"Sugarretik" sortutako liburua lantzen ari da Julen Alonso musikaria

Andrea Zipitria 2023ko ots. 9a, 11:15

Julen Alonso etenaldiaren aurretik, zuzeneko kontzertu batean.

Julen Alonso musikari oriotarrak, bi disko atera ondoren, liburu bat sortzea erabaki du. Partiturak izango ditu abiapuntu, baina hiru kantu berri entzuteko aukera ere izango da lan berrian.

Emanaldiak alde batera utzita ditu Julen Alonso musikariak (Orio, 1996) iaztik, osasun arazoak tarteko, baina musikaren mundua ez du alde batera utzi. Bi disko argitaratu ondoren, berrikuntzekin iritsiko da urte honetan. Izan ere, Urola Kostako HITZAri jakinarazi dionez, liburu bat lantzen ari da, eta azaroaren amaieran argitaratzeko asmoa du. "Nire betiko ilusioa izan da liburu bat argitaratzea", dio.

Alonsoren ametsa errealitate bihurtuko da, beraz. Sugarretik  izenburua jarriko dio lanari, eta hamalau partiturak osatuko dute liburua. "Jende askok eskatu dizkit nire kantuen partiturak, eta horri erantzuna emateko asmoz osatuko dut lana". Horrez gain, badu orain arte pasatu zaizkion "gauza onak eta txarrak" kontatzeko gogoa; bada, liburuxka bizipen horien guztien isla ere izango da. Partituren aurretik, testu bat sortzea da oriotarraren nahia, eta bertan kontatuko ditu urteetan musikaren munduan gertatu zaizkion kontuak. 

Partiturak, berriz, hiru metodotan aurkeztuko ditu liburuan: musika mintzairan, zenbaki bidez eta QR bitartez. Izan ere, haren arabera, "trikitia jotzen ikasteko metodo ezberdinak daude", eta horiek guztiak hartu nahi izan ditu kontuan. 

Hiru kantu berri

Alderdi profesionalari dagokionez, azken urtea "gogorra" izan dela dio artistak; gaur-gaurkoz, ez da emanaldirik eskaintzen ari, eta bere asmoa da "guztiz sendatzea", agertokietara bueltatu aurretik. Hala, egoera horretan sentitzen duena adierazteko zubi izango da liburua, hitzez ez ezik, kantuen bidez ere kontatuko baititu gertatutakoak. Artista den aldetik, "tristuratik eta amorrutik" hiru kantu idaztera iritsi da: "Ez nuen kanturik ateratzea pentsatzen, baina hala suertatu da, eta horiek liburuan bakarrik izango dira entzungai". Abesti batean, esaterako, toxikotasunari buruz jardungo da; beste batek, osasunaren gaia izango du hizpide, eta azkenak, askatasuna. Hainbat musikarirekin grabatuko ditu kantuak, baina, momentuz, ez du izenik aurreratu. Hori bai, estilo aldetik "eraldatuta" iritsiko da oriotarra. "Amorrutik egindako kantuetan pianoak eta trikitiak ez dute lekurik, eta rock estilora jo dut".

'Sugarretik'

Lau arrazoirengatik izango du lanak Sugarretik izena. "Sugarra behetik gora doan zerbait izaten da, eta liburuan kontatzen ditudan istorioetan kronologia hartu dut oinarri", dio lehen arrazoia aipatzerakoan. Gainera, txikitan hasi zen musikaren munduan, eta liburua osatzerakoan, hortik abiatu dela adierazi du. Era berean, instrumentu bat guztiz menperatzeko, sugarretatik hasi beharra dagoela nabarmendu du, eta azkenik, zera aipatu du: "Aterako ditudan kantuak benetan barrutik sortutakoak dira, barneko haserretik eta sugarretik".

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide