Azken egunetan, iluntzean, Muntoko pasealekutik barrena hondartza aldera oinez edo korrika joan direnek aldaketa antzeman dute. Izan ere, lehen, iluntzen zuenean, ibilbideko hainbat gune nahiko ilun geratzen ziren, eta azken egunetan, berriz, askoz argi gehiago nabari da. Herriko puntu beltzak argiztatzeko hobekuntza lanak egiten ari da Orioko Udala, eta horren baitan jarri du lehen argi multzoa, besteak beste, tirolinako eta hondartzako parkeetan eta skate parkean. Hala ere, jarrita dauden argien orientazioa finkatzea falta dela zehaztu dute, eguraldi txarra dela-eta ezin izan delako lan hori behar den bezala egin. Laster hasiko dira bigarren argi multzoa jartzen.
Argi guztiak jartzen dituztenean, lanen inguruko xehetasun gehiago emango ditu Orioko Udalak.