Ritxi Lizartzak eta Juan San Miguelek zuzendutako Ainarak dokumentala Orion eskainiko dute, urtarrilaren 22an. XIX. mende amaieran eta XX.aren lehen herenean Pirinioak zeharkatzen zituen emakumezkoen migrazioa du oinarri Ainarak dokumentalak. "Zaraitzu, Erronkari, Anso eta Echo ibarretako milaka emakumek Maulera (Zuberoa) oinez egiten zuten bidaia, espartingintzan lan egiteko. Emakumeak —askotan 12 urtetik beherakoak— familia eta herria atzean utzi eta lanera joaten ziren, diru pixka bat irabazteko. Egunean hamasei orduko lana egiten zuten sarri", azaldu dute sortzaileek. Urriaren 7an abiatzen ziren, Arrosario egunean, eta udaberriko elurrak urtu arte ez ziren itzultzen. Urtaroei lotutako migrazioa delako eta beltzez jantzita joaten zirelako esaten zitzaien ainara migratzaile haiei. Anne Etxegoienen eskutik, ainara gazte haien historia kontatzen du dokumentalak.
Dokumentala eta Anne Etxegoienen kontzertua, urtarrilaren 22rako antolatu ditu Orioko Udalak; 18:30ean hasiko da saioa. Sarrerak 5 euroan eros daitezke online eta kultur etxean.