"Irakurtzeko ohitura txikiko gizarte batean", haurren eta gazteen artean irakurzaletasuna sustatzeko asmoz egingo ditu lehen urratsak Bitartekarien Irakurle Klubak Orion. "Ezinezkoa da literatura ezagutzen ez duen norbaitek haurrari era egokian laguntzea haren literatur garapenean", azaldu du egitasmoko dinamizatzaile Imanol Mercerok. Horregatik, guraso, irakasle, hezitzaile eta liburuzainei zuzendutako irakurle taldea sortu nahi dute, Orioko Udalaren ekimenez.
Klubak bi helburu nagusi izango ditu; batetik, partaideen literatur prestakuntza handitzea, eta bestetik, euskarazko haur eta gazte literaturaren bibliografia ahalik eta zabalena eskuratzea. Horretarako, "saio atseginak eta edukiz josiak" egiten saiatuko dira. "Saioetan liburuak aurkeztuko ditugu, denon artean. Ongi pasatuko dugu, baina liburuen aurkezpen zorrotz eta inpartzialak egiten ahaleginduko dira partaideak, eta ni euren bidea errazten ahaleginduko naiz". Otsailaren 28an ekingo diote egitasmoari, eta hamabostean behin bilduko dira, astearteetan, 17:30etik aurrera.
Gakoa, inguru irakurzalea
Imanol Mercero Euskal Filologian lizentziaduna da, eta, batez ere, haur literaturako egitasmoak dinamizatzen dihardu. Ondo ezagutzen du haur eta gaztetxoen literatura, eta uste du etxeko txikienak irakurzale bihurtzeko, garrantzitsua dela etxean eta inguruan literaturarekiko zaletasuna sentitzea. "Aisialdiko irakurketa ez da jarduera masibo bat, eta irakurketa zaletasun atsegina izan daitekeela erakusten ahalegindu behar dugu helduok", gomendatu du.
Mercerok uste du irakurketa «anbibalentea» dela, hau da, askotariko sentipenak sortzen eta funtzio desberdinak betetzen dituela: "Alde batetik, irakurketa kultura da, musika, antzerkia eta beste jarduera sozial asko bezala. Gizartean dago ala ez dago". Bestetik, irakurketa komunikazio tresna ere badela azpimarratu du, "maila guztietako jardueretan" baliatzen den bitartekoa, hizketarekin batera. "Zaila egiten zait irudikatzea giza pentsamendua ahoz soilik komunikatuko duen gurea bezalako gizarte bat. Irakurketa bai ala bai behar dugu".
Irakurketaren funtzio teknikotik harago, "norbere barne goseak asetzeko balio duen alderdi ludikoan" sakondu behar dela uste du Mercerok haurrak eta gazteak zaletzeko. "Iruditzen zait ez dugula alde batera utziko fikzioak eskaintzen duen zirrara eta pentsamendu zabalkundea, hain pertsonala eta hain unibertsala dena, aldi berean".