Kofradia zaharra, orain kartoizko

Aiora LarraƱaga Solaberrieta-Mireia Galarza 2023ko urt. 7a, 10:00

Mari Jose Iparragirre sortzailea, kofradia zaharrarekin. (Aiora LarraƱaga Solaberrieta)

Mari Jose Iparragirre sortzailea Orioko kofradia zaharraren kartoizko erreplika egiten aritu da azken hilabeteetan, haurrek herriaren ikur izan den eraikina ezagutu dezaten. Asteburu honetan bertan ikusteko aukera egongo da, Endaia kaleko lokal bateko erakusleihoan jarriko baitu.

Mari Jose Iparragirre ez da geldirik egotekoa. Orioko Iturbide kalean du bere lokala, eta kanpotik ikusita, ezagutzen ez duenak ezin ditu jakin bertan ezkutatzen diren sekretuak. Umeei eskulan eskolak emateaz gain, Iparragirrek berak ere nahikoa ordu igarotzen ditu lokalean bere sorkuntzak prestatzen. Orain, Orioko kofradia zaharraren kartoizko erreplika bukatzen ari da, eta laster ikusgai jartzeko asmoa ere badu. "Kofradia zaharra 2019an bota zuten, eta orain orube hutsa dago bertan. Ohartu nintzen gaur egungo haurrek ez dutela ezagutuko kofradia, eta horren erreplika egitea bururatu zitzaidan", azaldu du Iparragirrek.

Kofradia eraldatzen joan zen XX. mendeko bigarren hamarkadan eraiki zutenetik, eta hasieran zen bezala irudikatu nahi izan du sortzaile oriotarrak. "Goiko torrea, esaterako, nik ez nuen ezagutu, baina hasiera hartan zen bezala jaso nahi izan dut, eta argazki zaharretan oinarritu naiz". 

Lana egunotan erakutsi nahi die herritarrei Endaia kaleko lokal baten erakusleihoan jarrita; hala, asteburuan zehar ikusgai egongo da.

Xehetasun txikiak


Goitik behera kartoiz eraiki du erreplika, eta barrutik hutsa dagoenez, "arin-arina" dela azaldu du Iparragirrek. Ez zaio xehetasunik falta, gainera, eta eraikinaren bueltan jarri ditu kofradiaren bereizgarri ziren hainbat elementu. "Gazteak ginenean, esaterako, kofradia aurrean jarduten genuen arrantzan; horregatik, arrantzale batzuk jarri ditut moila gainean. Baita kaioak, katuak, kofradian zegoen San Nikolasen irudi txikia, arropa balkoietan zabalduta edota bertan egoten ziren banku luzeetako batean aitona bat egunkaria irakurtzen ere. Gure garaiko itsas giroa azaldu nahi izan dut". 

Gainera, eraikina barrutik argiztatuta dago, eta inguruko argiak itzaldu eta kofradiakoa piztuz gero, "oso efektu polita" egiten duela nabarmendu du Iparragirrek.  

Proiektu berria buruan

Uda ondoren hasi zen sortzaile oriotarra kofradia zaharraren erreplika egiten, eta Gabonetako oporraldia bukatzerako kofradia zaharra amaituta izan nahi du. Horretarako, buru-belarri lanean ari da azken egunetan. "Ni proiekturen batekin hasten naizenean, bukatu arte horretan aritzen naiz", dio oriotarrak.
Bat bukatu eta bestea hasteko prest da Iparragirre, eta hurrengo proiektua pentsatuta dauka: udaletxe zaharra. "Baditut buruan garai bateko Orioren bereizgarri ziren eraikin batzuk, eta horien erreplikak egin nahi ditut, oriotarrek gogoan izan ditzaten". 

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide