Bihar, igandea, aulki mugikorreko hitzordu garrantzitsuak jokatuko dituzte Orio Arraunketa Elkarteko dozenaka arraunlarik. Batetik, 09:00etan hasita, Hondarribian (Gipuzkoa) Euskadiko Iraupen Txapelketa jokatuko dute hamalau elkartek, eta bertan izango dira oriotarrak. 27 ontzi eta 76 arraunlari apuntatu dituzte hitzordu horretara.
Eguerdi partean, berriz, Portugaleten (Bizkaia) da hitzordua, Portugaleteko XI.Traineru Jaitsiera Bandera jokatuko baitute bertan maila guztietako 50 traineruk, tartean Orioko emakumezkoen traineruak. Guztira emakumezkoen hamabost traineru lehiatuko dira bertan, tartean zarauztarrak eta zumaiarrak. 12:57an dute irteera ordua oriotarrek.