Orioko kantutegia gogora ekarriz

Aiora Larrañaga Solaberrieta 2023ko urt. 12a, 11:35

Imanol Urkizu 1990eko hamarkadan argitaratu zituzten 'Orio kantari' kasetea eta CDa eskuetan dituela. (Aiora Larrañaga Solaberrieta)

Orio kantari diskoko abestiak MP3 formatuan entzungai jarri dituzte Orioko Udalaren atarian. 1990eko hamarkadan grabatu zuten kantu zaharrak nahiz garai hartakoak biltzen dituen lana.

Ia 30 urte pasatu dira 1995ean Orioko Udaleko Euskara Batzordearen ekimenez, Euskaraz Gazte kanpaina martxan jarri eta Orioko hainbat kantu biltzen dituen Orio kantari diskoa argitaratu zutenetik. Orain, entzungai jarri dute kantu bilduma hori orio.eus udal webgunean, herritarrek entzuteko aukera izan dezaten. Izan ere, jakin badakite etxe askotan CDak irakurtzeko irakurgailuak gero eta urriagoak direla, eta herriko kantu horiek ahaztuta geratu ez daitezen, MP3 formatuan jarri dituzte herritarren eskura.

Imanol Urkizu musikari oriotarra izan zen Orio kantari diskoaren koordinatzailea, eta gogoan ditu 1995ean egindako grabaketak. "Hasiera batean, Euskaraz Gazte kanpainarako abestia sortzea zen asmoa, eta musika egiteko eskatu zidan Jabier Zabaletak [udaleko Euskara teknikaria]; hitzak, berriz, Ibai Esoainek sortu zituen".

Bere aldetik, Urkizuk Resurreccion Maria Azkueren liburuetan Josefa Trekuren berri izan zuen, eta ahanzturan zeuden hark sortutako Orioko abestiak ezagutu zituen. "Niretzat deskubrimentua izan zen. Izan ere, ohartu nintzen Orioko kanta pila bat galdu zirela; nik bat edo beste ezagutzen nituen, baina bazeuden haur kantak, sehaska kantak, kantu zahar tradizionalak Orion abesten ziren bezala idatzitakoak... Altxorra zen niretzat", aitortu du. Hala, Urkizuk Josefa Trekuren inguruan ikerketa lana abiatu zuen. Musikariarentzat garrantzitsua zen Trekuk utzitako ondare hura herritarren artean ezagutaraztea, eta Jabier Zabaleta Euskara teknikariari proposatu zion Euskaraz Gazte abestiarekin batera, ahaztuta zeuden kantu haietako batzuk berreskuratzea, herriko hainbat kultur talderekin elkarlanean diskoa grabatuz. Udalari ideia polita iruditu zitzaion, eta buru-belarri proiektuan murgildu ziren.

Kantu zaharrak eta garaikoak, hots, 1990ekoak bildu zituzten. Urkizuk hartu zuen proiektuaren gidaritza, baita harmonizazio eta produkzio lanak egitearen ardura ere. Hasieran kasetea grabatu zuten, eta pare bat urtera CDa argitaratu zuten.

Transmisioa, etxetik

Gaur egun mota horretako kantu bildumak ezagunak badira ere, 1995ean "proiektu berritzailea" izan zela azpimarratu du Urkizuk. "Esango nuke Euskal Herrian lehen lana izan zela herriko kantu zaharrak herritarren parte hartzearekin bildu zituena. Zenbait musikariren interesa ere piztu zuen proiektuak". Horren ondoren, herri gehiago animatu ziren mota horretako kantu bildumak argitaratzera, eta Urkizuk berak ere parte hartu izan du zenbaitetan. 2018an, esaterako, Orio, Getaria, Pasaia eta Hondarribiko arrantzaleen kantu zaharrak bildu zituen Biga lana koordinatu zuen. Horrez gain, Orioko Curriculuma proiektuaren barruan herriko kantu zaharrak biltzen zituen liburuxka bat ere argitaratu zuten herriko eskoletan landu dezaten.

Hala ere, sentipen gazi-gozoa du Urkizuk. !Lana egina dago, baina sentipena daukat Josefa Trekuren garaian gertatu zen bezala, orain ere kantu zahar horiek galdu egingo direla. Izan ere, askotan eskolen esku uzten dugu kantuen transmisioa, baina gure seme-alabek kantuak ezagutzea nahi badugu, etxean, familia giroan, entzutea eta kantatzea garrantzitsua da, bestela ahaztu egingo baitira", nabarmendu du. 

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide