Gregorio Eskuderoren giza eskubideak bete daitezela eskatu dute 31 sinatzailek

Aiora Larrañaga Solaberrieta 2023ko ots. 9a, 15:42

Adierazpenaren sinatzailetako batzuk, asteazkenean, Salatxo aretoan egindako agerraldian. (Aiora Larrañaga Solaberrieta)

Gizarte, kultura eta kirol arloko norbanakoek egin dute adierazpena, eta euskal gatazkak Orion askotariko sufrimendua eragin duela aitortu dute, "minak alderatzeko borondaterik gabe".

Atzo, gizarte zibilieko 31 norbanakok adierazpen publikoa egin zuten Salatxo aretoan, Orion gertatu diren giza eskubideen urraketen aitortza egin, eta horiek balioan jartzeko. Gizarte, kultura eta kirol arloko norbanakoak bildu ziren, eta Bigarren Mundu Gerraren ondoren, 1948an, sortu zen Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsala gogora ekarriz hasi zuten hitzartzea. Izan ere, nabarmendu zuten, "norbanakoaren garapenerako" ez ezik, "komunitatearen elkarbizitzarako eta gizarte eraikuntzarako" ere ardatz garrantzitsua dela.

Adierazpena duela 85 urte onartu bazen ere, "zoritxarrez", Euskal Herrian giza eskubideen urraketa asko gertatu direla azaldu zuten; "hurbilekoak dira denboran zein lekuan. Izan ere, Euskal gatazka deiturikoak sufrimendu ugari utzi du, askotarikoa, eta izen eta abizenak dituzten pertsonek pairatu dute, askotan erremediorik gabe. Bizitzaren eskubidea ere bortizki ukatua ikusi izan dute askok Euskal Herrian, eta Orion ere bai", aitortu dute.

"Minak eta sufrimenduak alderatzeko borondaterik gabe", giza eskubideen urraketa jasan duen eta jasaten ari den kolektiboetako bat "euskal preso politikoena" dela adierazi zuten agerraldian. "Dispertsio politikak euskaldun asko beren zigorra beren etxetik kanpo betetzera behartu ditu, legearen aurka, beste inori aplikatu ez zaion salbuespenezko neurriekin".

21 urte kartzelan

Aitortu zuten azken urteetan euskal presoen egoerak nabarmen egin duela "hobera" ,–bi urtetan 140 preso inguru hurbildu dituzte Euskal Herriko espetxeetara–. Dena dela, hurbilketa prozesu hori, oraindik ez dela bere osotasunean garatu azpimarratu  zuten. "Gaur egun zazpi preso geratzen dira Euskal Herrira hurbildu gabe; tartean, Gregorio Eskudero".

Preso oriotarraren egoera ezagutarazteko asmoz, adierazi zuten Eskudero duela 21 urte kartzelan sartu zutenetik, giza eskubideen urraketak jasan dituela. "Legeak aitortzen dizkion eskubideak behin eta berriz alde batera utzi zaizkio Gregorio Eskuderori. Kartzelaratu zuten lehen egunetik hasita, ia 20 urte bete ditu lehen graduan, etxetik urrun, Galiziako Curtis espetxean urte gehienak, kartzelako bizi baldintzetan hobera egiteko gradu progresiorako inolako aukerarik gabe". Horregatik, adierazpenaren sinatzaileek Gregorio Eskuderoren giza eskubideak bete daitezela eskatu dute; eta aldarrikatu dute, besteak beste, presoa Euskal Herrira ekartzea eta bere gradu progresioaren barruko eguneroko bizi baldintzak hobetzea. Izan ere, erabat sinetsita daude "norbanakoaren duintasunerako eta gizartearen elkarbizitzarako erdigunean jarri behar" direla giza eskubideak.

Honako hauek dira sinatzaileak: Ibai Makazaga, Xabier Sukia, Sara Peña, Ibon Gaztañazpi, Borja Zubizarreta, Usoa Sorazu, Jon Alkain, Nerea Artola, Ane Artola, Haritz Artola, Unai Eizagirre, Gotzon Igoa, Jon Sarasua, Jesus Mari Arriaran, Oihane Alonso, Iñaki Agirre, Joxe Austin Arrieta, Aitzol Arrozpide, Iosu Esnaola, Iker Gurrutxaga, Eneko Dorronsoro, Alberto Agirreazaldegi, Mikel Markez, Iñigo Perona, Xabier Etxeberria, Laida Iturralde, Oiana Blanco, Leire Esnaola, Lore Arruti, Jokin Uranga eta Koro Sarasola

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide