Gau magikoa izan ohi da gaurkoa, eta arratsaldetik herriko haurrak Erregeak ikusteko irrika biziz ziren. 18:00ak pasatxo iritsi dira tren geltokiaren ingurura, eta bertan zain zituzten desfilean parte hartu duten 142 haurrak. Elkarrekin abiatu dute kabalgata, eta umeek gogo biziz jo dituzte panderoa eta danborra ibilbidean zehar. Erregeek geldialdia egin dute udaletxean, eta balkoitik herritarrak agurtu ondoren, kiroldegi aldera abiatu dira, Eusko Gudari eta Arrantzale kaleak zeharkatuta. Kiroldegia goraino beteta zegoen Erregeak iritsi direnerako, eta txalo zaparra artean hartu dituzte oriotarrek.