"Muturreko triatloietan egoeraren arabera moldatu behar da"

Aiora LarraƱaga Solaberrieta 2023ko urt. 10a, 10:09

Joseba Brit Elola oriotarrak Txileko Patagonman muturreko triatloia egin du, eta hamabi orduko lasterketan zehar bizitakoak izan ditu hizpide kirolariak.

Nolatan sortu zitzaizun Patagonman muturreko triatloia egiteko ideia?

Ironman triatloien inguruan irakurtzen ari nintzela izan nuen muturreko triatloien berri, 2020an, eta Google bilatzailean jarri nuen: munduko triatloirik muturrekoena. Orduan azaldu zitzaidan Patagonman. Bideo batean ikusi nuen parte hartzaileek ilunpetan ferri batetik salto egiten zutela ur hotzetara, eta sentitu nuen ez nintzela hori egiteko gai izango; ezin hori sentitzea, ordea, ez zitzaidan batere gustatu. 2021eko edizioan izena eman nuen beste milaka triatletek bezala, baina 250 bakarrik aukeratzen dituzte. 2021n ez nuen lortu parte hartzea, ezta 2022ko lehen txandan ere, baina norbaitek bere tokiari uko egin zion, eta niri egokitu zitzaidan haren tokia.

Muturreko baldintzetan egiten da proba. Nola eragin zizuten lasterketan zehar?

Goizaldeko lauretan, ferrian sartu zain geundela, hotz ederra pasatu genuen, sekulako haizea baitzegoen. Ilunpetan geunden arren, ur izkinako olatuei begira konturatu ginen proba oso serioa zela. Txileko itsas armadak igeriketa proba ia-ia bertan behera utzi zuen baldintzengatik; baina bi kilometro moztea erabaki bezain pronto, haizeak indar pixka bat galdu zuen, eta berehala uretara salto egiteko agindua eman ziguten. Bizikletan, euria, hotza eta haizea izan genituen aurreneko mendia igaro arte. Gero, eguzkia eta tenperatura ederra hurrengora arte, eta haren ondoren, asfaltatu gabeko hiru gune. Batean pintxazoa izan nuen, eta ia erori ere egin nintzen; gero, sekulako zeharkako haize boladak izan genituen. Azken mendi gailurrera iritsi ginenean, berriz, elurra zegoen bide bazterrean, eta gero, jaitsieran, sekulako bihurguneak.

Ironmanetan sarri izaten dira hornidura guneak, baina honetan ez zen horrelakorik. Korrika ari nintzela, ordulariak 42 kilometro egin nituela markatu zizkidanean, oraindik ez nuen helmugarik ikusten, eta boluntario bat ikusi nuenean, esan zidan beste hiru kilometro gelditzen zitzaizkidala bukatzeko. Alegia, 42 kilometro zirela esan arren, 45 kilometro ziren korrika.

Hamabi ordu eta erdi behar izan zenituen proba osatzeko. Denbora tarte horretan gorabeherak biziko edo sentituko zenituen...

Bai horixe. Igerian hasi aurretik ez nuen sentitu bideoa ikusi nueneko ezinik edo beldurrik. Ondo entrenatuta nengoen, eta igerian indartsu eta lasai egiteko moduan izango nintzela banekien. Bizikletan ere oso ondo hasi nintzen, erritmo lasaian izan arren, 25. tokian sailkatuta nindoan, baina pintxazoa izan nuenean, kostatu egin zitzaidan berriz ere erritmoa hartzea. Bizikletako azken igoera luze egin zitzaidan, haize boladen ondorioz tentsio asko nuelako gorputzean eta oso deseroso sentitu nintzen  ordu eta erdiz. Hala ere, zalantzarik gabe, korrikako zatia izan zen gogorrena. Indar betez hasi nintzen mendian gora korrika, baina bi ordu eta erdi pasatu ostean, buruko mina hasi zitzaidan, eta ohartu nintzen ahoa lehor nuela. Izterrak ahultzen joan zitzaizkidan bezala, belauneko tendoiak hasi zitzaizkidan aldapan beherako karga hartzen, eta azkar hasi zitzaidan mina marruka. Horrenbestekoa zen sentitzen nuen mina, neure buruari zera esan niola: «Hementxe bide bazterrean etzango nauk momentu batez». Eskerrak, pentsamendu horri ez nion kasurik egin. Gutxira, bi triatleta ikusi nituen gerriko eta izterreko minez, eta haiei laguntzeko geratu nintzen, nire sufrimenduaz ahazteko ere balioko zuelakoan.

Hainbeste ordu eta gero, helmugara iritsi zinenean, zer sentitu zenuen?

Mugan kanpai bat jotzen da, eta entrenamenduetan askotan imajinatu nuen une hori, lasterketan sentituko nituen emozioetarako prestatzeko. Pentsatu nuen kanpaia jo eta zerura begira irrintzi bat botatzea, kanpaia gogoz jotzea bost bat segundoz, besoak gora nituela marru egitea... Benetako momentua iritsi zenean, ordea, ez nuen horretarako indarrik izan. Lepoa eguzkiak erreta neukan, ezpainak haize hotzarekin zartatuta, eta belaunak aldapa behera txikituta. Kanpaia behin jo, eta nonbait esertzera joan nintzen berehala. Antolatzailea bila etorri zitzaidan domina hartu ez nuelako, eta kexaka hasi nintzaion, mendi maratoiaren distantzia ondo ez jartzeagatik, gogorregia zela esanez. Irribarrez, hidratatzeko edari isotoniko bat hartu behar nuela lehenbailehen esan zidan . Hark bazekien, bai: hamabost minuturako buruko minak joanak zitzaizkidan, eta besarkada bat eman genion elkarri. Gero, jakin nuen edizio guztietako DNF (did not finish edo bukatu gabeko) kopuru handiena izan zela gure edizioan, eta aurreko urteko txapeldunak ez zuela amaitzea lortu. Gau hartan oso gaizki egin nuen lo, belauneko tendoiek min ematen zidatelako. Hotelean, gosaria prestatzen ari nintzela, konturatu nintzen lortu nuela, egin nuela, eta begiak malkoz beteta, orduan bai, besoak zerura altxatu nituen, irribarrez.

Triatloia egiten ari zinen bitartean, zure helburuak edo planak aldatzen joan al ziren?

Aurreko urtean irabazi nuen Islandiako triatloiaren distantzia bikoitza du Patagonmanak, eta distantzia hori egiten nuen lehen aldia zen. Nire helburua, ordea, ez da triatloiak egitea, momentu gogorretan burua lasai mantentzea eta erabaki onak hartzea baizik; muturreko triatloiek hori praktikan jartzeko aukera paregabea eskaintzen dute. Kalkuluak egin nituen proba osatzeko zenbat denbora beharko nuen jakiteko (eta ura eta kaloriak zenbatzeko), baina ez postu edo denbora jakin bat lortzeko; gainera, profesional asko joaten dira Patagonmanera. Ideia batekin joan arren, muturreko triatloietan egoeraren arabera moldatu egin behar izaten da, eta horretan saiatu nintzen. Bizikletako aurreneko aldapan, esaterako, Ignacio izeneko triatleta bati "Vamos Ignacio, dale!" esan, eta gero elkarrekin egin genituen 80 kilometro inguru; abizena Etxaurren zuen, eta kontu ederrak elkarbanatu genituen. Minez bi partaide ikusi nituenean ere, ez nuen dudarik egin gelditu eta laguntzen saiatzeko.

AEBetako Portland hirian bizi zara. Nola prestatzen da kirolaria horrelako baldintza gogorretan aritzeko?

Igerirako, adibidez, 6 gradurainoko uretan egiten nuen igeri, 45 minutuz, Patagoniako tenperaturari aurre egiteko. Udaraz geroztik egun gehienetan dutxa hotzak ere hartu nituen. Bizikletan, aldapa handi asko gainditu behar dira Patagoniako proban, eta hori prestatzeko gora eta behera ibili nintzen aldapa batean, sarritan. Korrikarako toki oso onak daude Portlanden, eta ondo prestatu nuen alderdi hori. Egia esan, saio asko etxean arrabolan eta zintan egin nituen, lanari eta bizitza pertsonalari ere tarte pixka bat egin ahal izateko. Egunero bi edo hiru saio egiten nituen; goiz esnatuz eta goiz ohera sartuz igaro ditut ia sei hilabete. Orain, 07:00etan esnatzea luxua iruditzen zait.

Munduko txoko askotan egin izan dituzu triatloiak. Beste erronkarik ba al duzu?

Egia esan, ez. Nazioarte mailako triatloiak egiteak exotikoa dirudi, baina logistikoki erronka handia da. Kasu honetan, bi egun atzeratu zen hegaldia, eta justu-justu iristea ez zen onena izan. Erronka handi bat bete dut, eta orain beste gauza batzuetan ere kontzentratu nahi dut. Beraz, hemendik aurrera inguruko lasterketak egin nahi nituzke. Hala ere, gezurrik ez dut esango, izena eman dut Kaliforniako mendi ultramaratoi baterako, eta data aldetik ondo egokitzen bazait, Orioko mendi lasterketa egitea ere gustatuko litzaidake. 

 

(Argazkiak: Joseba Britek utzitakoak eta Patagonman)

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide