Zaharren Babeslekuko urte osoko egitaraua bermatzeko hitzarmena sinatu zuten atzo goizean elkarteko presidente Txomin Iribarrek eta Orioko alkate Anuska Esnalek. Urtero berritu ohi dute hitzarmena, Udalaren ekarpen ekonomikoa beharrezkoa baitu urte osoko egitaraua aurrera eraman ahal izateko. Elkarteak bazkideen ekarpenekin osatzen du gero bere urteko aurrekontua.
Gaur egun, 930 bazkide inguruko ditu Zaharren Babeslekuak. Elkartearen helburu nagusia adineko pertsonen arteko harremanak indartzea da, elkarri laguntzeko dinamikak sortuz eta jarduera sozial, artistiko eta ludikoak antolatuz: bidaiak, festak, hitzaldiak… Besteak beste, elkarrekiko errespetua, ohitura osasungarriak eta bizikidetza lantzeko programatutako ekintzak izaten dira. Zentzu honetan Udalak azpimarratu du lan handia egiten duela Zaharren Babeslekuak erretirodunen eta pentsionisten arteko harremanak sustatzeko eta haien beharretara egokitutako giroa sortzeko.