Orioko San Nikolas Jaietan eta Gabonen bueltan elkartasun ekintzak antolatu zituen Orioko Herri Ikastolak, eta jakinarazi du, guztira, 4.000 euro inguru bildu dituela. "Herriko gazteei baloreak transmititzeko eta herriko eragile aktibo izateko nahiak bultzatuta, Orioko Herri Ikastolatik ahal dugun guztietan antolatzen dugu ekintzaren bat herriko jaietan", azaldu dute. Hala, San Nikolas jaietan, 3x3 Saskibaloi Txapelketa Solidarioa egin zuten, eta 446 euro eskuratu zituzten; bildutako guztia elikagaien bankura bideratu dute.
Gabon Egunean, bestalde, ohiturari jarraituz, DBH 4. mailako ikasleek antolatuta, tonbola egin zuten plazan. "Herrian giro aparta sortzeaz gain, 3.618,52 euroen bildu genituen, eta horren erdia Ruandara bidali da". Gainontzekoa, ikasleek ikasketa bidaia diruz laguntzera bideratuko dute.