat egitera joaten gara; hori bai, batzuetan serio hartzen dugu kontua, ez zaigu gustatzen eta galtzea! Giro oso ona daukagu, eta pentsatzen dut batzuek hurrengo igandearen zain egongo direla. Izan ere, futbolean ondo pasatzea gustatzen zaigunontzat, gure momentutxoa da hau".

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide