Egun hauetan Benidormen (Herrialde Katalanak) ari da jokatzen eskubaloiko Espainiako Txapelketa, eta Orio Eragin klubeko hamar jokalari bertan dira lehian. Horietako sei jubenilen Euskadiko Selekzioarekin ari dira, eta finalerako sailkatzea lortu dute. Eider Polo, June Urbitarte, Maialen Orbañanos, June Dorronsoro, Libe Arruabarrena eta June Amilibia dabiltza jubenilekin.
Finalaurrekoa atzo jokatu zuten Valentziaren kontra, eta hori 22-25 menderatuta, finalerako txartela eskuratu zuten. Gaur dute finala, 13:30ean hasita, Nafarroako Selekzioaren kontra.
Orio Eragineko lau kadetek ere parte hartu dute beren mailan: Maialen Ortiz de Guinea, Brittney Coon, Maren Gonzalez de Txabarri eta Intza Beldarrain dira Orioko jokalariak. Horiek gaur goizean, 09:00tan jokatuko dute Espainiako Kopa txapelketaren hirugarren eta laugarren postuak zehazteko partida.