Asteburuan, Euskadiko Absolutu mailako Pista Estaliko Txapelketa jokatu da Donostiako belodromoan, eta Orioko Atletismo Taldeko kideek zilarrezko bi domina lortu dituzte. Jokin Bellidok, larunbatean, 1.500 metrotan lortu zuen bigarren sailkatzea, eta lasterketa berean, Sunhai Huegunek ere lan bikaina egin zuen. Igandean, berriz, Martin Iriondo gaztea izan zen 3.000 metroko lasterketan, 8:41 denbora eginda, zilarra lortu zuen; lasterketa berean, Xabat Elortzak ere marka ederra lortu zuen, 8:56 denbora markatuz. Horrez gain, Ibai Agirrezabalek emandako maila ere azpimarratu du Orioko Atletismo Taldeak, dominarik lortu ez bazuen ere, 200 eta 400 metrotan marka pertsonalak ezarri baitzituen.
Asteburuan krosa
Datorren asteburuan, Espainiako Kros Txapelketa jokatuko da Ortuellan (Bizkaia), eta bertan parte hartuko dute Orioko Atletismo Taldeko bi kidek Euskal Selekzioarekin: Xabat Elortza Sub 20ean arituko da, eta Ibai Makazaga Senior mailan. Taldeak zorte ona opa die bi atletei eta lan bikaina eginda bueltatzea espero dute.