Zalaparta sortu da azken orduetan Orion, herriko etxeetara eta iturrietara iristen den ura kutsatuta dagoela dioten mezuak zabaldu direlako sare sozialen bidez. Gaiak izan duen zabalkundea ikusita, gaia argitu nahi izan du udalak, eta osasun-zentroetara eta Ur Kontsortziora jo du informazio esker.
Alde batetik, Orioko anbulatorioan eta Zarauzko Osasun Zentroan udalari jakinarazi diote ez dutela inor artatu behar izan kutsatutako ura hartzeagatik. "Ez da kasu bakar bat ere egon", udalak ohar bidez jakinarazi duenez.
Gipuzkoako Ur Kontsorzioak, bestalde, joan zen astean egin zituen errutinazko neurketak, eta "uraren kalitatea betikoa" dela ziurtatu zuen. Gaur bertan beste bizpahiru lekutan hartu dituzte laginak, eta horien emaitzak datorren astean jakingo dira.
Honenbestez, Udalak dituen datuetan oinarrituta, gezurtatu egin du herrian zabaldutako mezua, eta "erantzukizunez jokatzeko" eskatzen die herritarrei.